Iñigo Astiz / 2013-03-19 / 1.548 hitz
Emakumeen presentzia ikusezin bilakatu duen tradizio bati egin behar izan diote aurre emakumezko bertsolariek; aurrerapen handiak egon dira, baina oraindik ere egiteko asko dagoela diote aditu eta bertsolariek.
Oihane Perea bertsolaria Arabako Bertsolari Txapelketako txapelarekin. Poza. Orain hiru egunekoa da irudia. Gaur-gaurkoa, beraz, ezinbestean. Izan ere, errima zaila izan dute tradizionalki bertsoak eta emakumeak. Hala izan da plazan, behintzat, eta garai bateko txapelketen argazkiak dira horren froga. Gizonak dira kantari guztiak. Ez da bertsolaritzaren gaitza soilik, baina oholtza gainean negoziatu behar izan dute iragan horrekin emakumezko bertsolariek. Bertsotan aritu ahala. Plazan kantagai izatetik kantari izatera. Maritxuren iturritik oholtzara. Eta eskutik joan dira jarduna eta diskurtsoa. Errimaturik, kasik. Eta indartu egin da bertsolaritzan genero gaiekiko kezkak. Uztartu egiten dira sorkuntza indibiduala eta esfortzu kolektiboa. Eta ibilbide horren ikurtzat jo zuen zenbaitek Maialen Lujanbiok 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan jantzitako txapela. Bazen motiborik. Soinean zeraman zapia erantzi gabe jantzi zuen Lujanbiok garaikurra. Biak egin zituen propio: zapia eta txapela. Negoziazioan bi sinboloak. Eta gehiago etorri dira gerora: iazko Bizkaiko Bertsolari txapelketako final parekidea, eta Perearen txapela kasurako. Baina oraindik egiteko asko dagoela diote adituek.
«Bertsolaritzak baditu berezitasunak, baina euskal gizartean txertatuta dago, euskal kulturan eta euskalgintzan. Ezin dugu aztertu gai hau modu isolatuan». Jone Miren Hernandezena da esaldia. Antropologoa da bera, eta urteak daramatza bertsolaritza genero ikuspegitik ikertzen. Dioenez, «kaos puntu bat» ekarri du emakumeak bertsolaritzara. «Lehen emakumea agertu zenean txapelketa bateko oholtza gainean elementu erabat berria zen. Eta han ziren beste bertsolariek bestelako bizi-esperientzia eta bestelako ikuspegi bat zuen elementu hari aurre egin behar izan zioten. Ezinegon bat sortu, eta zerbait mugitzen hasi ziren. Gauzak hankaz gora jartzean, galderak sortzen dira. Eta positiboa da kaos hori».
Deserosotasuna gogoratzen du Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak ere. Gizonezkoen tradizioaren zama. «Oso ongi pasatzen dugu bertsotan, eta deserosotasuna ez da gure jardunaren foku nagusia, baina gure belaunaldiko emakume askok bai sentitu dugu sentsazio hori. Askotan, ez genuen geure burua aurkitzen. Gizon artean kantari, besamotz sentitzen ginen, eta ez ginen geneukan gure besoaz ohartzen. Zentratzen ginen gizonezkoak imitatzen, eta ez bakoitzak beretik emateko duen horretan. Emakumetasunetik zer ekarpen egin daitekeen ez genuen gogoan. Guretik aritze hori da erronka. Zure kokapenetik kontatzeko duzuna kontatzea». Hain zuzen ere, hori da Lorea Agirre ikerlariak emakumezko bertsolarien diskurtso publikoaren garapena azaltzeko bereizten dituen hiru faseak: isiltasuna, emulazioa eta ahots propioa. Agirreazaldegik kontatutako berak.
Isilarazitako tradizioa
Baina ez da historiarik gabeko ibilbidea emakumezko bertsolariena, eta Karmen Larrañaga ikerlariaren lana da horren froga. Bera izan zen bertsolaritza genero ikuspegitik lantzen hasi zen lehenetariko bat, eta etxean igarritako paradoxa batek bultzatu zuen horretara. Bertsozale ziren emakumez inguratuta bizi zela dio. Gertukoa zutela kultur adierazpide hori emakume haiek ere, eta zale zirela, erabat. Taula gainean, ordea, emakumerik ez zuela inoiz ikusten. Bertsolaritza gero eta plazakoagoa bilakatu, orduan eta nabarmenagoa zela hutsunea. «Kultur ondare bat partekatzeak ez du esan nahi denak haren parte direnik. Bitan bereizita bizi ginen sexu generoaren arabera». Eta desoreka horrek piztu zion ikertzeko gogoa, orain aste batzuk Umorez izeneko bertsogintza eta generoari buruzko jardunaldietan azaldu zuenez. Eta bazterrean utzitako emakumezkoen bertsolaritzaren historia hori hartu zuen Del bersolarismo silenciado izeneko lanaren ardatz (Isilarazitako bertsolaritza).
