Igor Susaeta / 2013-03-09 / 471 hitz
Herritik «ihes» egiten dutenez hausnartu du Garazi Goiak ‘Txartel bat (des)herrira’ liburuan
Deserrian daude Peru eta Ibai. Londresen. Hainbat belaunaldiko aldea dago bien artean, eta bakoitzak bere arrazoia edo arrazoiak dauzka etxetik urrun egoteko. Baina biek partekatzen dituzte, «haien barrenean», erantzun ezin dituzten galdera batzuk. Barne gatazka bat sortzen die egoera horrek, oinazean murgiltzen ditu, eta aurrera ezin eginda gelditzen dira, mugan. Orduan azaleratzen dituzte sentimendu batzuk; une horretan planteatu erantzunik gabeko galderak. Peru eta Ibai dira Garazi Goiaren (Segura, 1978) Txartel bat (des)errira (Elkar) liburuaren bi protagonista nagusiak. Herritik «ihesean» doazenei buruzko hausnarketa bat proposatu du egileak.
Harentzat «oso garrantzitsua» zen mugan daudenen egoera nolakoa den adieraztea. «Amildegitik jauzi egingo dutela dirudi, haien buruei egiten dizkieten galderen erantzunak aurkitzen ez badituzte». Eta amildegi horretan hainbat «sentipen» pilatuta: «Deserrotzearen eragina, damua, bakardadea, bizitzako erabakien esanahia…». Baina «batez ere» ateratzen dira erantzunik gabeko galderak: «Itzuliko ote da Ibai bere herrira? Zergatik ez da inoiz Peru bueltatu Euskal Herrira 1937tik?».
Izan ere, zeharo ezberdinak dira Peruk eta Ibaik ibili dituzten bideak. «Peru 1937an joan zen Ingalaterrara, bere gurasoek hala erabaki zutelako. 1936ko gerran Euskal Herritik aterarazi zituzten 4.000 haurretako bat zen. Esan zitzaien hiru hilabeterako zihoazela, baina 250ek betirako geratu behar izan zuten han, Euskal Herrian hartuko zituzten inor ez zeukatelako». Ibai, aldiz, 30 urteren bueltako gazte bat da. Ihesi doa, baina berak nahi duelako. «Londresera joan da, iraganean egin duen zerbaitek sortzen dion damuagatik».
Maialen utzi du Ibaik atzean. «Geldi» geratu da ospitale bateko ohean. «Ibairen bizitzak aurrera egitea oztopatzen du modu batean, bigarren plano batean egon arren». Maialenek berak idatzitako eguneroko baten bidez irakurleek hobeto ezagutu ahal izango dute Ibai. Sarak, Maialenen ahizpak, irakurtzen du eguneroko hori. «Bi ahizpen arteko harremanak oraindik eta gehiago dramatizatuko du Peru eta Ibaien artekoa». Badauzkate sentimendu batzuk «komunean» bi protagonistek, eta «konplizitate handia» dute.
Pertsonaiak «nahiko konplexuak» dira, Goiaren esanetan. «Ez dira xaloak. Denek dute gatazka bat barruan, eta denek berridatzi nahi dituzte iraganeko kapitulu batzuk». Mussche (Susa, 2012) Kirmen Uriberen nobela gogoratu zuen, atzo, aurkezpenean. «Gerrako haurren istorioa lantzen du, baina beste perspektiba batetik, hartzailearen perspektibatik. Esaten zuen Uribek arrastoa uzten duten heroiak gustatzen zaizkiola, hauskorrak eta zaurgarriak direnak. Eta niretzako Peru da hori». Goiarentzat, hain zuzen, oso garrantzitsua zen «arrasto hori» istorioan islatzea.
«Ez dauka egitura sinplea»
Hainbat kapitulu ditu liburuak eta horierako bakoitza pertsonaia bati buruzko da. Halere, egitura ez da «sinplea». Uste du Goiak batzuetan gal daitezkeela «ñabardura batzuk» baina mezua «argi adieraztea» espero du. «Nire estiloaren beste ezaugarri da bat da ez naizela eroso sentitzen gauzak guztiz garbi esanda. Interesgarriagoa iruditzen zait irakurleari interpretaziorako eremu bat eskaintzea». Erabili du prosa poetikoa «dezentetan», poesia, pasarte onirikoak, surrealistak… «Pertsonaien sentipenak ez dira zuriak edo beltzak, eta gorputzak eskatzen zidan sakonkiago idaztea. Ezin nituen gauzak modu sinplean adierazi».
Bigarren nobela du Goiak —Bi hitz (Alberdania, 2008)—, eta bere protagonistak bezala, Londresen bizi da.