Nora Arbelbide / 2013-03-29 / 448 hitz
Mattin Etxamendiren ‘Urruneko mendebaldean artzain’ dago Maiatzek kaleratu lau liburu berrien artean.
Mattin Etxamendi (Ezterenzubi, Baxenabarre, 1936) egun Bakersfielden (Kalifornia) bizi da. 22 urtetan iritsi zen Arizonara, artzain lanetan hasteko prest. Eta hala segitzen du orain ere, artzain. Baina baldintzak, haatik, anitz aldatu dira. Garai hartan, ardien eremura iristeko eta handitik itzultzeko, orotara lau hilabete zituen pasatzen oinez egun osoak, ez zuela ez eta asto bat ere laguntzeko. Ziren astoak jatekoarentzat zituzten. Artzain hura, orain, iraganeko oroitzapen du. Gaur egun, Etchamendy Sheep Co Inc konpainiako buru da Etxamendi.
Iragan hori ez du ahantzia, haatik, Etxamendik. Urruneko mendebalean artzain (Maiatz) liburuan bildu du. Guztia lehen pertsonan eta euskaraz. Eta, hortaz, bada azpimarratzekoa. Izan ere, anitz idatzi bada emigratu duten euskal artzainez, lehen pertsonan arraroa dela azpimarratu du Maiatzeko Lucien Etxezaharretak.
Idazlea bera ez da joan ahal izan liburuaren aurkezpenera, Kalifornian duten idorte dorpeagatik lanak atxiki baitu han. Baina liburuan berean zenbait esplikazio ematen ditu horren zergatiaz. «Biharko euskaldunak» izan ditu gogoan manuskritoa idazterakoan, Amerika mendebaldera joan artzainen bizia nolakoa zen jakin dezaten: «Ez bakarrik gure laneko moldeak, baina emigrante batek sendi ditzazkeen biziko aldamenek berekin ekartzen dituzten anitz gorabehera…». Ezterenzubin bizi lehen oroitzapenetatik Kaliforniako azken urteetara, mementoan mementoko sentimenduak jarraitzera gomitatzen du Etxamendik irakurlea, hainbat bihotz urradura tarteko. Zazpi haurrideko familiakoa da Mattin. Eñaut Etxamendi idazle anaia tarteko. Eta gehienak Ameriketara joan ziren. Ama gazterik galdurik, aita lanez gainezka aritu zen. Ezterenzubiko mendi ederren artean sentitu babes zoriontsuaz idazten du ere Etxamendik. Baina, oroz gainetik, amets baten gauzatzearen lekuko da liburua. Erreusitze baten ibilbidearen jarraipena. «Amets bat ez dena nehoiz ere agortu, oraino ere aments haren ondorioak bainarama aitzinera», idatzi du autoreak.
Etxamendiren ondoan, Maiatzek Sarako Biltzarrerako prestatu uztan «dibertsitatea» dago nagusi, Etxezaharretak erranik. Ameriketako artzaingoaren ondoan, Urruñako Gerard Urrutiak Askatasunaren egarriz liburua dakar. Hegoak taldean edo bakarka kantuz ari dela, duela bi urte Zu diskoa atera zuen. Aspalditik ditu kantuak idazten musikekin batera Urrutiak. Aldi honetan, kantuen hitzak ditu kaleratu. 38 orotara, batzuk jadanik plazaratuak, besteak ez. Horien artean batzuk galtzekotan ziren, baina Joseba Aurkenerenak lagundu du elkartzen. Maitasuna, Euskal Herria eta euskaraz egin gogoetak tartekatzen ditu.
Gogoetak, horiek ditu ekarri baita Mailuix Legorburu idazle hendaiarrak ere Maitatua izandu banintz liburuan —laugarren argitalpena du—. Kafkaren estiloko liburua dela azaldu du Etxezaharretak. «Nahikeria eta ezintasunaren artean galdu pertsonaia marrazten digu, gure ausartzia eskasaren mirail, amodiorik gabe hezten gaituen mundu hotzean esperantzari loturik». Bilaketa luze baten kontaketa, «ez dakizula zuzen» zer gertatzen ari den, beti Etxezaharretaren hitzetan.
Argitalpen berrien zerrenda bururatzeko, polizia eleberri bat du ekarri Pierre Mestrotek: Arimen ohoina —bere bigarrena da—. Lehena zuen Saiaren mendekua eleberriko polizia inkesta egile berak ditu hemen ere protagonistak, baina, aldi honetan, Lapurdiko bazterrak utzi eta Maule eta pastoralen giroan murgiltzen du irakurlea.