Edu Lartzaguren / 2013-04-11 / 463 hitz
Txanponetan interesa aitaren altzoan hartu zuen Legorburu historialariak. Euskal Herriaren historia metalezko piezen bidez konta daitekeela erakutsiko du gaur, Donostian.
Historia irakaslea da Mikel Legorburu (Donostia, 1957), eta Aranzadi zientzia elkarteko numismatika saileko arduraduna. Euskal Herriko historia txanponen bidez hitzaldia emango du gaur, 18:00etan, Donostiako San Telmo museoan, AEK-k antolaturiko Iriki atia programaren barruan.
Idatzizko dokumentuak falta direnean, txanponaren hotsen bidez konta daiteke Euskal Herriko historia?
Oso argi dago Euskal Herriko historia, korapilatsua izanik ere, txanponen bitartez azal daitekeela. Orokorrean esan daiteke, baina Euskal Herriaren kasuan are argiago.
Noiz sortu zituzten euskaldunek lehenengo txanponak?
Hemen girgilaturiko lehenengo txanponak baskoiek egin zituzten, Kristo aurreko II. eta I. mendeen hasieran. Erromatarrengandik ikasi genuen txanpontzen, aurretik trukea baino ez zegoen. Oraindik Erroma ez zen inperioa, eta tokian-tokian sortzen ziren txanponak, batez ere erromatarrek baskoiei zilarrekin ordaintzeko behar zituztelako haien zerbitzuen truke. Zilar horietan tokia markatzen zen. Baskoiak gaurko Zaragozaraino iristen ziren, eta, horregatik, haien txanponak Errioxan eta Huescan aurki daitezke [Espainia].
Zein hizkuntza agertzen da txanpon horietan?
Garaian euskaldunok ez genuen idazten, oro har. Orduan, grafia iberiarra erabili zuten txanponetan. Deszifratzea oso zaila da, baina euskaraz idatzita daudela uste dut. Toponimoak edo herriaren izena izan daitezke txanponotan agertzen direnak. Erroma inperio bihurtu zenean, galdu egin ziren tokian tokiko txanponak, eta Erroman edo beste nonbaiten eginikoak erabili ziren Euskal Herrian. Inperioa hondoratu zenean, gizartea trukera itzuli zen, eta askoz gutxiago erabili ziren txanponak.
Euskal txanpongintzaren hurrengo loraldia Nafarroako Erresuman gertatu zen?
Erdi Aroan oso kalitate eskaseko txanponak egiten zituzten: Erromatar Inperioan oso ondo irudikatzen zituzten enperadoreen aurpegiak, baina IX-XX. mendeetan, zirriborro baino ez dira. Lehenengo nafar txanponak XI. mendekoak ditugu, estatu independenteak girgilatuak. Latinez agertzen dira testuak. Eta Gaztelaren menpe geratu ondoren ere, bere ikurrei eutsi zien Nafarroa Garaiak txanponetan. Gaztelako erregeak Nafarroan txanpondu nahi bazuen, Nafarroako armarriarekin egin behar zuen, eta erregeak Nafarroako ordinala eraman behar zuen: esaterako, Gaztelako Filipe II.ak Filipe IV.a gisa agertu behar zuen Nafarroako txanponetan. Badut bat oso maitea: konkistatu gintuen Fernando Gezurtia-rena da, baina derrigorrean darama Nafarroako armarria [irudian]. Horrek erakusten du konkistak konkista geu izaten jarraitu genuela.
Noiz arte egin zuten hori?
Duela gutxi arte: Gaztelako Fernando VII.a arte —Nafarroako III.a—, 1834. urtera arte, alegia. Iparraldean, Nafarroa Behereak bere txanponak girgilatzen jarraitu zuen. Frantziako Iraultzarekin amaitu zen hori.
Hurrengo euskal txanponak Eusko Jaurlaritzak eginikoak dira?
Karlistaden garaian ere txanponak egin zituzten Euskal Herrian, Oñatin [Gipuzkoa], esaterako. 1936ko gerran, txanponak, billeteak eta seiluak egin zituen Jaurlaritzak.
Zer deritzozu azken boladan sorturiko eusko txanponari?
Sentipen politak sortzen dizkit horrek. Txanponak trukerako balio du, baina hori baino gehiago da. Botere edo estatu baten sinboloa da, eta hori zalantzan jartzen dituzte tokian tokiko txanponek.
Numismatikari batentzat pozgarria litzateke euroa hondoratzea?
Izango genuke nahiko irudimena beste txanpon bat sortzeko. Txanponak dokumentu esanguratsuak dira; orriak eta orriak idatz daitezke txanpon bakar baten inguruan. Egongo gara erne.