Iñaki Segurola, idazlea: «Auzitan jartzean dago niretzat zer esana

Igor Susaeta / 2013-02-23 / 1.115 hitz

Gogoeta laburrekin eta hizkuntza modu harrigarrian erabilita, «protesta moduan» ondu du ‘Arrazoia ez dago edukitzerik’. Inor ez da salbu, bere burua ere ez, estalitako zikina agertzerakoan.

Peronea «modurik tontoenean» hautsi zuen etxean zegoela, eta hanketako batean oinetik belaunerainoko igeltsua dauka Iñaki Segurolak (Azpeitia, 1962). Mugitzeko gaitasuna mugatu dio horrek, eta, hortaz, haren etxean izan da solasaldia. Nahiz eta sofan jarrita dagoela mintzatu den, hitzak haiekin dantzan arituko balitz bezala ahoratzen ditu. Batzuetan suabe, besteetan basaki. Filologoa izaki, Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa lantzen dabil.

«Nork bere arrazoiak asmatzea, edukitzea…: horra neurosiaren sehaska». Hori diozu gogoetako batean. Arrazoia —«ibilian beharko lukeen hori»— harrapatuz gero, okerra hasten dela pentsatzen duzu, hondamendia eta eromena datozela.

Bai… Norbaitek esan zidan: «Nire bakardadean ikusi ditut egia handiak, arrazoi ederrak, baina gezurrezkoak ziren». Nor bere baitan gatzaturik-edo gelditzen den arrazoi hori uste dut dela gaitz askoren iturria. Liburuko beste gogoeta batean, esaten dut arrazoiak eguzkia bezala izan beharko lukeela; eguzkia ez dela hartu behar, baizik eta utzi egin behar zaiola tartean-tartean jo gaitzan. Orduan, horri heldu, eutsi; beharrak, hori gatzatu beharrak, horrek sortzen ditu gaitz asko. Neurosia, eromena… Ideia finkoak, gatzatuak, arrazoiketa sano batekin zerikusirik ez dutenak… Bai, Arrazoia ez dago edukitzerik egin dut protesta moduan bezala; «ez dago eskubiderik» esaten denean bezala. Gertatzen dena da gutako bakoitza bizi garela —Nineu deitzen dudan pertsonaia hori— arrazoia eduki nahian.

Lasaiago bizi gara arrazoia edukita.

Bai, lasaiago bizi gara arrazoia edukita. Eta hizketa, edo jardun edo berriketa gehienak horren atzetik doaz; bai tabernako jarduna, bai jardun akademikoa… Bai, batetik esango dugu arrazoia ez dela eduki behar; baina bestetik, gure zuringoari, ume alu horri gustatzen zaio aitortzea baietz, arrazoia duela.

Arrazionaltasuna arrazoia edukitzearekin kontrajarrita al dago?

Nik ez ditut biak etsai gisa ere ikusten. Norberak beti arrazoiaren jabe agertu behar gabe ere, uste dut arrazionaltasun bat posible dela. Zer den arrazionaltasuna eta zer ez… Buf…

Eta arrazoia eduki gabe zoriontsu bizitzea posible al da?

[Barreak]. Liburuan esaten dut zoriontsu izateko arrazoia eduki beharra dagoela, baina bizitzeko ez. Zoriontsu hitza… Ez dakit, eta askotan esaten dut, horrekin arazoak ditudalako: hitza zenbat eta gatzatuagoa, substantiboagoa, jakinagoa, orduan eta duda gehiago sortzen dizkit, baldin eta hitzari bueltak ematen hasten banaiz. Izan ere, egunero funtzionatzen dugu gauzak bagenekizki bezala. Baina gero, galdetuz gero, Socratesek galdetzen omen zuen bezala: «Zer da ez dakit zer?». Badakigu, baina galdetuz gero, ez dakigu…

«Estalitako zikina agertzeko egarriz» osatu duzu liburua. Zergatik? Zertarako?

[Barreak]. Ea: nondik nora, zergatik, zertarako, gustatzen ez zaizkidan gauzak ateratzeko edo kritikatzeko eta negatibismorako-edo joera hori? Ba, gauza onak hobe delako bakean uztea. Guri, edo nire moduko bati, edo gure modukoei, ez dakit nola esan, dagokiguna da, hain zuzen, hori: gauza txarrak edo gustatzen ez zaizkigunak astintzea edo auzitan jartzea edo… Egunen batean egingo dut, igual zahartu eta gero, gauza onei buruzko liburu bat. Baina oraindik ez dut ikasi gauza onei buruz eta gustatzen zaizkidan gauzei buruz hitz egiten. Jabetzen naiz askotan igual egin beharko nukeela saio bat, beti zakarra, zikina edo zornea atera beharrean, gauza onei buruz hitz egitekoa.

Eta gogorik ba al duzu?

Bai. Uste dut baietz.

Handia izango litzateke aldaketa…

Bai, dezentekoa.

Izan ere, liburuan ezker eta eskuin banatzen duzu egurra. Terapeutak, intelektualak, normaltasuna, naturaltasuna, artista apurtzaileak, jakintasuna, edo zerbait direla esaten dutenak, beste kontzeptu batzuen artean. Inor ez da libratzen. Zeure burua ere ez.

