Jonebati Zabala / 2013-02-21 / 407 hitz
Eider Rodriguez eta Andoni Egaña aritu dira hizlari ‘Obabakoak’-en 25. urteurrenari buruz Bilbo Zaharra forumak antolaturiko zikloan. Plagioa eta originaltasunaren arteko muga edo mugarik eza izan dute hizpide.
Probokazioa? Broma bat? Orain dela 25 urte, Bernardo Atxagak euskararen eta euskal literaturaren salbazioa plagioaren eskuetan jarri zuen Obabakoak lana idaztean, ez umorerik gabe bistan denez. Plagioaren apologia sekulako astindua izango zen irakurleentzat orduan. Liburuaren 25. urteurrenaren karietara, hitzaldi zikloa antolatu du Bilbo Zaharra forumak. Asteartean, Eider Rodriguez idazlea eta Andoni Egaña bertsolaria izan ziren hizlari, Plagioa vs originaltasuna goiburupean.
Plagiatua izateko gogoa plagiatua izateko beldurrarekin nahastu ohi dela uste du Eider Rodriguezek. Izan ere, maitatua, aintzat hartua eta desiratua izatearen «ordain aldrebesa» da plagiatua izatea, idazlearen hitzetan.
Baina zelan da posible testu bera ezberdina izatea komarik aldatu gabe? Testu berberak forma eta ulerkera ezberdinak har ditzake, Rodriguezen arabera. «Generoa eta lekua aldatzeak ez ezik, hizkuntza aldatzeak ere guztiz hankaz gora jar dezake testua». Hori azaltzeko, Du Fu poeta txinatarrakVII. mendean Tang dinastiaren inguruko gudei buruz idatziriko poema bat jarri zuen adibide gisa. 1983an, Joseba Sarrionandiak poema hori euskaratu egin zuen. «Euskaratuta eta Sarrionandiaren ahotan jarrita, poema guztiz desitxuratu zen. Berdin du poeta txinatarrak idatzi izana, eta Tang dinastiari buruzkoa izatea, guk ETAko militante baten ahotsa entzuten dugu, borroka armatuaren inguruko kode moral propioa irakurtzen».
Rodriguezen esanetan, plagioaren kontu honetan hitzen jabetza da auzitan dagoena, edo hitzen arteko konbinazioen jabetza. «Baina egungo literaturan, zer da originala? Nork ez du adulterioarekin amets egiten?», galdetu zuen idazleak. «Atxagak bekatua egitera gonbidatu gintuen euskaldun estu eta zurrunok, eta kosta egingo zitzaigula uste zuenez, Axularren babesarekin egin zuen. Nolanahi ere, ederra izan da 25 urteko penitentzia».
Jolasa edo benetakoa?
Andoni Egañak ez daki Atxagak zergatik zuen «horrenbesteko grina» plagioaren inguruan. Dena dela, «jolasaren eta seriotasunaren mugan dantzan oso ongi ibili» zela uste du bertsolariak. «Zer da originaltasuna? Zer da irudimena? Hori galdetu beharko genioke geure buruari». Horri erantzun nahian Jasone Osoro idazlearen testu bat irakurri zuen. Haurren berezko originaltasuna aipatzen da bertan, eta nagusiago egin ahala, gurasoek ustezko errealitatea nolakoa den azaltzen dietenean, orduan hasten direla plagiatzen. Beste ikuspegi batetik begiratuta, «memoriaren kudeaketa interesatua» omen da irudimena. Geure bizipenek eta oroitzapenek garrantzi handia dute, beraz.
Originaltasuna eta plagioa bertsolaritzatik neurtuta, Egañak azaldu zuen benetan esanguratsua dela «tradizioaren eta sormenaren arteko nahastea eta oreka premia».
Baina, bertsolariaren ustez, egun, plagiorik handiena hedabideetan dago. «Nerabeentzako hizkuntza egiten dute, eta horrela ez dute inor harritzen. Beldurra ematen didate; izan ere, edozein testuingurutan hizkuntza bera erabiltzen dute».