Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-04-12 / hitz
Bego Montoriok Jose Carlos Fernandesen komikiaren sei liburukietariko lehen hirurak itzuli ditu.
Jose Carlos Fernandesen (Loule, Portugal, 1964) Munduko bandarik txarrena komikia euskaratu du Begoña Montoriok (Txalaparta argitaletxea). Sei liburukiz osatutako bilduma da berez, eta lehendabiziko hirurak itzuli ditu. Bi orrialdeko istorioak dira liburuan bildu dituztenak; Nabarra aldizkariak hasierako hainbat argitaratu zituen. Montoriok itzuli zituen horiek ere. Istorioetako protagonistak 29 urte entseatzen daroazen musika taldeko kideak dira. Marrazkiak bereziak dira estetikoki: pertsonaiak zuri-beltzean marraztuta ageri dira beti, eta hondoak, koloredunak badira ere, tonalitate laranja eta sepiaz daude osatuta, eta itxura zaharkitua dauka.
Harkaitz Cano arduratu da hitzaurrea egiteaz. Nabarmendu du ez direla nolanahiko musikariak munduko bandarik txarrena osatzen dutenak, ezta agertzen diren besteak ere: «Bi gauza dauzkate: desesperazioa eta dotorezia. Konbinazio horrek ezin hutsegin dezake. Desesperatuki dotoreak edo dotoreki desesperatuak diren pertsonaiak dira». Bilduma osoan ez da irribarre bakar bat ere agertzen, irribarre erdiren baten antza izan dezakeen keinuren bat, gehien jota. Gizonezko guztiak trajea jantzita agertzen dira, eta andrazkoak ere dotore, «50eko hamarkadako estilo batean geratu balira bezala», azaldu du Canok.
Pertsonaiei puntu absurdo bat dariela ere begitantzen zaio: «Beraien lanak eta afizioak surrealistak dira». Adibide modura jarri ditu semiotikan aditua den ballet dantzaria eta suiziden errolda «seriotasun handiz» egiten duena. «Ezertarako balio ez duten ogibideak dituzte. Horrek, niretzat, oso-oso erakargarri egiten ditu». Hori guztia 50eko hamarkadako Lisboa moduko batean kokatu du autoreak, «arkitektura bauhaustarrarekin», letra tipo zaharkituak dauzkaten iragarki xelebrez beteta… «Askatasun ariketa izugarri bat» begitantzen zaio Canori Fernandesen aldetik: «Harribitxi bat da».
Absurdoa eta kafkarra
Garrantzitsua deritzo Montoriok obra hau argitaratu izanari, Portugaletik gurera oso produkzio gutxi iristen baita: «Inola ere ez nuen pentsatzen hau itzultzeko aukera izango nuenik. Bi orrialdeko istorioak, umorezkoa ez den komiki batean». Komikigilearen hitzak ere ekarri nahi izan ditu; horrela azaldu zuen pertsonaien izaera: «Hemen azaltzen ditudan pertsonaiek badute loturarik tempotik kanpoko nota horiekin. Porrot egin dutenak dira, beti okerreko nota okerreko momentuan jotzen dutelako». Fernandesek istorio eta marrazkiekin mundu osoa eta osatua sortzen duela uste du Montoriok: «Badu absurdotik, badu kafkarretik, eta, aldi berean, badu salaketatik ere. Badago liposukzioaren industria nazionala edota erabilerarik gabeko gauzen museoa, esaterako». Pertsonaia horiek beste garai batekoak diruditen arren, anakronismoak badaude, eta gaur egungo gizarteari egiten zaion kritika zabala dela esan du, «probokatzailea».
Mikel Soto editorea oso pozik agertu da horrelako lan bat argitaratu dutelako. Obrari berari «etsipen estoiko bat» nabari zaiola uste du. «Irakurtzerakoan zuk ere ez duzu irribarrerik egiten, pertsonaiek bezala. Baina sarritan marrazten zaizu nolabaiteko irribarre erdi bat». Nabarmena deritzo Sotok autoreak bukaeran egindako indize onomastiko xehetasunez beteari: «Kostatzen da batzuetan ulertzea. Nik errepasatu egin nuen, banan-banan. Esaterako, Imperial kapela lantegia; ez nuen aurkitzen, baina ez zen Imperial kapela lantegia ez zelako agertzen, baizik eta bineta atzean iragarki bat agertzen zelako non Imperial ageri zen. Unibertso osoa eta sakona sortu du».