Mikel Iriondo / 2013-04-18 / 470 hitz
Gure eboluzioaren historian zehar, gure generoko lehen espezieak orain dela 2,5 milioi urte agertu ziren. Lehen espezie horiek Homo habilis eta Homo rudolfensis dira; eta pixka bat geroago, orain dela 1,8 milioi urte, Homo ergaster sortu zen. Lehen Homo espezie horien arbasoa identifikatzea gakoa da gure eboluzioa zelakoa izan den ulertzeko. Horren inguruan, azken hamarkadetan bi hautagai nagusi egon dira: Ekialdeko Afrikako Australopithecus afarensis eta Hegoafrikako Australopithecus africanus. 2010. urtean beste bat gehitu zen zerrenda horretara: Australopithecus sediba. Urte hartan egin zuten haren lehen deskribapena (ikus BERRIAn Katebegi galdua izan daiteke eta Australopithecus sediba 2010/04/09an eta 2010/06/03an hurrenez hurren). Aurreko ostiral honetan (2013/04/12) 15 herrialdeetako ikerlari talde batek Au. sediba horren deskribapen zehatza argitaratu dute sei artikulutan Science aldizkarian, eta aurkitzaileek Hegoafrikara zuzendu dute gure generoaren sorrera.
Ikerlariak hortzetan oinarritu dira batez ere proposaturiko erlazioa finkatzeko. Horren inguruan, hortzak oso interesgarriak dira, ez bakarrik espezie fosilen dietari buruz informazioa ematen digutelako, baizik eta aurkezten dituzten neurri eta ezaugarri ugari leinu ebolutiboetan finko mantentzen direlako. Horrela, azterturiko 22 hortz ezaugarrietatik 15 aurkitu dituzte komunean Au. sediba eta Au. africanus espezieen artean eta horietatik 5, bi Australopithecus horietan eta Homo habilis eta H. rudolfensis espezieetan bakarrik agertzen diren ezaugarri berriak dira. Au. sediba espeziearen pelbisak ere antzekotasunak ditu, kasu honetan Homo ergaster espeziearekin. Australopithecus guztiak bipedoak baziren ere, ileonaren sendotasunak eta iskion laburrak aurreko bi espezie horiek ebolutiboki erlazionatzen dituzte. Bizkarrezurra dela eta, malgutasun nabaria aurkezten zuen, Homo ergaster espeziean bezala; beste Australopithecus espezietan, berriz, bestelakoa zen.
Australopithecus sediba espeziearen gorputzaren beste atal batzuk, aldiz, zeharo ezberdinak dira gure generoko espeziekin konparatzen ditugunean, eta ezaugarrien mosaikoa gisa deskribatu dezakegu bere osotasunean. Horrela, Au. sediba espezieak toraxaren goialde estua du, tximino antropomorfoek duten bezala. Homo generoan, aldiz, toraxa zabala da, ziurrenez lasterka egiteko moldapen gisa agertu zelako. Oina dela eta, badirudi Au. sediba espezieak hiperpronazioa zuela; hots, behin orpoa lurrean jarri barrurantz mugitzen zuela orkatila. Ezaugarri horrek esaten digu haren bipedismoa ez zela guztiz gurea bezalakoa, ziurrenik bere bizitzaren parte nagusi bat zuhaitzetan egiten zuelako. Gauza bera ondorioztatu daiteke besoen azterketatik. Horiek oso luzeak dira, Homo ergaster espeziearekin konparatuta; sorbaldak altuak dira, eta klabikulan tuberkulu konoidea oso nabaria da. Ezaugarri horiek guztiek ere zuhaitzetara igotzeko eta zuhaitzetatik esekitzeko moldapenak izango lirateke.
Laburbilduz, aspaldidanik Australopithecus generoko espezieren bat Homo generoaren arbasoa izan zela argi bazegoen ere, Au. sediba espeziea argia ematera etorri da. Oraindik, behin betiko frogatuta ez badago ere, horretarako espezie horren fosil gehiago beharrezkoak direlako, badirudi Australopithecus guztietatik zuhaitzetan gehien bizitzen zena izan zela gure arbasoa. Gure generorako bidean emandako lehen moldapenak badirudi bipedismoarekin erlazionaturik daudela, bereziki pelbisean eta bizkarrezurrean dauden ezaugarrietan. Ondoren, dagoeneko gure generoko espezietan beste moldapen batzuk agertuko ziren, hala nola zerebro handiagoa eta lasterka egiteko bipedismo hobea. Poliki-poliki, gure historia ebolutiboa hobeto ezagutzen goaz, nahiz eta oraindik zulo ilun ugari dagoen. Batek daki nondik helduko zaigun argia hurrengoan…