Erredakzioa / 2013-03-24 / 101 hitz
Handiek txiki egitean egin ahal izango dituzten gauzen berri ematen du ‘Txikitzen zaretenean’ liburuak.
Pamiela eta Kalandraka argitaletxeek Txikitzen zaretenean argitaratu dute, Uxue Alberdik idatzi eta Aitziber Akerretak ilustratutako album irudiduna. Handiek txikitzen direnean egin ahal izango dituzten gauzak zerrendatzen ditu: «putzuetan salto», adibidez. Testuaren ideia Jon Maia bertsolariak kontatutako anekdota batetik tiraka bururatu zitzaion Alberdiri: Maiaren alabak etxe bat egin zuen mahai azpian, eta sartzeko eskatu zion aitari; aitak han sartzeko handiegia zela erantzun zionean, alabak esan zion aitari sartuko zela aurrerago, txikitzen zenean. Pamielak eta Kalandrakak kaleratutako album ilustraturik gehienak itzulpenak dira, eta Txikitzen zaretenean da salbuespen bakanetako bat.