Amagoia Iban / 2013-04-18 / 848 hitz
Garapen iraunkorrarena burbuila huts bihurtu dute agintari eta merkatari interesatuek. Hala salatu berri du Worldwatch Institutuak, politika berriak eskatzearekin batera.
Dena da iraunkorra: automobilak, negozioak, olinpiar jokoak, hiriak, arropa, diseinuak», zioen herenegun Robert Engelmanek, hura buru duen Worldwatch Institutuak Munduaren egoera 2013: Iraunkortasuna posible al da oraindik ere? txostena aurkezteko ekitaldian. Gurean ere ohiko bihurtu diren produktu eta proiektu berde, eko, iraunkorren loraldiaz ari zen. Eta iraunkortasunaz ari garenean zertaz aritu behar genukeen argitzeko beharra nabarmendu zuen.
Worldwatch Institutuko kideen esanetan, garapen iraunkor ideiaren eboluzio arriskutsuari aurre egin behar diogulako kontzeptua 1987an hasi zen zabaltzen batez ere, Munduko Ingurumen eta Garapen Batzordeak —NBE Nazio Batuen Erakundeak sortu zuen— Gure etorkizun komuna txostena eman ostean. «Garapen iraunkor kontzeptua ingurumen arloan erabili zuten txosten horretan, egungo beharrei etorkizuneko belaunaldien ahalak urritu gabe aurre egiteko helburuarekin». Ordukotik egungora gauza asko aldatu dira, ordea, Worldwatcheko kideen arabera. 1974tik ari da institutu hori etorkizun iraunkor baten aldeko ikerketak eta iritzi trukeak bultzatzen. Washingtonen dauka egoitza nagusia, eta munduko 25 estatutan laguntzaileak, mundu osoari begiratzeko helburuarekin. Asteon aurkeztu duen txostena da begirada horren emaitza.
1. Interes bete burbuila
Egungo beharrei etorkizunekoak areagotu gabe erantzutea. Helburua gero eta lausoago dago, Iraunkortasuna posible al da oraindik ere? txostenaren arabera. «Etorkizunari sentitzen dut esan beharrik ez izateaz, horretaz aritu behar genuke. Etorkizun duina izango al dugu? Zintzoak izan behar dugu horretan. Etorkizunarekin espekulatzen ari gara, prosperitatea azkar eta orain izan dezakegula abiapuntu hartuta. Gaur egungo egoera iraunkortasunaren burbuilarena da».
Adibide bat, burbuilaren neurria hartze aldera: bada aire konpainia bat, bidaiarien txartela lehengai eta prozesu iraunkorrekin egina dela esaten duena; bada beste bat, hegaldietan egin duen iraunkortasunerako ahaleginari esker hiru hegazkin berri egiteko adina aluminio salbatu duela dioena. «Eta inork ez dizu galdetzen edo eztabaidatzen aire konpainiak edo aire merkataritza bera egokia ote den iraunkortasun parametroen arabera».
Burbuilaren arriskuaz jabetzea da lehen urratsa, Engelmanen ustez. «Iraunkor eta iraunkortasun hitzak denerako erabiltzearen poderioz, hitzok hustu eta indargabetu egin dira». Emaitza: egun, zerbait iraunkorra dela esatea «ingurumenarentzako pixka bat hobea» dela esatea da.
2. Politikak berrikusi
Benetako garapen iraunkorra erdiesteko, Worldwatch Institutuaren azken txostenaren arabera, orain arteko politika nagusiak berrikusi behar dira. Garapen eta ingurumen arloan batean eta bestean urratsak egiten ari diren arren, «ez dagoelako argi orain arteko garapen eta iraunkortasun irizpideen bidetik benetako garapen iraunkorra gertatzen ari denik». Garapen ekonomikoa berez ari da galga lana egiten herrialde askotan, institutuaren arabera, jaki, energia eta natur baliabide eskaera neurriz kanpo areagotuz. «Erregai fosiletatik sortutako karbono dioxido isuriak urritzeko nazioarteko ahalegin guztien gainetik, isuri horiek inoiz baino ugariagoak dira. Zenbait gutxitzek lotuago dirudite atzerakada ekonomikoarekin beste ezerekin baino».