Normalizatuz joan da oholtza gaineko presentzia azken urteetan, ordea. Mugarriak badaude. 1986an Kristina Mardaras izan zen bertso txapelketa batean izen eman zuen zen lehen emakumezkoa. Estitxu Arozena izan zen 1993an herrialdekako txapelketa batean txapeldun atera zen lehen emakumezkoa. Maialen Lujanbio da Euskal Herriko lehen emakumezko bertsolari txapelduna 2009az geroztik. Iaz final parekidea izan zuen Bizkaiko Bertsolari txapelketak. Eta orain hiru egun jantzi du Oihane Pereak Arabako Bertsolari Txapelketako txapela. Parte hartzea gora doa, gainera. 2005ean herrialdekako txapelketetan parte hartu zuten 150 bertsolarietako 23 baino ez ziren izan emakumezkoak: %15. Azken hiru urteetan izandako herrialdekako txapelketak kontuan hartuz, berriz, %21ekoa da emakumezkoen parte hartze kopurua. 191 bertsolaritik 41 izan dira emakumezkoak. Orain zortzi urte baino ia bi aldiz gehiago.
Zenbakien atzeko mamia da Hernandezen kezka orain. «Kopurua garrantzitsua da, eta izango du bere eragina etorkizunean. Baina badira kontuan hartu beharreko beste elementu batzuk. Beste arloetan ere badirudi kopuruarekin nahikoa dela, baina ez da hala». Eta neurtzeko zailagoak diren faktore kualitatibo horiek dira erronka nagusia egun. Eremu formalean aurrerapausoak eginik, hain ageriko ez diren esparruetan aurrera egitea.
Egindakoa eta egitekoa
Arazoa ez da soilik zenbat, baizik eta zenbat eta nola. Hori da Bertsozale Elkarteko Genero Taldearen kezka. Orain bost urte sortu zen taldea, eta genero ikuspegia elkartearen adar guztietara eramatea da haien helburua. Ixiar Eizagirre da horko kideetariko bat: «Ikertu beharra dago zer diskurtso ematen den saioetan. Gaiak nola lantzen diren. Hori da zintzilik gelditzen den egitekoetariko bat». Baina badaude gehiago. «Portzentajean gehiago dira bertsotan aritzen diren gizonak, eta, beraz, oso gutxitan suertatzen da emakumezko bertsolariek soilik osatutako bertso saiorik. Gizonekin ohikoagoa da, baina emakumeari gehienbat gizonen artean aritzea suertatzen zaio. Komenigarria litzateke emakumeek euren artean aritzeko aukera gehiago izatea. Hala, euren artean nola aritu daitezkeen ikusiz eta adostuz joateko». Estitxu Eizagirrek jarri zion izena oraindik sortze bidean den hizkuntza horri: Emakumera batua.
Ixiar Eizagirrek dioenez, bere belaunaldiko bertso inguruko emakumeek bazuten generoaren gaiarekiko kezka komun bat, eta hortik jaso zuten Genero Taldea antolatzeko bultzada. «Jabetze» prozesu bat izan dela dio. «Gure belaunaldiko zenbait emakume hasi ginen biltzen, eta hasi ginen jabetzen guk oholtzan bizitako kontu batzuk ez zirela soilik esperientzia pertsonalak, baizik eta genero ikuspegitik uler zitezkeen egoerak».
2003an Getarian egindako bertso inguruko emakumeen topaketa aipatzen du klabetzat. Eta hamar urtean ikaragarrizko aurrerapenak egin direla dio. Lujanbioren txapela, Bizkaiko iazko final parekidea, Bertso Kabareta… Dioenez, ez dira kasu solteak. Lanketa baten ondorio izan dira guztiak. Lehenago aipatutako jabetze prozesu horren emaitza, alegia. «Bertsolaritza gizartearen isla da. Ez dago hura baino aurrerago, baina ezta atzerago ere. Garai batean asaldagarri izan ziren gaiak askoz ere normalago jasotzen ditu jendeak ere egun, eta gizartean egon diren aldaketaren oihartzuna da hori. Eta bertsolaritzaren meritua izan da gizartean izan diren aldaketa horien parean joatea».
Ez da horrekin konformatzen Agirreazaldegi. Etorkizuna nola antolatu. Hori du bere kezka orain. Urteak daramatza bertsolaritza genero ikuspegitik lantzen, eta, lortutakoak lortu arren, aurrera begira jarri nahi ditu begiak: egiteko gelditzen denari so. Hor jartzen du berak fokua, eta orokorrean kokatzen du partikularra. Berdintasunik ez dagoen gizartean, bertsolaritza ez da salbuespena. «Emakume askoren kasuan gure egunerokoaren ardatzetariko bat da emakume izaera, euskalduntasuna bezala. Ezin gara izan bertsolari, emakume garen kontzientzia izan gabe. Nik, behintzat, hala bizi dut». Eta kontzientzia hori aldarrikatzen du. Inprobisazioak lanketa behar duela. «Bertsoa bat-batekoa da, eta aurrez oso landuta eduki behar dira gauza hauek». Lan estra bat egin behar, horregatik.
