Ilargi Agirre / 2013-04-03 / 816 hitz
Euskal artista asko aritu dira kartelak egiten. Nestor Basterretxea, Jose Luis Zumeta, Vicente Ameztoi eta Eduardo Txillida dira adibide batzuk.
Ilunpean geratzen dira kartelak sarritan artearen munduan; bigarren mailako lanak balira bezala, itzalpean. Eta berdin gertatzen zaie egileei ere. Kartelak egitea da, agian, euskal artista askoren alderdirik ezezagunena. Nestor Basterretxea, Jose Luis Zumeta, Vicente Ameztoi eta Eduardo Txillida dira azken urteetan kartelgintzan euren ekarpena egin dutenetako batzuk.
Nestor Basterretxea da, ziurrenik, artisten artean kartel gehien egin dutenetako bat, Jose Luis Zumetarekin batera. Zerrenda amaiezina da. «Kartelgintzan eredu bat sortu zuela esan daiteke. Forma simetriko eta okertuak, Txillidaren eta Oteizaren eskulturetan ikus daitezkeenak, sintetizatu eta grafismo bilakatu zituen Basterretxeak. Eta jende asko saiatzen da imitatzen», azaldu du Aitor Larrañaga diseinatzaile grafikoak. Doktoregoa egiten ari da arlo horretan. Basterretxeak EAJ alderdiarentzat egin zituen lehen lanak. «Oso oinarrizkoak dira. Abstraktuak erabat, bai kolorearengatik eta bai itxurarengatik. Deigarriak dira, eta ongi funtzionatzen dute». Aurretik EAJren karteletan, ohikoena Sabino Arana, Euskal Herriko mapa eta ikurrinak agertzea zen, eta Basterretxearen kartelek irauli egin zuten hori. Jauzia nabarmena izan zen. «Diseinuan jardundakoa zen, eta hori nabaritzen da». 1978ko Alderdi Egunekoan, adibidez, oinarri beltzaren gainean orrialde puskatuak diruditenak ikusten dira. Zuri-gorri- berdeak dira, ikurrinaren koloreetakoak. «Marra zuzenekin egindako poligono batzuk ere erabiltzen ditu; nahiko bereziak dira guztiak».
Kartelak ez ezik logotipoak ere egin ditu Basterretxeak. Bizkai Euskal Folklorearen eta Bai Euskarariren logotipo zaharra Basterretxearenak dira. Uso bat irudikatzen du azken horretan, eta Donostiako Anoetako estadioaren pareko eskultura baten antz handia du. «Basterretxearena da, eta uso forma du horrek ere». Eta guztietan ezagunena: Eusko Legebiltzarraren logotipoa, legebiltzarrean ikusten den egurrezko eskulturaren tankerakoa. 2004ko Nafarroa Oinez-erako eta Durangoko Azokarako egindako kartelak izan dira haren azkenengo lanik aipatuenak.
Jose Luis Zumetak ere makina bat kartel egin du. 1980an Usurbilen Jose Aizterrazu eta Balentxi Zialzeta trikitilariei egindako omenaldiko kartela aipatu du Larrañagak. Trikitilariak eta jendea dantzan, erromeria giroan. «Pandero jotzaile bat ageri da, eta, panderoaren barruan, Txillidak egindako nuklearren aurkako irudia dago». Estiloan, bilakaera nabari da, informalismotik figuratibismora pasatzen baita. Karikaturak egiteko joera nabari zaio Zumetari. Pertsonaiak deformatuta, aurpegi handiak eta keinuak normalean baino gehiago ageri dira.
Festak iragartzeko ohikoa izaten da kartelak egitea, eta Zumetak ere egin zituen. Donostiako Aste Nagusikoa eta santomasetakoa, esaterako. Azken hori, 1980an. Animaliak eta barazkiak gizatiartu egin zituen, bisitariak izango balira bezala. «Txerriak dantzan, eta erremolatxa 300 kiloko harria altxatzen. Porrua paseatzen ikus daiteke». Bigarren Korrikaren amaierako festarako estilo aldaketa bat nabari zaio. «Gaur egungo estilora hurbiltzen da, espresionismora». Euskaraz Biziren logotipoa ere harena da: koloretako txori bat.
