Eider Carton / 2013-02-21 / 480 hitz
Gaixotasunetan parte hartzen duten faktoreez arduratzen den medikuntza eta higienearen atal gisa definitzen du Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoak epidemiologia, eta, definizioa osatzen du, esanez gaixotasunak prebenitzeko beharrezko diren bitartekoak martxan jartzeaz arduratzen dela.
Populazio jakinetako aldagai biologiko, anbiental, sozial, ekonomiko eta abarrei jarraipena egiten diete epidemiologoek, eta aztertzen dute aldagaiek zer erlazio izan dezaketen populazio horien osasun-egoerarekin, eta gaixotasunen agerpenarekin eta garapenarekin.
Korrelazioak bilatzen dituzte, estatistikan, bi aldagairen arteko mendekotasun edo erlazioa, dio Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoak; eta oharra gehitzen du, harridura marka bat ondoan: korrelazioak ez du kausalitaterik adierazten.
Epidemiologiaren urrezko arautzat har daiteke hiztegiaren oharra. Bi aldagai edozeinen artean erlazio estatistikoa aurkitzeak ez du esan nahi lehena azkenaren kausa denik. Ez da arau bakarra; arau eta irizpide tekniko gehiago erabiltzen dituzte epidemiologoek aldagaien analisia egiteko estatistika baliatzen dutenean, bai baitakite tresna ahaltsua bezain engainagarria izan daitekeela estatistika. Zer esanik ez epidemiologo trebatu ez garen guztiontzat. Hortaz, gogoan hartu, korrelazio estatistikoak ez du zertan adierazi kausalitate errealik.
Beste kontu bat da kausalitaterako bidea korrelazioarekin hastea. Adibidez, denborarekin ikur bihurtu den azterketa epidemiologiko batek eman zuen aditzera 1950eko hamarkadan tabakoaren eta biriketako minbiziaren arteko korrelazio ondoren baieztatua. Baina ez da hala gertatu menopausia-ondoko ordezko hormona-terapiaren azterketarekin. Terapia asko hedatu zen garai batean, itxuraz bihotzekoen aurkako babesa ematen zielako emakumeei, eta, gerora ikusi zen —2006an argitaratutako beste saiakuntza-mota batzuen bidez— ez zela hala. Bihotzekoen aurka babestu ez, eta minbizi mota batzuk izateko arriskua handitzen zuen, gainera.
Korrelazioa izan bai baina kausalitatea zalantzazkoa duten beste bi aldagai pilula antisorgailuak eta sexu-iraultza dira. Askotan jo izan da pilula antisorgailua AEBetan 1960ko hamarkadan gertatu zen sexu-iraultzaren eragile nagusitzat. Emory Unibertsitateko Andrew Francis ekonomialariak, ordea, beste kausa bat aurkitu du: penizilina.
1943an aurkitu zen penizilina eraginkorra zela sifiliaren kontra, eta Bigarren Mundu Gerrako eskakizunek bultzatuta, sifilia deuseztatzeko ahalegin indartsua egin zuten AEBetako osasun-publikoetako zerbitzuek, militarren artean lehenengo, eta populazio osoaren artean ondoren. Emaitza ikusgarria izan zen: goia jo zuen urtean (1939) 20.000 pertsona hil zituen sifiliak AEBetan. 1947tik 1959ra, % 95 murriztu zen gaitzaren intzidentzia, eta % 75 sifiliak hildakoak. Francisek egindako analisiaren arabera, 1950eko hamarkadaren amaieran penizilina hedatzeak sifilia kontrolpean izatea ekarri zuen, eta, gaitzari beldurra galduta, sexu-jokabideak aldatu egin ziren.
Sexu-jokabideak neurtzeko hiru parametrorekin gurutzatu ditu sifiliaren beherakadarenak: sasiko haurren jaiotzak, nerabeen erditzeak eta gonorrearen intzidentzia (sexu bidez erraz kutsatzen den gaixotasun bat). AEBetako Gaitzen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroaren (CDC) 1937 eta 1975era arteko datuak erabili ditu horretarako, eta korrelazio garbia aurkitu du sifiliak behea jo zuen unearen (1957) eta beste hiru aldagaiak oso nabarmen gora egiten hasi ziren unearen artean. Nabarmen garbiagoa sexu-jokabide aldaketak beste edozein aldagairekin duena baino.
Analisiak beste hipotesiak baztertzeko adina ziurtasun ez duela aitortu arren, Francisek kausa garbia ikusten du korrelazioaren atzean. Horrez gain, antzekotasunak ikusten ditu orduan sifiliarekin gertatu zenaren eta egun hiesarekin gertatzen ari litekeenaren artean Mendebaldeko gizarteetan: antirretrobiralen hedapenari esker hiesari beldurra galdu izana, sexu-harreman arriskutsuak izateko joera handitzen ari baita.