Amona izateko moduak
«Bertsotan niri gehien interesatzen zaidana da emakumeon subjektutasuna garatzea». Emakume estereotipatuen rolak gaindituta, subjektu diren emakumeetara heltzeaz ari da Agirreazaldegi. Politikoa da asmo hori gizartean, eta artistikoa ere izan beharko du bertsolaritzan, haren ustez. Ereduak aipatzen ditu adibide gisa, bertsolariari maiz suertatzen baitzaio inoren larrutik kantuan aritu beharra. Amonarenetik aritzea, esaterako. Gaia entzunda, denek irudika dezakegu amona tipo bat. Kezkatua, atsegina, barea… Baina, hain zuzen, automatismo hori gainditzeaz mintzo da Agirreazaldegi subjektutasunaz mintzo denean. «Amona izateko modu ezberdinak garatzeaz, emakume enpresari diferenteak irudikatzeaz… Ofizioz eta izaeraz ezberdinak diren emakumeak: harroak, haserrekoiak, bareak, egoskorrak, ahulak… Horiek ikusi, ikusarazi eta pertsonaia gisa lantzea da erronka». Hala bertsotan, nola kalean.
Ereduen gaia du hizpide Hernandezek ere. «Gizonezko bertsolarientzat ere garrantzitsua da bertsolari izateko modu ezberdinak proposatzen dituzten ereduak egotea. Hor ere aldaketa bat izan da, garrantzitsua. Gizon bertsolari izateko profil bat baino gehiago izatea aberasgarria da. Gizon asko ez dira eroso sentitu betiko gizon bertsolariaren ereduaren barruan».
Bertsoaren demokratizazioa
Ez omen zuen Jon Artanok genero ikuspegia gehiegi landu aurrez. Baina Hitzetik hortzera bertsolaritzari buruzko programan lanean hasi, eta denbora gutxira erabaki zuen Bertsozale Elkarteko Genero Taldean parte hartzen hastea. Enpatiak bultzatu zuela esan daiteke. «Lujanbiok emandako hitzaldi baten audioa pasatu zidan lagun batek. Grabazio erdi-klandestinoa iruditu zitzaidan, eta entzun nituenek zirrara eragin zidaten. Gogorrak ziren kontatzen zituen pasadizoetariko batzuk, eta oso nabarmenak, baina ez nintzen haietaz konturatua». Kazetaritzarekiko erantzukizunak eraman omen zuen horregatik bertsozale elkarteko genero taldera. «Oso interesgarriak dira, eta bertsolaritzarekin lantzen ditugunak beste hamaika alorretara ere eraman daitezkeela konturatzen zara». Adibide bat jartzen du: «Denbora luzez umorea kolore bakarrekoa izan da».
Bertso eskolak dira emakumeen presentzia bultzatu duten faktore nagusietariko bat. Klabea izan dira. Demokratizatu egin du horrek bertsolaritzarako sarbidea, eta emakumeei erraztu egin die bidea. Baina hezkuntza ere sartzen da jokoan halakoetan. Rolak. Ausart izatea da bertute mutikoentzat, eta perfekzionista izatea neskatoentzat. Eta aldea dakar horrek bertso eskoletan ere. Lujanbiorena da diagnosia: «Neskak perfekzionistak dira autodestrukzioraino». Gizartean gertatzen denaren isla da hori Hernandezen hitzetan. «Gertatzen dena da bertsolaritzan areagotu egiten dela exijentzia maila. Jarduera arriskutsua dela esan dezakegu, azken batean, zeure burua oso agerian jartzen duzulako. Ekintza bera da perfekzionista. Elementu asko hartu behar dira kontuan bertsotan, eta ondo josi behar dira denak. Asko exijitzen duela esango nuke». Zorroztasun eskaera, eta publiko aurrean aritu beharra; biak uztartzen ditu bertsoak, eta horrek zailtzen du dena. Hortik dator eskoletako neska kopuruaren eta plazan dabiltzanen kopuruen arteko aldea.
Bi lanketa
Prestakuntza beharraz mintzo da Agirreazaldegi ere, baina helduen prestakuntzaz. Proposamen jakin bat egiten du: bertso eskola feminista bat. Azaltzen du zergatia: «Guk geure burua hezi behar dugu. Bukatu da besteren zain egoteko denbora. Oso interesgarria da Sareinak izeneko ekinbidea, adibidez. Feminismoa eta literatura lantzen dituzte, eta bada gai horietan prestatutako jendea. Gu aritu ahala goaz geure burua prestatzen. Munduko emakumeek zer eta nola kontatzen duten entzutetik badugu zer ikasia, gure aurreko bertsolariengandik bezainbeste. Bi lanketa dira eta biak behar ditugu, paraleloki». Zapia eta txapela, negoziazioan.