Alex Gurrutxaga / 2013-03-17 / 467 hitz
- Izenburua: Muskuiluak afaltzeko
- Egilea: Birgit Vanderbeke
- Itzultzailea: Ainhoa Irazustabarrena
- Argitaletxea: Pasazaite
Pasazaite argitaletxe gazteak jarraitzen du kalitatezko literatura eta gurean ezezaguna dena itzultzeko ahaleginean. Birgit Vanderbeke (1956) idazle alemaniarraren nobela labur bat da hau, Ainhoa Irazustabarrenak itzulia. Das Muschelessen (1990) hauxe izan zen Vanderbekeren lehen lana eta Ingeborg-Bachmann sari prestigiotsua jaso zuen. Esan daiteke orduz gero idazleak, nahiz eta Alemaniatik kanpo hain ezaguna ez izan, literatur ibilbide oparoa izan duela.
Ama, semea eta alaba aitaren zain daude. Aita lan-bidaiatik itzultzear da, eta, hori ospatzeko, muskuiluak dituzte afaltzeko. Baina orduek aurrera egiten dute, eta aita ez da azaltzen. Horra nobelaren oinarrizko egoera.
Abiapuntu horretatik ez da asko urruntzen istorioa, gertaera nagusiak lau ordu inguru irauten baititu. Nobelak denbora horretan alabak pentsatzen duena kontatzen du, bakarrizketa luze baten bidez. Kontrastea nabarmena da: zain dauden denbora laburra da, eta astiro egiten du aurrera, eta bitartean alabak gogora datozkion hamaika gauza kontatzen ditu. Puntu horretan Thomas Bernharden Tala (1984) obra ezaguna gogorarazten du: bi nobelatan pertsonaia-lekukoaren bakarrizketa da testu osoa, Tala-n afaltzera gonbidatu duten pertsonarena, eta hemen berriz alabarena.
Alabaren gogoeten bidez familiaren ezaugarriak azaleratuz joaten dira. Familia tradizionala da, hierarkia patriarkal zorrotza duena, arazoak ezkutatu eta atetik kanpora itxura gorde nahi duena, moral bikoitzekoa; alabaren hitzetan, «egunetik egunera antzezten genuen benetako familia» (31. or.). Egitura horretan kide bakoitzak bere posizioa eta rola du, eta, guztien artean, iristear dagoen aita autoritarioa da dena baldintzatzen duena. Hori guztia, zertzelada askorekin, alabak kontatutako pasadizoen bidez ematen da aditzera. Alde horretatik, oso ongi funtzionatzen du testuak, irakurleak familia-erretratua osatzen duelako aurrera egin ahala.
Bestalde, nobelak familia egitura mota horren kritika zorrotza egiten du (gogoratu behar da aipatutako Bernharden lanak ere kritika gogorra egiten ziola klase sozial bati). Ironia klabea da. Alabaren tonu (itxuraz) inozenteak nolabait muga egiten du ironiarekin. Batzuetan, kritika ebidenteegia izanik ere, joko oso eraginkorra da; adibidez: «Noski, [aita falta zenean] ez genuen dena elkarrekin egiten, benetako familia batek egingo lukeen moduan, bakarrik erosketak, harrikoa eta etxeko garbiketa; hau da, guztion artean egiten genituen aita etxean izaten zenean amak berak bakarrik egiten zituen lanak, aitak gutxietsi egiten zituelako lan xumeak» (56. or.).
Aipagarria da mahaian dauden hiru pertsonaietan garapen bat dagoela, ardoa lagun lasaitzen eta barrua askatzen hasten direlako. Hasieran pasadizoetan soilik hautematen den kritika azkenean ageriko egiten da. Egoera mugara iristen da azken lerroetan. Amaiera irekia da, eta gertatzen ari den aldaketa iradokita dagoenez, bukaerak ere ongi funtzionatzen du.
Liburua, 1990ekoa izanik, Ekialdeko Alemaniaren gainbeheraren irudi literario gisa ulertu zuten batzuek —gogoratu Berlingo Harresia (bota eta) erori berria zela—, eta, egia esan, erabat interpretazio balizkoa izan daiteke. Batez ere, momentu batetik aurrera behin eta berriz aipatzen direlako tirania, konspirazio edota matxinada hitzak.
Edozein kasutan, familia tradizionalaren kritika da Muskuiluak afaltzeko nobelan agerian dagoena: esango nuke liburuaren idazkerak ongi erantzuten diola erretratua osatu eta kritika egiteko nahiar0i. Azken batean, liburu gomendagarria da.