Idurre Eskisabel / 2013-01-31 / 159 hitz
Umeei zenbateraino gauzak eman. Horra inguruko gurasoengan sumatzen dudan buruhauste nagusietakoa; badakizue, parkeko egonaldietako hizketagai errepikatu eta agortezin horietako bat. Denok bat gatoz ondorioan: gauza gehiegi dituzte, zer duten ez jakiteraino, eta, noski, ez estimatzeraino. Ados gaude, halaber, errua geure gain hartzerakoan: errazegi ematen dizkiegu gauzak, errazkerian ohitzeraino. Eta txarrena, ez diogula erremediorik ikusten: izan ere, denek baldin badituzte 3 urterekin salto egiterakoan argia egiten duten kirol-oinetakoak, 5 urterekin Monsters High-ekoen motxila gurpilduna, 7rekin Euskal Selekzioaren ekipamendu osoa eta 9 urterekin azken aurrerapenak batzen dituen sakelakoa… denek baldin badute hori guztia… nork esan ezetz? Nola egingo dugu ba besteak ez bezalakoa gurea? Traumarik sortzeko ere! Galanta buruhaustea.
Baina jar gaitezen, adibidez, hileko 1.200 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familien lekuan —Araba, Bizkai eta Gipuzkoan haurren %16 dira egoera horretan—: nekez ibiliko dira 11 urteko umeari tableta edukitzea komeni zaion eztabaidatzen. Beste bat da buruhaustea: oinarrizko premiak asetzea. Gaitz lotsa-emantzaile baten epidemia balitz bezala isilean zabaltzen ari den buruhaustea, inondik ere.