Burdin meategien bideak

Mikel Arrizabalaga / 2013-04-26 / 564 hitz

Burdin meategiei buruz ditugun lehen erreferentziak XII. mendekoak dira, burdinaren ustiapena haize olen bidez egiten zenekoa. Inguru berezi eta harrigarria da.

Zeraingo (Gipuzkoa) plazatik abiatu eta maldan behera Seguratik Legazpira doan errepidera jaitsi gara. Lehen bihurgunera heltzean, errepidearen eskuinaldetik Arane baserri aldera doan galtzada zaharrari jarraitu diogu. Segura eta Legazpi herriak lotzen zituen antzinako errege bide hau segituz berehala gara IƱurrategi baserriaren aurrean. Zubia gurutzatu eta erdi ezkutaturik dagoen karobi bat gure eskuinera utziz Presagainera iritsi gara. Artegi etxetik errepidera atera gara. Kilometro eta erdi bete ondoren, bidegurutzean, Aizpea auzora doan bideari heldu diogu. Olako zubiaren gainetik pasa, eta berehala heldu gara Txontxikine baserrira. Beste 200 bat metro bete behar izan ditugu errepidea utzi eta ezkerrera ateratzen den pistan barna abiatzeko.

Pista zabala da, eta lurrak burdin mineralaren kolorea du. Lehen aldapak igo, eta XIX. mendean ingeles enpresa batek altxatutako Aizpita etxearekin egin dugu topo. Metro batzuk lehenago, eskuinera, meategietako labeak ikusi ahal izan ditugu. Behealdean, minerala kargatzen zen lekutik pasa, beste puntan dauden eskailerak igo, eta labeen ondora gerturatu gara. Inguru berezia eta harrigarria da. Labeen goialdera igotzeko baserria baino lehenago dagoen aldapatxoa igo dugu, eta bertatik beste eskailera txiki batzuk gainditu ondoren, trenbide zaharra iristen zen lekua ikusi dugu.

XIV. mendean, Urola eta Debagoieneko burdinoletan lantzeko burdina ateratzen zuten, eta 1515. urtean, Errege-Erregina Katolikoek Aretxabaletako otaloratarrei Zeraingo meategiak ustiatzeko baimena eman zieten. Horrela, urte horretatik 1826. urtera arte meategietako ustiapena familia horren esku egon zen. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, The Cerain Iron Company Limited konpainia ingelesa izan zen meategiak ustiatu zituena, eta gaur egun ikus daitezkeen eraikin eta egitura asko haiek egin zituzten. 1932an, berriz, alemaniar enpresari baten esku geratu ziren, eta, azkenik, 1941ean, Legazpiko Patrizio Etxeberria lantegiak hartu zituen; hamar urte geroago itxi egin ziren. Mendian galeriak zulatzen zituzten burdin karbonatoa lehengaia aurkitzeko, eta, ondoren, lokomotora baten bidez, galeria horietatik ateratako minerala labeetaraino eramaten zuten su emateko.

Larraondoko zerrategia

Aldapan gora egin dugu, eta bidegurutze batera iristean, Zerrategia jartzen duen seinale zahar eta hondatu bat ikusi dugu. Toki horretan ezkerrera jo dugu, eta pista zabal eta erosoak pinudi batean murgildu gaitu. Laster, beste seinale batek ezkerrera ateratzen den beste bide bat hartzera gonbidatu gaitu, eta hemendik maldan behera Larraondoko zerrategira heldu gara, egurrezko ataka bat gainditu eta gero. XIX. mendearen bukaera aldera eraiki zen zerrategia. Lasurtegi errekaren uraz baliatzen da turbina bat mugitu eta bertako arotz tresnak martxan jartzeko. Izen bera duen baserriko biztanleek burutzen zuten lan hori, negu-udaberri garaian batik bat, baserrian lan gutxi eta errekak ur jario handia zuenean. 1960an, zerrategia erabiltzeari utzi egin zioten, baina oraindik mekanismo zaharkituak martxan ikusteko aukera dago.

Metro batzuk beherago, izen bera duen baserria dago, eta horren ondotik pasa ondoren, errepidera jaisten hasi gara. Laurehun bat metro bete eta Urkullutako bidegurutzera iristean, errepidea utzi eta eskuinera jo dugu. Egurrezko langa gainditu eta gure eskuinera mendian zulatutako karobi bat utzi ondoren, ezkerreko bideari heldu diogu. Hurrengo bidegurutzean berriro ezkerrekoari jarraitu, eta maldan gora zikin xamar dauden hirurehun bat metro bete ditugu GR 34ari (transhumantzia bidea) dagozkion bide seinale zuri-gorriekin bat egin arte. Donostia eta Arantzazu lotzen zituen bide horrek ez du gorabehera handirik, eta bakarrik ingurua lokazten duten errekasto batzuk gainditu behar izan ditugu. Zeraineraino bidelagun izan ditugun seinale horiei jarraitu diegu, eta Sagastibil baserri ondora iritsi gara. Zikirin baserrian errepidetxoa utzi, eta eskuinaldera jo dugu. Goenetxe baserriaren hondarren ondotik pasa, eta bidezidorra segituz laster iritsi gara herriko jauntxoen jauregiaren ondora.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.