Ilargi Agirre / 2013-03-23 / 512 hitz
Karakate Irukurutzeta mendilerroan Dolmenen ibilbidea ireki dute, balio handiko aztarna arkeologikoekin.
Historiaurreko arbasoen bizimodua ezagutu, eta eurek utzitako ondarea gertutik aztertu. Horixe da ireki berri duten Dolmenen ibilbidearen helburua. Karakate Irukurutzetako mendilerroan egokitu dute ibilbidea, Bergara, Elgoibar eta Soraluzeko (Gipuzkoa) lurraldetan. Hogei kilometro dauzka, eta Elosua Plazentziako estazio megalitikoa zeharkatzen du. Balio handiko dolmen eta tumuluak ikus daitezke. Bisita gidatuak eta tailerrak antolatu dituzte inguruan.
Antropologoen interesa ez da berria. Telesforo Aranzadi eta Joxe Miguel Barandiaran ibili ziren garai batean Karakateko parajeetan ikertzen, Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak adierazi duenez. Oso leku berezia da. «Kilometro gutxitan trikuharri asko daudela ohartu ziren, eta baserritarrek kondaira asko zekizkitela». Debabarrenean daude, baita ere, azken 66 urteetan Euskal Herrian ikertu diren kobazulorik gehienak. «Kobazuloak duela 10.000 urte amaitu ziren, eta gero nekazari eta artzain bihurtu ginen».
Ikertzeari utzi egin zioten, ordea, eta berriro ekin diote orain. «Hamar tumulu eta sei trikuharri ikus daitezke egokitu duten ibilbidean. Baina ziur gaude gehiago egongo direla». Trikuharriak hilerri monumentalak direla azaldu du Agirrek.
«Etzanda dagoen monolito bat, Arribiribilletakoa, zutik jarri nahi dugu». Harri handia da eta beste nonbaitetik ekarrita jarri zuten han arbasoek, ez baitu inguruko materialekin bat egiten. «Duela 3.000-4.000 urte zutik zegoen, eta berriz ere hala jarriko dugu. Ikusgarria izango da».
Lan nekeza dute, inondik inora. «Harria sartuta zegoen leku zehatza aurkitu, eta hiru dimentsiotan eredu bat diseinatu dugu». Ordenagailuarekin probak egingo dituzte, lehenik, eta jendearen aurrean altxatuko dute harria gero. «Iñaki Perurena ekarri beharko dugu, agian», esan du txantxetan.
Trikuharrietan lurperatzen zituzten gorpuak, eta eskaintzak egiten zituzten: buztinezko lapikoak, harrizko aizkorak… Batzuetan errautsak aurkitu dituzte. Hilerriak non dauden badakite, baina bizitokiak non dauden ez. Eta zaila da erantzuna. «Pentsatu behar dugu egurrez eta lastoz egindako etxola txikietan bizi zirela, eta denborarekin usteldu egiten da hori». Baina azalduko diren itxaropena badute. Zundaketak egiten jarraituko dute, eta pixkanaka egokitzen eta museo bilakatzen joango dira ingurua, «monumentaltasuna» argitara ateratzeko xedearekin, betiere.
Bisita gidatuak eta tailerrak
Dolmenen ibilbidearen ondare naturala eta historikoa ezagutarazteko bisita gidatuak eta tailerrak antolatuko dituzte. Bisita gidatuek hiru ordu iraungo dute eta gidari baten laguntzaz, arbasoen bizimoduan sakonduko dute bisitariek. Gertaera garrantzitsuak, artzaintzaren hastapenak, sinesmenak, arrastoen datuak eta indusketen ondorioak jakingo dituzte, besteak beste.
Jarduera tailerrak 4 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat dira. Izaera ludikoa izango dute, jolasean ikasteko helburuarekin. «Arbasoek ehizarako eta bizirik irauteko erabiltzen zituzten teknikak irakatsiko dira, adibidez», dio Blanca Salegi Elgoibarko Udaleko Kultura teknikariak.
Lehendabiziko bisita gidatua martxoaren 30ean izango da. 10:00etan aterako dira Karakateko aparkalekutik. Martxoaren 27a baino lehen eman behar da izena Debegesaren (0034) 943-82 01 10 telefonoan.
Ibilbidea PR-GI 94 gisa izendatuta dago. 20 kilometro dituen arren, badago aukera norberak bere kasa diseinatzeko. «Luzera eta malda bisitariaren gustura molda daitezke. Eta hasiera eta bukaera norberak aukeratu ditzake», esan du Hiart Arluziaga Soraluzeko alkateak. Balio historikoa ez ezik, parajeak natura aldetik duen aberastasuna ere azpimarratu dute. «Euskal Herriko mendi asko ikus daitezke: Aizkorri, Anboto, Izarraitz, Udalaitz… Bista ikaragarriak dira. Merezi du», esan du Juanje Amasorrain Bergarako Udaleko zinegotziak.
Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udaletxeetan, eta Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetan jarriko dituzte eskuragarri eskuorriak informazio gehiago nahi duenarentzat.