Alberto Barandiaran / 2013-04-19 / 531 hitz
Errebeldia ote dagoen 9 eta 14 urte bitarteko ikasleen euskararen erabilera maila baxuaren atzean, horixe EAEko ikasleen hizkuntz ohiturak aztertzeko martxan jarri den Arrue proiektuaren emaitzak aztertu dituzten ikerlariek buruan darabilten galdera. Guraso eta irakasleei, eta, oro har, goitik ezarritako ereduari kontra egiteko jarrera osasuntsu eta ezinbestekoa ote den askoren burmuinean gertatzen den klik linguistikoa azaltzen duen arrazoia, arbelaren beltza paretik desagertu eta batera. Hori ote den arrazoi bat, esplika dezakeena bestela nekez ulertzen duguna: nola, inguru euskaldunetan ere, euskara nagusi, begibistako, ondo onartua eta baliagarria den inguruetan ere, nola jaisten den erdira euskararen erabilera, nerabezaroaren atarian daudenen arteko harremanetan.
Ahaztu ditzagun une batez futbolariak, aktoreak, abeslariak, horien guztien jarduna; ahaztu dezagun gurasoen arteko hizkuntz harremanen soslaia; ahaztu ditzagun etxepeko dendaria, aguazila eta egunero txakurra paseatzera ateratzen denean agurtzen gaituen bizilaguna; ahaztu etxean irakurtzen den egunkaria, ikusten den telebista, entzuten den irratia; ahaztu gauza serioei buruz helduek baliatzen dituzten ereduak; ahaztu ume txikiari esaten zaizkion hitzak, koinataren erdalzaletasuna, ahaztu familia, ahaztu dena. Errebeldia ote dago, jarrera bat da krak hori ernatzen duena?
Errebeldia balitz.
Bitartean, ez dugu erremediorik: dongo hizkuntzarekin jolasten gara. Maliko hizkuntza bat eta euskara lotuta dagoela dioen institutu bateko irakasle baten urteetako lanaren ondorioei dedikatzen dizkiegu artikuluak eta analisiak. Esan gabe doa: aditua erdalduna da.
Dongoarena pasa den asteko kontua izan da, baina tradizioa badugula ezin uka. Euskara hieroglifoen hizkuntzarekin lotua izan da, eta sanskritoa, amazighera eta aitzin egiptoerarekin. Zerrenda atera, eta ia mundu osoko hizkuntzekin egin dira loturak: Iberiera, akitaniera, hizkuntza indoeuroparrak (zeltera, latinera, greziera, eslaviera), piktiera (X. mendea arte Eskoziako iparraldean bizi zen leinuaren hizkuntza), Afrikako hizkuntzak, semitikoak, etruskoak, sumerioak, uralikoak, hizkuntza drabidikoak, Siberiakoak, tibetarrak, eskimalak. Nauhatla, totonaca, koreera, tamilera, kanaresa, malabaera… denak alderatu nahi izan dituzte, noiz edo noiz, euskararekin.
Euskararen bidez dezifratu nahi izan dituzte Odiseako izen asko, eta Britainiar Irletako Ogam inskripzioak. Euskararen bidez ulertu nahi izan dituzte Europako ibaien etimologiak, pentsaturik horrela lortuko zutela argitzea zein zen antzinako mundua populatzen zuen jatorrizko herria. Euskal hiztunen eta beste jatorrietakoen arteko geneen erkaketaren bidez ondorioztatu nahi izan dute euskaldunak izango zirela azken glaziazioaren ondoren Europa berriro kolonizatu zutenak, edo baztandarren jatortasun antropologiko eta eztabaidaezina, nik dakita.
Dela hitz zerrenda bat oinarri hartuta, dela halako eta halako ezaugarri morfosintaktikoak kausa, dela leinu urrun bateko mintzakideek antzeratsu izendatzen zituztelako garia biltzeko lanabes aspaldikoak, munduko hizkuntzalaritza fakultate ia guztietako irakasle txit goren baten burmuina kutsatu arte sustraitu da amets handinahi, erakargarri, ia erotikoa: berak argituko zuela euskararen zuhaitz genealogikoa behin betiko marraztuko lukeen esplikazioa.
Ez dugu erremediorik. Batek baino gehiagok esan du, aspaldixko, komunikabideetan iluministekin (Ricardo Gomezen hitza erabiltzearren) hain abegitsu jokatuko ez bagenu, inork ez lukeela ezta minutu bat ere galduko mitomania berri hauekin, baina komunikabideetan leihoa zabaltzen diegu, zer egingo zaio.
Arazo bat dugu. Hautu linguistikoaren sakoneko arrazoiak ezin antzeman gabiltzala, urrutira begira jartzen gara esentzialismo kutsagarriak tontotuta, eta bitartean, oharkabean igarotzen zaizkigu begi aurretik euskararen historia intimoak, historia partikularrak, norberaren justifikazio argigarriak. Oharkabean joaten dira hiztunen errelato soziolinguistiko txikiak, misterioa argituko luketen txitxirio aleak, aztarna esanguratsuak, harribitxiak.
Uste dugu mirestekoak garela, Europako zaharrenak, eta oraindik ez dakigu zer dagoen, benetan, gure jende gaztearen buruan. Afrikara, Kaukasora, Atlantidara, Orioneraino joan gara nondik gatozen jakiteko, eta inguratzen gaituztenei oraindik ez diegu galdetu nora joan nahi duten.