Imanol Mercero / 2013-04-14 / 198 hitz
- Izenburua: Erikaren ttilikak
- Idazlea: Castillo Suarez
- Ilustrazioak: Estibalitz Jalon
- Argitaletxea: Aizkorri
Liburu hau narrazio ilustratu bat zela idazten ari nintzen une berean ohartzen ari nintzen ezetz, irudiek badutela obra honetan testuak adinako indarra, ia letrei itzal egiteraino sorgintzen dutela irudiok. Portzelanazko panpina dirudien Erikaren irudiok, benetako portzelanazkoak ez bezala, Erika musu gorria, azal gorria, oro gorria erakusten diguten neskato begi handiaren irudiok.
Baina ezin esan album ilustratu bat denik, irudiek ez dutelako kontaketaren haria eramaten eta, beraz, ilustrazioez oharra eginik ere, obra honek narrazio ilustratua izaten jarraitzen du, alegia, irudiz edertutako kontaketa bat.
Baina bitxiena da testuak poesiatik asko duela eta heldulekutzat genuen horixe ere, narrazio hitza ere, labaintzen zaigula. Zeren egia da, testu honetan ez da ia ezer gertatzen, adatsak sortzen dizkion buruhausteak negarka kontsolatzen dituen neskato baten erretratua eta malkoz hezetutako loreontzi batean sortzen den lorearen kronika. Besterik ez. Edo hau bezainbeste, nondik begiratzen den.
Hala ere hau ez da poesia liburu bat eta, etsi etsian, narrazio irudidun liburu bat da hau, esango dugu, adina zehazteke, argitaletxean gomendatzen duen bost urteko hori zalantzazkoa begitantzen baitzait testuak iradoki lezakeena harrapatzeko.
Hori bai, bertako hainbat pasarte, bertako hainbat irudi, gelako horman zintzilikatzeko modukoak dira, hau ziur esan dezaket.