Josean Gil-Garcia / 2013-04-19 / 466 hitz
Arabako ubiderik zabalena Trebiñun dago. Kanala bertatik bertara ezagutuko dugu, Armentiako bentan bi ordu pasatxoko ibilbidea abian jarrita.
Gasteiz hiria handitzen hasia zen XIX. mende bukaeran. Industriagintzak hala exijituta, gasaren beharra inoiz baino beharrezkoagoa egiten ari zen. Tamalez, energiaren hornikuntza eten egiten zen sarri, eta, jakina denez, ondorio latzak ekartzen zizkion produkzioari. Gasaren eraginkortasuna kolokan jarri zen orduan, eta energiaren eredua aldatu beharra ikertzen hasi zen.
Gasteizko hiri modernora energia elektrikoa ekartzeko lehen saioak egin zituzten orduan. Lehen konpainiak jaio ziren tupustean, herrialdeko aukera hidroelektrikoak aztertzeko helburuarekin. Hala nola Jugalez ibaiaren indarra baliatuko zuen Electra-Hidraulica Alavesa izenekoa. Eta, handik gutxira, bera bezain lehiakorra izateko prestu agertu zen Sociedad Electrica Vitoriana. Horrek Pedruzo (Trebiñu, Araba) herri inguruan kokatu zuen bere unitate hidroelektrikoa. Argoteko bentatik Ihuda ibaia desbideratu eta 19 metroko ur-saltoa egokitu zuen Armentia inguruan. Apalegia, akaso, garai hartako lehiakortasunari eusteko. Hala ere, ubide zabala eraiki zuen harrizko zubitik (Argote, Araba) Pedruzoko zentraleraino. Hori bai, gertaera ahaztezina izan zen trebiñuarrentzat, XX. mende hasierak lehen lanparatxoak ekarri zizkien eta.
Pedruzoko zentrala eta ubidea ezagutzeko asmoz, Armentiako bentan hasiko gara ibilian. Obekuri edo Bernedo aldera joz, zentralera iritsiko gara laster batean. Errepidea uzteko unea da, eta ezkerretik doan bideari tipi-tapa ekingo diogu. Etxola batera iritsita, eskuinera jo eta ur biltegira igoko gara.
Kanala eskuinean dugula, haren ondoan segituko dugu pitin bat, harik eta landaretzak bidea oztopatzen duen arte. Maldan gora egingo dugu orduan, eta gandorrera igoko gara. Pedruzo herri txikia ikusteko parada ezin hobea dugu talaiatik. Gainaldeari begia kendu gabe, bizkarretik jarraituko dugu. Begirada aurrera botaz, makaldi batek atentzioa emango digu. Haraino bideratuko ditugu gure pausoak. Makalen eta ubidearen ondora iritsita, galsoroak inguratu eta lehen zubixkara iritsiko gara. Ertzaz aldatu gabe, ezker aldera egin eta goratasuna hartuko dugu. Arte xume batzuk bistaratuko ditugu gandorrean. Haien ondotik igaro eta berehala, ubidera jaitsiko gara. Bigarren zubia ikusiko dugu han, baita intxaurrondo sail dotore bat ere.
Harrizko zubia
Gora egingo dugu berriz ere, belarrez jantzitako tapiza gogaide. Aurrera begiratuko dugu; izan ere, errepidera irteten den bide dotorea ikusiko dugu. Harekin bat egingo dugu uste baino arinago. Asfaltotik nahiz muinoen oinaldetik aurrera egingo dugu gero. Kanal bera errepidearen azpitik igarotzen dela ohartuko gara bihurgunera iritsitakoan. Ezkerretik jarraituta, ubidearen gainean burdinazko pasabide txiki bat ikusiko dugu. Huraxe baliatuko dugu, emariaren gainetik igarotzeko. Bidexkari men eginez, harrizko zubira iritsiko gara. Ihuda ibaia eta kanala bereizten diren lekura, hain justu ere.
Zubitik igaro ostean, ondoko soroak inguratu eta Argote herriraino jarraituko dugu. Arbina kaleari jarraituta, begi bakarreko zubira iritsiko gara. Ihuda gurutzatuko dugu eta, segidan, eskuinera egingo. Errekasto bat atzean utzita, ezkerrera okertuko dugu bidebanatzean. Hiru minutu geroago, eskuinera jo eta Pedruzoko bideari ekingo diogu astiro-astiro. Pedruzoko zubiaren aurrean gaudela, ezkerrera okertu eta maldan gora abiatuta, herrira iritsiko gara. Eliza inguruan, eskuinera egin eta Armentiako urbanizaziora jaitsiko gara. Ihuda ibaia gurutzatzea besterik ez da ibilbidea amaitzeko.