Iratxe Esnaola / 2013-02-10 / 437 hitz
- Izenburua: Zorion handiegia
- Egilea: Alice Munro
- Itzultzaileak: Nagore Tolosa, Naroa Zubillaga, Aiora Jaka, Itziar Otegi
- Argitaletxea: Meettok
Ipuingile famatua eta makina bat sari prestigiodun jasoa. Narratzaile joria, emankorra. Hamalau hizkuntzatara itzulia. Alice Munro idazle arrakastatsuaz ari naiz, 1931n Kanadako Ontarion jaiotako egileaz, euskarara ekarri baitigu Mettokek, 2009ko ipuin bilduma hauxe hautatuz. Idazlea estudiatu dutenek esana da umetako oroitzapenak, harreman pertsonalak eta egunerokoa tratatu ohi dituela bere narrazioetan Munrok. Hamar ipuin luzeotan hirugarren pertsona narratzailea eta lehenengoa tartekatzen dira, eta tonua, orobat, lehorra eta laua da. Tonu horixe behar du egileak, normaltasun itxura hori, landatzen dituen dispositibo eztanda arazleak zartatzean kontrasta dezaten. Minatxoak landatzen ditu, efektu kordokarazlea izan guran. Istripuzko gertakizuna, esate batera, edo halabeharrezko ustekabea, ezohikotasun handiren bat. Atsegin du Munrok espero gabeko gauzak egiten amaitzea pertsonaiek, zertarako, eta barruko jaidura ezezagunek zeinen sakon eragiten diguten iradokitzeko. Pertsonaien artean emakumeak dira nagusi, nahiz gizonen inguruan eraiki egunerokoa, eta senar-emazteak edo bikoteak izan trama gehienen bazka, baita berauen seme-alabak eta haiekiko gertaerak ere. Narratzailea bertute baten jabe da. Pertsonaienganako faboritismo trazarik ez du. Amatasunaren kasuan, adibide baterako, ageri dira askatasun gogoz umea utzi eta ospa egin duten amak, eta beste muturrean, haurrez arduratzeagatik enpleguari uko egin eta berentzako astirik ez duten amak. Bat ez dago bestearen gainetik, ez dakigu egileak zer hobesten duen. Emakume kategoriekin bezala. Agertzen dira klase arteko gatazkak, emakume arteko lehiakortasuna, baina baita elkartasuna ere. Egoera sortzaile aparta da Munro, narratzaile trebea, deskribatzaile fina, eta izaera arbitrario hori dohaintzat jo badut ere, egia da, halaber, hainbat kasutan pertsonaia zer motibaziok mugitzen duen asmatu ezinik geratu naizela. Beharbada, aparteegi eta urrunegi joan da narratzailea distantzia jartzean? Penatu nau ipuin hainbati esanahi zehaztuagoa ezin harrapatu ahal izanak.
Idazketari dagokionez oso berea du iraganaren eta orainaren plano nahasketa, ia beti, orainaldi batetik iragan denbora diferenteetara jauzi eginez. Askotan, klik batek pizten du iraganerako zubia. Bestetan, iraganak utzitako orbain baten zauria da oraina. Azkenean, ez dago argi iraganak oraina argitzeko edo orainak iragana argitzeko balio duen, baina harremanean daude, ziur. Kanadako hiri eta paisaiez gain, beste presentzia literaturarena da. Eleberriak, poemak, letra fakultateak pertsonaien bidaide dira modu anitzetan. Bildumari izenburua ematen dion Zorion handiegia ipuina da, beharbada, errutina hausten duen kontakizuna. Sofia Kovalevski matematikarian oinarritua, XIX. mendeko arau sozialak ekidinez bizitza intelektual zein harreman askeagoak eramaten saiatu zen figuraren biziaren azken urteak fikzionatu eta kontatzen dizkigu, esker oneko eskaintza eta miresmen ere baden ipuinean. Esfortzurik gabe jalgitzen zaiola dirudien prosaz orriak edertzen eta betetzen ditu Munrok, narratzeak dakarkion plazera agerian utziz. Esperientzia hori bizi izan dute seguruenera ere Nagore Tolosa, Naroa Zubillaga, Aiora Jaka eta Itziar Otegi itzultzaileek zortzi eskutara egindako itzulpen honetan, eta sentituko du irakurleak, aski ziur.