Aitor Renteria / 2013-03-24 / 693 hitz
Gaurko gizarte ereduan irakasleek bermatzen dute haurren hezkuntza prozesua gurasoen ordez. Eredua aldatzeko xedea da Bizi Toki, biziaren prozesuan kokatzeko hezkuntza.
Bizi Toki ez da hezkuntza eredu bat soilik. Izenak adierazten duen bezala, bizitzeko moldea da, gizartean nagusi diren balioak, funtsean, sistema bera baztertu eta biziaren zein naturaren alternatiba eskaintzen dio. Nafarroa Behereko Behauze herrian dago Bizi Toki. Duela urte eta erdi inguru lortu zuten baserria, eta, geroztik, etengabeak dira arraberritze lanak han.
Auzolanean egin dituzte lanak, eta Euskal Herri osotik jin da xedea zutik ezartzeko laguntza, auzolanean parte hartu duten pertsonak. Lana «ikaragarria» izan dela dio Gorka Torre Bizi Tokiko kideak. Eta oraindik bada franko egiteko. Etxeko bihitegiko bazter batean bost logela prestatzen ari dira, hara bertaratzen den jendea bertan egon ahal dadin. Isolamendua egur eta kalamu zuntzarekin egin dute. Etorkizunean etxe osoa egurrez berotzeko sistema eta sukalde sistema egin nahi dute.
Orotara, hamar familiak osatzen dute Bizi Toki, eta dozena bat haur biltzen dira. Familia bakoitzak aldez aurretik erraten du noiz egonen den eta zenbat eguneko egonaldia eginen duen. Aste osorako egitaraua osatzen dute, eta nahi duenak nahi duen jardueran parte hartzen du. Eguneko erritmoa lasaitasunez hasten da. Eguerdian elkarrekin bazkaltzen dute, eta, lo kuluxkaren ondotik, haurrek nahi duten ekintzan parte har dezakete .
Baratze kolektiboa egin dute, eta bertatik hornitzen dute etxeko sukaldea, taldearen autonomia eta garapena bermatuz. Etorkizunera begira inguruko lur batzuk eskuratu nahi dituzte, lekaleak eta zitua ekoizteko. Esperientziak egiten ari dira Euskal Herriko arto txikia berreskuratzeko. Hazi trukaketa ere bultzatzen dute. Joan den asteburuan, Euskal Herri osoko 150 pertsona elkartu ziren han, hazi trukaketaren aitzakiarekin. Gisa berean, gari beltzaren haziak ekarri dituzte Bretainiatik. «Gure xedea da natur zientziak egunerokotasunean ikastea eta ekimena haurrengan sortzea». Natur zientzietan irakaslea da Torre Seaskan.
Kolektiboki garatu
Haurren hezkuntza irakasle profesionalen esku uztea da egungo hezkuntza sistemaren ezaugarria. Prozesu hori ez delegatzea eta horren ardura kolektiboko partekatzea da Bizi Tokiren xedea. «Mende eta mendeetan ikasketa prozesua lotua izan da komunitate baten biziari. Bizitza ikasten da inguruan dagoen heldu komunitatearen jardunean, eta horrek eramaten gaitu gure eguneroko bizia aztertzera eta kontsumo gizarteari loturik dauden ohiturak aldatzera», dio Torrek Bizi Tokik plantan ezarri duen sistema azaltzeko. Hezkuntza xedea baino gehiago gizarte egitasmo bat dela azpimarratu du.
Psikomotrizitate gela ere antolatu dute, edo, haurren hizkuntzari egokituz Torrek zehaztu duen bezala, «jarduera fisikoen» gela. Eremu handia da. Bernard Aucouturier adituaren ildotik antolatu dute jarduna. Mugimendu jakin batzuek haurren garapen psikologikoa laguntzen dute, eta hori garatzeko baliatzen dute. «Joko mota batzuek erantzuten dute haurren mugimendu zehatz batzuen beharrei, lasaitasuna eragiten, sentsazioak azaleratzeko». Zola tapizez babesturik dute. Joko bereziak dituzte. Horietako bat aipatu du Torrek. Heldu batek dorre bat egiten du, aski gora. Sinbolikoki, heldu batek eraikitako zerbait desegitea irudi indartsua da haurrarengan.
Egunerokotasunean errespetatu behar du helduaren autoritatea, baina, horren bidez, desegin dezake une batez, eta oso emankorra da. Antzerki edo jolas gisa, haurrek dorre hori desegiten dute. «Matxinada» horren ondotik, haurrak prest dira bertze jarduera batzuetan interesa kokatu edo helduen arauak «hobe» barneratu eta interpretatzeko.
Jarduerek garrantzia dute haurraren hezkuntza prozesuan. Ez dituzte ohiko eran egiten, ez dute ohiko helburua. Margoa eta buztina, adibidez, paretari begira lantzen dituzte haur eta helduek batera. Kontzentrazioa ez galtzea da helburua, haur bakoitzak bere baitan duen sentsazioa eta gogoa libreki garatzea. Hainbat gai dituzte solasgai, baina aipatu gabe egiten ari direna. Bakoitzak berea egiten du, ondokoari kopiatu gabe edo bertzearen gustura makurtu gabe. Pertsonaren garapen librea da helburu. Haurra libre da parte hartzeko, baina ez badu baliatzen, igurikatu beharko du berriz aukera izan arte.
Helduentzako xintxuketa gunea antolatu dute, eguneroko bizian arraberritze lanetan garrantzitsua delako. Helduentzat da, baina interesa duten haurrek parte har dezakete, helduen laguntzaz. Haurren neurrira egokitutako mahaiak ezarri dituzte, eroso lan egin dezaten. Ekimena haurrena da. «Haurrak ikusten duelarik heldu bat jarduera batean, sortzen den giroak eragina du haurrarengan, eta lan hori egiteko gogoa pizten da haurrarengan».
Sarea ehunduz
Hezkuntza eta bizi ohiturak aldatzeak denbora anitz har dezake. Gutxi izanik ere, aldarri horren lekukoa zutik atxiki behar dela dio Bizi Tokik. Gogo horrek haien xedea kanpora eramatera bultzatzen ditu, Euskal Herrian dauden hainbat talderekin partekatzeko esperientzia. Aste honetan, Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan izan dira. Etorkizunean ere, hurbileko informazioa eta esperientzien trukaketa hobetsiko dituzte, auzolana lagun.