Ez, ez, neure burua ere ez, eta uste dut horretan aurrerapentxo bat egin dudala neure burua ere tartean sartuz, nik Nineu deitzen dudan pertsonaia horrekin.

Zer esankizuna, zer esana, non dago niretzat? Ba, auzitan jartzean, bestelako hizkuntza modu positibo hori edo ez dudalako menderatzen, edo ez zaidalako oraingoz gogorik sortu. Edozein gauza hartuta ere, beti dago alderdi zikin bat, beti daukazu estalitako zikin hori ateratzea. Horretan espezializatu naiz, zoritxarrez gehiegi, beharbada.

Zoritxarrez?

Beno, zoritxarrez ez, gehiegi.

Baina egurra banatzen ibilita ere, liburuak badauka umorea…

Bai, jendeak erabat esaten dit hori. Bai, igual ez dira elkarren kontrakoak, ezta? Zikina atera daiteke, eta umorearekin… Bai… Ez dakit, umorearen kontu hori misterio bat da, e? Igual, jakinaren azpitik edo, pixkat kontrakotasun hori gozatzeko edo, urardotzeko edo, nahi gabe ateratzen zait umore puntu bat, esanez bezala: «Honetan ari nauk, baina…».

Esaten duzuna erlatibizatuz?

Bai, bai. Hau da, dena ez dela nik esaten dudan bezala. Lits batzuk utziko ditugu, ez dakit…

Hizkuntza modu harrigarrian darabilzu, harekin jolas egiteraino. «Koipe gutxiko hizketa» proposatzen duzu.

Esango nuke, gehienbat, hizkuntzaren aldetik saio bat egin dudala gauzak motzean esateko. Esplikazio luzeegirik gabekoak dira, oro har, gogoetak. Badaude pieza batzuk, halere, nahiko morokiltsuak-edo direnak.

Eta zein da zure lan egiteko modua?

Beti esaten dut gauzak, burutazioak etorri egiten zaizkidala. Etorria esaten da. Datozen hitz, burutazio, arrazoi edo modu edo dena delako horiek apuntatu egiten ditut ; eta gero apuntatuko horiek nire irakurtzeko modura estilizatzen ditut. Ez daukat metodorik, baina beti, badaezpada ere, koaderno bat eramaten dut poltsikoan edo nonbait.

Aipatutako beste ideietako bat da Ez izatea-k zailtasunak dakartzala.

Zerk bultzatzen zaitu zerbait izatera… Ea, zu ez zara. Zu zara edo filologoa, edo punka —beno, gaur egunean ez… eskema zaharrarekin funtzionatzen dut—, edo abertzalea, edo militantea, edo patineteroa, edo sare sozialetan izugarri aditua, edo mila erlijio eta terapia klasetan… Ez dut esaten horiek denak gaizki daudenik. Momentu batean esaten dut sektak ez direla txarrak, baizik eta sekta bakar batekoa izatea dela txarra. Ni sekula ez naiz oso ondo ezkondu zerbait jakina izan behar horrekin, sekta bakar batekoa izatearekin. Uste dut hobe dela dozena erdi bat sektatakoa izatea, gutxi gorabehera; gutxi gorabehera, eta ez erabat.

Itogarria izan daiteke bakar batekoa izatea, ala?

Bakar batekoa izatea, bai. Zu baldin bazara ez dakit zer eta kito, eta oso garbi baldin badaukazu hori zarela eta abar, ba, zurekin igual ez dago lasai hitz egiterik…

Aurretik kaleratu zenituen bi liburuen —Gaur ez du hiltzeko eguraldirik egingo (Alberdania, 2005), eta Nere gorringotik (Alberdania, 2008)— segida da azkenekoa. Orduan heterodoxotzat edota probokatzailetzat hartu zintuen kritikak. Bat egiten duzu uste horiekin?

Ea… Ez, ez, ez dut bat egiten; beno, bai eta ez. Zer da heterodoxoa? Beno, nik etimologiara jotzen dut… Heterodoxo izatea zera da: ofiziala ez den doktrina bat erakusten duena. Nik, nire ustez, ez dut doktrinarik erakusten. Baina gaur egunean heterodoxoa deitzen zaio artaldetik kanpo dagoenari. Arraroa denari, klasifikatzerik ez dagoenari… Heterodoxo, probokatzaile… Pixka bat nazkatuta nago… Igual egia da kulpa pixka bat edo puska bat badaudakala nik, eta igual gehiegitxo landu dudala kontrako joera hori. Zergatik? Ba, joder, euskarazko gauzetan komunio bat ikusi eta sentitu izan dudalako beti. Oro har, jendeak komunitate kontzeptu gisa hartzen du euskara. Denok jatorrak, denok txintxoak, «denok bat gara»… Eta noski, nola arituko gara elkarren kontra? Ezin dugu! Zer egiten dugu? Elkarri arrazoia eman. Orduan bihurtzen da interesik gabe zerbait. Hori beste heriotza modu bat da. Gero, gutxi gara, denok elkar ezagutzen dugu, denok bizi behar dugu…

Bertsio luzea irakurtzeko, jo helbide honetara: http://www.berria.info/blogak/kulturak/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.