Juan Luis Zabala / 2013-04-23 / 537 hitz
Mariasun Landak ‘Inurrien Hiztegia’ argitaratu du, helduentzako narrazio laburren bilduma.
«Hiztegi ez den hiztegi honek testu azpian begiratzen duten irakurleak ditu gogoko, ahazten ez dutenak iceberg batean ikusten ez diren bederatzi atalak direla, ikusten ez badira ere, hura moldatu eta eusten dutenak», idatzi du Mariasun Landak (Errenteria, 1949) Inurriatzea-n, hau da, Inurrien Hiztegia narrazio laburren bildumaren epilogoan. Narrazio laburrez osatutako liburua da Inurrien Hiztegia, Pamiela argitaletxeak helduen narratibako Kondagintza bilduman argitaratua. Inurriak dira liburuko ipuin guztien protagonistak, eta haien arteko gorabeherak gizakien arteko gorabeheren metaforak dira, testu laburretan umorez, paradoxaz, satiraz eta ironiaz emanak.
Narrazio laburrak idaztea ez da inondik ere kontu berria Landaren literaturan, egileak berak gogora ekarri duenez. «Kontakizun laburrak maiz landu izan ditut, estilistikoki gustatzen zaizkidalako; Italo Calvinoren ados nago milurteko berrirako sei proposamenetan laburtasuna, zehaztasuna eta trinkotasuna aipatzen dituenean». Narrazioetan animaliak erabiltzea ere ohikoa da Landaren obran; kasu honetan inurria hautatu du, «gizakia metaforizatzeko animaliarik egokiena» dela iruditzen zaiolako. «Oso liluragarria egin zaio beti gizakiari inurrien antolaketa soziala, grupala, taldekoa». Inurriek agerpen garrantzitsua dute Landaren Marikanta eta inurriak narrazioan ere (Erein, 2012).
«Beharbada, berriagoa izan da umorea», Landak Inurrien Hiztegia-z mintzatzean azaldu duenez. «Nik beti baloratu izan dut umorea nire lanetan, baina hemen bereziki landu dut, generoak hala eskatzen duelako. Beharbada, liburu honetan nire beste liburuetan baino lan gehiago eginarazten zaio irakurleari, harrapatu behar baitu, oso lerro gutxitan, zein den ezkutatutako mezua».
«Itxuraz irakurtzeko oso errazak diren testuak aurkituko ditu irakurleak», Landaren arabera. «Errazak oso. Baina gaitasun literarioa beharko du irakurle horrek benetan ipuinak ulertzeko. Generoak berak eskatzen duen baldintza da hori. Umoreaz gain, paradoxa, ironia eta satira izaten dira ezaugarri ohikoak testu hauetan; hizkuntzaren ekonomia, soiltasun landua, laburtasuna, zorroztasuna eta anekdoten trinkotasuna».
Horrez gain, «ludikotasunaren erreibindikazioa» ere badago Inurrien Hiztegia-n. «Bai idazten eta bai irakurtzen ondo pasatzea erreibindikatzen dut. Eta nik aitortu behar dut oso ondo pasatu dudala testu hauek idazten. Literaturarako erreibindikatzen dut ludikotasuna».
Liburua osatzen duten narrazio guztiek hitz bat dute izenburu, eta alfabetikoki ordenatuta daude izenburuaren arabera, «hiztegi ez den hiztegia» osatuz, egileak berak Inurriatzea-n dioen moduan. Ipuinekin hiztegia osatzearena «gehiegi pentsatu gabeko gauza bat» izan da. «Urte askoan idatzitako testuak dira. Batzuek urte asko dituzte; beste batzuk duela gutxikoak dira. Testu laburrek zuten kaos kutsu hori nolabait biltzeko aukera eman dit hiztegiak».
Konbentzioek ezarririko muga
Haur eta gazte literaturako 37 liburu ditu argitaratuak Landak, eta helduen literaturako bilduma batean liburu bakarra zuen argitaratua orain arte: La fiesta en la habitación de al lado liburu autobiografioa —Erein, 2007; Festa aldameneko gelan Jesus Mari Lasak egindako euskarazko itzulpenean—. Inurrien Hiztegia du, beraz, jatorriz euskaraz helduen literaturako bilduma batean argitaratzen duen aurreneko liburua. Berak ez dio, ordea, horri aparteko garrantzirik ematen. «Idazlearentzat, ez beti baina bai gehienetan, diferentzia kanpokoek egiten dute», Landaren ustez. «Kasu batzuetan zuk idazten duzu irakurleria jakin batentzat, baina beste batzuetan ez. Adibidez, Maitagarria eta desioa (Elkar, 2012) izan daiteke helduen literatura nire ustez. Askotan hor agertzen dira gure esku ez dauden alderdi edo faktore batzuk, sistema literarioak eta argitaletxeek inposatutako konbentzioak. Idazlearen sortze prozesuan argi dago batzuetan bereizketa baina beste batzuetan ez, eta gainera bost axola, garrantzitsuena ondo idaztea baita, batzuentzat zein besteentzat izan. Haur eta gazte literatura idaztea estimatzen dut eta jarraituko dut horretan, baina ez diot uko egiten helduen kolekzioetan bideratuko diren liburuak idazteari ere».