Eskola, kaleari kateatuta

Maite Asensio Lozano / 2013-01-31 / 469 hitz

Euskararen erabilera aztertuta, eta azken hiru hamarkadei begiratuta, ikasleen inguruko egoera soziolinguistikoak eta aisialdi ohiturek eragin handia dutela berretsi dute irakasleek.

Ezin eskola eta kalea bereizi. Ikasgelatik kanpoko bizitzak eragin zuzena du ikasleen hizkuntza ohituretan, eta irakasleek gero eta gehiago «borrokatu» behar dute haur eta gazteak euskaraz mintza daitezen. Oro har, bat datoz Arrue ikerketarekin, baina tokiko egoeraren araberako ñabardurak egin dituzte, azken hiru hamarkadetako bidea aztertuta.

ARANTZA ZUGAZAGASTI Santo Tomas Lizeoko irakasle ohia (Donostia): «Haurrak euskara erabiltzen trebatu behar ditugu»

D eredua orokortu eta nagusitzeak eman die erronka irakasleei: erdaldunak euskalduntzea. «Lehen euskaldunen umeak etortzen ziren; orain denenak datoz», esan du Donostiako Santo Tomas Lizeoko irakasle ohi Arantza Zugazagastik. Bezeroen bilakaerak metodologia aldaketa ekarri duela erantsi du, praktikarantz: «Orain arte haurrak entzule izan dira, baina euskara erabiltzen trebatu behar ditugu, bestela beste hizkuntza batera joko dutelako».

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek euskara gehiago erabiltzen dutela ere berretsi du: «Txikiengan inguruak oraindik ez du eragin handirik». Hortik aurrera, beste kontu bat da: «Kanpoko aldagaiak ez daude gure alde. Eskolak esfortzu izugarria egin du; gizarteak ere egin behar du».

MARIBEL MENTXAKA Eleizalde ikastolako irakaslea (Bermeo): «Lehen argi zuten ikastolan euskaraz hitz egin behar zela»

Atzera egin izandako irudipena du Maribel Mentxakak. Bermeoko (Bizkaia) Eleizalde ikastolan egindako 32 urteetan ikusi du ikasleen sendiak aldatu diren neurrian jaitsi dela euskararen erabilera. Han ere irakasleek lana moldatu dute: lehen, zeregin nagusia idatzizkoan trebatzea zen, ahozkoa bermatuta zegoelako; orain, ezagutza gramatikala bainoago, erabilera lehenesten dute.

Gero eta hutsune handiagoa ikusten baitu ahozkotasunean. «Lehen nahiko bereizita zegoen eskola: ikasleek argi zuten hemen euskaraz hitz egin behar zutela». Baina gero eta leku gehiago du gaztelaniak. Kultura kontsumoa ezinbesteko du Mentxakak: «Aisiak gaztelaniara eramaten ditu. Euskara beti dago bigarren lekuan, eta norberak aukeratu egin behar du. Horrek eragina du hizkuntzaren erabilgarritasunean».

JOSEAN BUENO Koldo Mitxelena Institutuko irakaslea (Gasteiz)

«Ikasle askorentzat eskola da erreferente nagusia»

Eskola «zaindu» behar dela dio Josean Buenok. Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuko irakaslea da, eta euskararen normalizazio arduraduna. Gizartea eta eskola eskutik doazela erantsi du, elkar elikatzen dutelako: «Ikasle askorentzat eskola da erreferente nagusia, bere inguruan euskarak leku gutxi edo batere ez duelako».

Dena den, ikerketaren emaitzak «erlatibizatzea» hobetsi du: «Ume eta gazteekin lan egitea, batez ere, ereitea da; gutxitan jasotzen da uzta. Hizkuntzan ere hala dela uste dut: eskola ez da lekurik onena bere fruituak ezagutzeko».

PELLO EGUREN Amaiur Ikastolako zuzendaria (Iruñea): «Gazteek euskara uzten dute, baina berreskuratzen dute»

Nafarroan ere erabilerak kezkatzen ditu irakasleak. «Esparru akademikoan ez dago arazorik. Erronka dago eguneroko erabilera ez-formalean: pasabidean, jantokian, jolastokian…», azaldu du Pello Egurenek. Iruñeko Amaiur ikastolako zuzendaria da, eta NIZE zuzendarien elkarteko kidea. Gurasoen %90 erdaldunak izateak eragina duela esan du, baina adinaz aritu da DBHko joeraz aztertzean: «Euskaraz hitz egitera behartzen ditugula ikusten dute, eta nerabezaroko iraultzan obligazioetatik ihes egiten dute. Euskara uzten dute, baina gero berreskuratzen dute, hezkuntza sistematik ateratzen ez direnak».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.