Imanol Mercero / 2013-02-17 / 416 hitz
- Izenburua: Urruneko motorrak mila zaldi
- Idazlea: Joan Mari Irigoien
- Ilustratzailea: Antton Olariaga
- Argitaletxea: Elkar
Joan Mari Irigoienek bi liburukitan banatutako haur eta gazteentzako poesia bilduma argitaratu berri du Hitzaren gurpila izenarekin. Aurkezpenean emandako azalpenen arabera, bildumako bi liburuak bilobak gogoan idatzi ditu, euren omenez eta euren etorkizun bateko irakurketa izan daitezen.
Bildumako lehen ale hau batik bat pieza laburrez osatuta dago, salbu lau orrialdeko luzera duen ipuin bat eta orrialde pare bateko dozena-erdi poema. Hurrenkera ez da gardena, atal edo banaketarako sistemarik ez dago, ezta aurkibiderik ere. Testuak elkarren segidan daudenez eta datorrena zertaz eta zein tonutan ariko den jakin ezin denez, irakurleak sedukziorako irekita egon behar du, idazleak proposatutakoa onartzeko prest.
Zeren liburu hau ezer baldin bada, sedukzioaren, probokazioaren eta jolasaren bidez zabaldutako mezu bilduma baita.
Poemak lau multzotan bana daitezke, gaiaren arabera: hizkuntza jolasak, probokazioa, bizitzaren aurreko ohartarazpenak, salaketa sozialak. Bistan da lehen bi gaiak «arinak» direla eta beste biak arau-igorleak, etikaz dihardutenak.
Hizkuntza jolasak oso sofistikatuak dira eta maila goreneko bilduma osatzen dute: «Hitza bere gurpilean/ jira eta bira:/ batean izan daiteke harri-jasa,/ bestean solasa,/ jolasa…», erritmoan eta kakofonian: «Koko hori kolokan zagok,/ eta kontuz:/ Koko hori, izan ere, ez duk kukua: (…)»; bai eta fantasian ere: «Dena gerta daiteke/ ametsen/ denborarik gabeko/ denboran: (…)».
Probokazioa bilatzen dutenak ez dira motz geratzen. Eskatologikoak: «(…) Andres Baldres baitut ikusten nik:/ atera du gordelekutik pitilina, (…)»; «Galtzak jaitsi ditu/ kakontzi urduriak:/ ingurua hartu du/ euli-euriak…». Erokeriak: «Do-re-mi:/ burutik nago ni!» Era guztietakoak: «(…) Eta orain, Jordi/ hordi hadi;/ hordi hadi herori ere,/ Eduardo/ eta sartuko dizkizuet ipurtzuloan/ bi petardo…».
Bizitzaren aurreko ohartarazpenak: kotxeak: «Bide batean bi kotxe (…) joan dira mendian behera iraulka (…); tabakoa: «(…) marlboro ez bada, chester;/ hilko haiz laster»; norbere buruaz: «(…) Bizitzari, ordea,/ beti egin behar zaio aurre/ nork bere kemenaren astoari arre!» Eta askoz gehiago: elikadura, zarata, ikasketak, alkohola…
Salaketak ere amaigabeak dira. Polizia eta gazteak: «(…) Gidari gaztea ongi zihoan, (…) horregatik geldiarazi baitute mutila:/ tximaluze bat delako (…)»; aberastasunaren banaketa: «(…) ni miserian bizi naiz,/ eta zuk daukazun erdia/ niri eman behar…»; biolentzia matxista: «Gizonak/ sarritan,/ gizon izateko,/ emakumearen gainetik dagoela erakutsi behar (…)». Eta beste asko.
Etengabeak kultur eta gizarte mailako erreferenteak, asko garai batekoak (Van Poppel, J. M. Peman, I. Bergman,…) edota kultura maila jasokoak (Antigona, Goya, Bach,…) eta ibilgailuen presentziaz zer esan, liburuaren izenburuan hasten dira-eta.
Hainbesteko erreferente eta esan-behar dituen obra izanik ia nahitaezkoa da heldu batek kudeatzea haurren irakurketa.
Baina guztiaren gainetik, hori bai, goza ezazue hizkuntzaren maisu honekin, merezi du eta.