Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-04-10 / 468 hitz
Ipuinak itzultzean euskarazko hiztegi erotikoaren «batasun falta» nabaritu du Arrula itzultzaileak.
Anais Nin idazlearen (Neuilly, Frantzia, 1903-Los Angeles, AEB, 1977) hamabost ipuin erotiko eman dituzte argitara Venusen delta liburuan. Garazi Arrulak itzuli du Txalaparta argitaletxeak Literotura sailean kaleratu duen alea. Arrula eta Mikel Soto editorea ados agertu dira literatura erotiko «apurtzailea» berria ez dela. «Fifty shades of Grey liburua best seller bihurtu da. Badirudi iraultzailea dela, baina atzerapauso nabarmena da; 40ko hamarkadako Anais Ninen idatziak edo XVIII. mendean Sadeko markesak idatzi zituenak iraultzaileagoak dira. Feminismotik ere urrats sendoak egin dira genero honetan», nabarmendu du Sotok.
Arrulak genero erotikoko literatura euskarara itzultzeak dauzkan zailtasunez egin du berba. Izan ere, «terminologia zehaztu» behar izan du, aurrekoetan «batasun falta» sumatu baitu desirari loturiko hiztegiari dagokionez.
Euskalduna eta bijoua ipuina da liburuan bildu dutenetariko bat. Horretan protagonista euskalduna pertsona sexualki desiragarri gisa jarri zuen Ninek. Sotoren arabera, «hori idatzi zen lehen aldia» litzaketeke hori. Bederatzi protagonista ageri dira ipuinetan, batzuk errepikatu egiten baitira. Horietariko sei andrazkoak direla azaldu du Arrulak, eta bitan narratzaileak voyeur baten roletik egiten duela kontakizuna.
«Sexu klinikoa», aspertu arte
Paris inguruan jaio bazen ere, AEBetara egin zuen oso gazterik Ninek. Gurasoak banandu egin ziren, aitaren promiskuitatea zela medio. Hogei bat urterekin Parisera itzuli zen idazlea, eta bertan Henry Miller idazlea eta Otto Rank psikoanalista ezagutu zituen, besteak beste, baita Parisko garai hartako giro bohemioa ere. Eragin nabarmena izan zuten horiek bere lanetan. 60ko hamarkadan Ninen ideiez elikatu zen mugimendu feminista bere ikuspuntuak garatzeko.
Ninek berak bere burua garai hartako aktibismo politikoari lotu ez arren, hainbat aipu esanguratsu laga zituen: «Irakurri ohi ditudan emakumeak beren burua askatzeko gai ziren emakumeak izan dira, beren askatasuna eskatzen ez zutenak, hori sortzeko kapaz zirenak». 60ko hamarkadan egindako hitzaldi sorta batean egin zituen berbak dira horiek.
40ko hamarkadan idatzi zituen Venusen delta-ko istorioak, fikzio erotikoa nahi zuen bildumagile aberats anonimo baten enkarguz; idatzitako orrialde bakoitzeko dolar bat ordaintzen zion. Argirik ez zuten ikusi, ordea, 70eko hamarkadan idazleak horrela erabaki zuen arte. Izan ere, pertsonaiei muturreko karikaturak zirela iritzi zien. Soto nabarmen agertu da desadostasunean: «Pertsonaia garatuak eta sendoak dira, psikoanalitikoki oso landuak».
«Bildumagile estimatu hori: gorroto zaitugu. Sexuak bere indar eta magia guztia galtzen du esplizitua, mekanikoa eta hanpatua bihurtzen denean(…) Sexua hainbat osagairekin nahasi behar da: malkoak, barreak, hitzak, promesak, eszenak, jelosia, inbidia, beldurraren zapore guztiak, atzerrirako bidaiak, aurpegi ezezagunak, eleberriak, istorioak, ametsak, fantasia, musika, dantza, opioa eta ardoa». Liburuaren hitzaurrean Ninen egunerokoen pasarteak jarri dituzte, eta horietariko zati bat da aurrekoa.
Zehazki, bildumagile aberatsari idatzi zion eskutitzaren pasarte bat da, horrekin ipuin erotikoak harentzat idazteari lagatzeko. Horrela azaldu zuen: «Istorio erotikoak idaztea santutasunerako bide bihurtu zen, eta ez libertinajerako bide». Idazleak enkarguz idaztea nola bizi zuen kontatzen da egunerokoen pasarteetan, besteak beste. Enkarguak egiten zizkionak istorioetatik «poesia dena» kentzeko esaten zion, «sexuan zentratzeko»; Ninen ustez, «sexu klinikoa» idaztera bultzatzen zuen bildumagileak.