3. Ukazioa ukatu
Munduaren egungo egoeraren oinarrian, Irainkortasuna posible al da oraindik? lanaren egileen ustez, arazoaren benetako neurriak onartzeko ukazioa dago. Ukazio bideratua, nahi bada, kontsumismoak bultzatzen duen bizimodua eta garapen ereduak izango dituen ondorioak ez onartzeko. «Ezin da ukatu arazoak bidean ditugula», adierazi du Tom Brughek. Worldwatch Institutuaren aurtengo txostenaren zuzendarietako bat da, eta «ezinbestekotzat» jo du garapen ereduaren aldekoek aurrera egitea eta mugimendu sozial indartsu bat eratzea. Mugimendu horrek, Brughen aburuz, 1955 eta 1968 bitartean AEBetan eskubide zibilen alde eratu zenaren parekoa behar luke izan gutxienez, benetako aldaketak ekar ditzan. Proiektuaren beste zuzendariak, Erik Assadourianek, «bigarren iraultza demokratiko bat» behar dela nabarmendu du.
4. Erregai fosilak higatu
Iraultza gauzatzeko, gauza asko aldatu behar da. Energia iturriak eta ekoizpen ereduak, ezinbestean. Utz itzazue lurpean: Bukatu erregai fosilen aroa atalean diotenez, erregai fosilen aldeko diskurtsoa higatu egin behar litzateke, esaterako, zilegitasuna kenduz halako energia iturriei, eta argindar sare eraginkorragoak eta energia berriztagarriak bultzatu behar lirateke. Bere garaian esklabotza eta tabakoa erretzea gizartean gaizki ikusiak izatea lortu zen era berean, erregai fosilak ere iritzi publikoaren jopuntuan jarri behar lirateke. «Erregai fosiletan oinarritutako mundu batean bizi gara, eta ezin ditugu ahaztu erregaion ahalak, baina zorrotz kontrolatu behar dira. Ordezkorik ez dagoenean bakarrik erabili behar lirateke».
Horrekin lotuta, oraindik ere lur azpian atera gabe dauden erregai fosil poltsak ateratzeko sistema egokituak ondu baino —fracking-az ari dira, batez ere—, erregai fosil horiek gabeko beste mundu baten bila abiatzea lehentasun behar lukeela nabarmendu dute.
5. Ereduak bilatu
Bioaniztasuna babestea eta jaten dugunari buruzko heziketa hobetzea ere beharrezkotzat jo dute, halaber, txostenean, «jakien sistema globala hautsita dagoelako». Horren erakusgarri, azken urteotan mundu osoan nabarmen garestitu dira oinarrizko jakiak, garapen iraunkorrarekin kontrajarrita dauden neurri ekonomikoak eta politikoak bultzatzearen poderioz. «1.500 milioi pertsona behar baino pisu gehiagorekin daude, eta milaka milioi gosetuta edo gaizki elikatuta, sistemak jaki multzo erraldoiak zaborretara bidaltzen dituen bitartean». Eta jaten dugunaren gaineko kontrola ere gero eta kontrolagaitzagoa da. «Nekazaritzak arazo asko konpontzen lagun dezake, besteak beste, janaria alferrik ez galtzeko, lurraren lanketari ikuspegi ekologikotik heltzeko eta bertako jaki osasungarriak bultzatzeko».
6. Etorkizuna aldatu
«Beste gizarte eredu bat posible da», Prughen hitzetan. AEBak eta Kuba alderatu zituen hitzok azpimarratzearren, eredu ekonomiko erabat desberdinak izan arren, bizi-itxaropen ratio beretsua dutelako herrialde biek. Datu makroei erreparatuta, AEBek baino garapen ekonomiko txikiagoa daukate Kuban, baina baita haur heriotza tasa txikiagoa ere. «Ez daukate estatubatuarren kontsumo kultura, baina beren esperientzia argigarria da oso». Egungo gizarte ereduan eta politiketan aldaketak egiten ez badira, emigranteen eta errefuxiatuen kopurua asko haziko da, datozen urteetan ingurumenaren gainbeherak eragindako gatazken ondorioz. Hala iragarri du Worldwatch Institutek.