Musikariekin egindako elkarlanagatik da ezagun, hala ere, Zumeta. Harena da Hertzainak musika taldeak zuzeneko kontzertuak iragartzeko erabiltzen zuen kartela: behi bat ageri da, mingaina aterata eta begiak okertuta. Gainera, Mikel Laboaren diskoetako azal askoren egilea da.
Vicente Ameztoi margolaria ere aipatu du Larrañagak. Berriki, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, hari buruzko erakusketan ikus zitezkeen batzuk. Itziarko (Gipuzkoa) dantzatoki baten irekierarako sortutakoarekin oroitu da diseinatzailea. Badu bitxikeria bat: kartelean, punk bat agertzen da; «Aurelio Artetak 1930eko Donostiako estropadetarako egindako kartelean, lehendabiziko planoan arraunlari bat ageri da; bada arraunlari hori punk bihurtu du Ameztoik», pertsona bera dela ikusten baita, belarritakoak jarri eta gitarra eskuan hartuta.
AHTaren aurkako kartela ere harena da, Jose Mari Zabalarekin batera egina, eta Maiatza Dantzan-en egitasmoarena eta Donostiako Hamabostaldiaren kartel bat ere bai: Bach musikaria, betaurrekoetan Kursaal ageri dela.
Eduardo Txillida ere protagonismoa hartuz joan zen kartelgintzan. Artistaren hain berezko bilakatu ziren esku irregularrak azaltzen dira Jose Angel Iribarri San Mamesen egindako omenaldiko karteletan. Atezainaren eskuak irudikatu zituen Txillidak. «Athletic eta Realaren arteko lagun arteko partida bat iragartzen du».
Nolanahi ere, Txillidaren kartelik aipagarriena Bilbon ETAren indarkeriaren aurkako manifestazio baterako kartela da, Larrañagaren ustez. 1989koa da, indarkeria amaitzeko eskatu zuten lehendabiziko manifestazioetako batena. Bakea, orain eta betirako du leloa. Txillidak hain berezkoa duen grafiarekin egina dago, hizkiak elkarren jarraian, eta eskuz idatzita egongo balira bezala.
Baina Txillida, kartel egilea baino gehiago, logotipo sortzailea izan da. Euskal Herriko logotipo egile «ofiziala» da ia, Larrañagaren aburuz. Euskal kostako nuklearraren aurkako logotipoa egin zuen, esaterako. «Itsasgarri gisa atera zuten. Baina, denborarekin, antinuklearraren harira, indar handiagoa hartu zuten beste ikur batzuek». Txillidarenak dira, esaterako, Amnistiaren Aldeko Batzordearen logotipoa, Euskal Herriko Unibertsitatearena, Gipuzkoako Aurrezki Kutxarena eta Espainiako parke naturalena.
Larrañagaren arabera, 80ko hamarkadan artistek propio egindako kartelen loraldi bat egon zen, baina urteek aurrera egin ahala, artistek egindako kartelak gutxitu egin dira. Gaur egun, kartelak aukeratzeko lehiaketak gero eta ugariagoak dira, bai hiriko festa eta bai ekitaldi kulturaletarako. Militantziatik profesionalizaziora jo du sektoreak. Diseinatzaile taldeen esku uzten da orain lana, eta ordenagailua erabiltzen dute. «Artistei eskatzen zaizkie kartelak, baina une jakin batzuetan oso lan bereziak egiteko».
Ez da erraza, hala ere, euskal artistek kartelgintzan egindako lanen bilduma osatua egitea. Imitazio asko dago, guztiak ez dira sinatzen, eta arrastoa galtzen da. «Estiloarengatik batena edo bestearena dela ondoriozta dezakezu, baina ezin da baieztatu askotan».
Letra larriko artea eta letra xehekoa daude, Larrañagaren arabera. Kartelak azken taldekoak dira. «Masan ekoizten dira, prozedura industrial baten bidez, milaka, eta horrek balioa kentzen die».