Estibalitz Ezkerra / 2013-03-10 / 698 hitz
Charlotte Delboren jaiotze mendeurrena gogoratuz, hainbat ekitaldi egingo dituzte aurten, Frantzian batik bat, baina baita Londresen ere. Auschwitzeko izuaz gain, biktimek ondorengo urteetan sentitu zutena ere islatu zuen bere lanetan.
Nola idatzi traumaz? Nola azaldu «azaldu ezina» dena? Nola eman biktimari ahotsa, haren egoera gutxietsi gabe? Izan ere, trauma orrietara eramateak badu bere arriskua. Idatziz jarri ostean, egoera traumatikoa neutralizatu eta, ondorioz, gainditu egin daiteke ahanztura bultzatuz norberarena zein ingurukoena. Edo arinkeriaz jorratua bada —irakurleak bere egiten badu biktimaren mina, hots, biktimaren rolean jartzen bada irakurlea bien arteko distantzia ezabatuz—, haren indarra deusezta daiteke. Charlotte Delbok (Vigneux-sur-Seine, 1913-Paris, 1985) ez zuen formula jakinik aipatu galderetarako, baina bai gidalerrorik: esaten zuenez, batek egin behar duena da «essayez de regarder, essayez pour voir». Begiratzen saiatu, ikusten saiatu.
Bere urratsak antzerki mundura bideratzea erabaki zuenean, etorkizunean bere bizitza eta bizimodua nolakoak izango ziren ez zuen zehatz jakingo Delbok, baina ideiaren bat, lausoa bazen ere, izango zuen ziurrenik. Ideia horren barruan Auschwitzek ez zuen tokirik izango. Are gehiago, ez zen existitu ere egingo. Okupazioa gertatu izan ez balitz, zeintzuk izango ziren egilea Poloniako inguru hori bisitatzearen aukerak? Txikiak segurutik. Baina okupazioa gertatu gertatu zen, eta Auschwitzek Delboren bizitza eta bizimodua ez ezik haren lana ere baldintzatzen bukatu zuen.
Nazi Wehrmacht edo armadak Frantzia okupatu zuenean Delbo Buenos Airesen zen Louis Jouveten antzerki konpainiarekin. Ideologikoki, komunistatzat zuen bere burua. 1932tik Frantziako Komunista Gazteen Emakume Ligako kide zen, eta bere senarra ere, George Dudach, partiduko kide zen. Hasiera batean, Hego Amerikan zehar egin behar zuten antzerki birarekin jarraitzea erabaki zuen, baina 1941ean, Philippe Petain Vichy gobernuko buruak erresistentziako kideak epaitzeko epaitegi bereziak antolatzea erabaki zuenean, Parisera itzultzea ezinbestekoa iruditu zitzaion. Epaitegi haietako batean, hain zuzen, egilearen lagun minetako bat, Andre Woog arkitektoa, heriotzara zigortu zuten. «Ezingo naiz salbu egon beste batzuk gillotinara bidaltzen dituzten bitartean», esan zion Jouveti. «[Ez banaiz itzultzen] ez naiz inori aurpegira begiratzeko gai izango». Parisera bueltatu zen, beraz, eta senarra bezala nazien kontrako borroka klandestinoari lotu zitzaion.
1942ko martxoaren 2an, Delbo-Dudach senar-emazteekin biltzekoa zen mezulari bati segika bikotearen apartamentura heldu zen polizia, eta biak atxilotu zituen. Mezulariak leihotik salto eginez ihes egin zuen. Maiatzaren 23an hil zuten senarra naziek, tiroz. Delbo Paris inguruko behin-behineko esparruetan eduki zuten urte amaiera arte; 1943ko urtarrilaren 23an, bera eta beste 229 emakume frantziar, erresistentziarekin kolaboratzeagatik atxilotuak guztiak, Auschwitzeko kontzentrazio esparrura zihoan tren batean sartu zituzten. Frantziatik esparru horretara juduak ez ziren presoak zeramatzan konboi bakarrenetariko bat izan zen (gehienak Mauthausen-Gusen esparrura edo preso politikoentzako esparruetara bidaliak ziren), eta emakumeak zeramatzan bakarra. Konboi hura mito bihurtu da, emakume presoak «La Marseillaise» abesten sartu baitziren kontzentrazio esparruan. Emakume haietatik 49 bakarrik zeuden bizirik indar aliatuek esparrua askatu zutenean.
Argitaratzeko beldurra
Gerra amaitu eta jarraian idatzi zituen Delbok bere lanik ezagunenak, Le convoi du 24 janvier (1965) kronika, Qui rapportera ces paroles? (1974) antzezlana eta Auschwitz et après trilogia (Aucun de nous ne reviendra, Une connaissance inutile, Mesure de nos jours), baina ia bi hamarkada itxaron zuen haiek argitaratu arte, tragediari ez ziola justiziarik egingo beldur baitzen. Azkenean, Holokaustoaren gaineko ezjakintasunari aurre egitearen beharra beldurrari gailendu zitzaion, eta bere lanek argia ikusi ahal izan zuten. Haietan Delbok behin betiko ekualizadore moduan aurkezten du Auschwitz, nortasun ezaugarri oro (arraza, erlijioa, generoa) ezabatzeko gai dena. Eta izua, Auschwitzen bertan bakarrik ez, gerora ere biktimek jasango zuten izuaren betiereko esperientzia oso presente dago bere obran.
Delboren liburuen artean, nik neuk gogokoen dudana La Mémoire et les jours (1985) da. Trauma idazten saiatu diren hainbat lanen antzera, Delboren liburu hau erabat fragmentarioa da. Lekukotza pusketez osaturik dago eta pusketa horiek beraiek isilunez beterik daude ez baitago izua bere osotasunean antzeman dezakeen lengoaiarik. Alabaina, liburu honetatik nabarmentzekoa dena zera da, XX. mendeko lehen erdialdeko erregimen totalitarioen biktimak omentzeko Delbok egindako ahalegina. Juduak ez ezik, ijitoak eta preso politikoak dituzte aipagai Holokaustoaren gaineko lekukotzek. Argentinako amek ere badute beren tokia liburuan, baita Espainiako Gerrako biktimek ere, umea zela Bilbotik Errusiara bidali zuten Euskal Herriko emakume baten errelatoaren bidez.
Charlotte Delboren jaiotze mendeurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Frantziak urte amaiera arte. Londres ere batuko zaie ospakizunei; hain zuen, martxoaren 18an Writing Auschwitz: Testimony, Representation and Prose in the work of Charlotte Delbo, Primo Levi and Holocaust writers konferentzia jasoko du hiriko Institutu Frantsesak.