Marian Iriarte / 2013-04-11 / 517 hitz
Zeharo arrunta dugun urari buruz idatziko dut oraingoan. Aste Santuko oporretan elurretan ibiltzeak ekarri dit gogora uraren ezaugarri bitxiak azaltzeko aukera. Gainontzeko substantzien antzera, baldintza atmosferikoen arabera (presioa eta tenperatura) ura egoera fisiko ezberdinetan aurki genezake. Gainera, gure baldintza arruntetan erraza da egoera solidoan, nahiz likidoan, nahiz gaseosoan lortzea. Baina ez dago egoera edo forma solido bakarra; teorian, behintzat, izotz mota ezberdinak lor daitezke, eta horri polimorfismoa esaten zaio. Baina egia esan, baldintza arruntetan (presio atmosferikoan) izotz mota bakarra aurki dezakegu, eta, hala ere, tenperatura baxuetan elurra, kazkabarra, izango ditugu. Elurra izotz kristal txikiez osaturik dago, eta kristal horiek forma geometriko erregularrak dauzkate, hexagonoak hain zuzen ere. Elurra 0ºC-tik gertu osatzen denez, pixkanaka solidifikatzen da, eta horrek denbora nahikoa ematen dio forma erregularrak osatzeko. Egitura kristalino horri zor dio elurrak bere maluten itxura.
Kazkabarraren kasuan ez dago forma erregularrik tenperatura baxuagoan sortu baita, eta azkarrago gertatzen da solidikatzea.
Elurra egin eta gero, elurraren itxura aldatuz joango da baldintza atmosferikoen arabera. Elur geruza guztietan tenperatura antzekoa baldin bada, kristalak elkarri lotzen zaizkio, eta geruza trinko bat osatuko da. Kristal horiek oso egonkorrak direnez, luze iraungo du elur geruzak. Ordea, elur geruzetako tenperatura ezberdina bada, kristalen arteko kohesioa txikiagoa da, eta elurra arinagoa da; horixe da elur hautsa deritzona. Gauez eta egunez tenperatura aldaketa nabarmenak gertatzen direnean, gainazaleko elurrean dagoen ura izoztu egiten da eta geruza gogorra sortzen du, eta eskiatzaileek gogoko ez duten elurra sortuko da. Alderantziz gertatuko da egunez berotutakoan, elurra likido bihurtzen hasiko da eta elur geruza oso arina izango da eta ur likido askorekin. Hori ere ez da izaten eskiatzaileen gustukoa.
Baina horretaz guztiaz gain, urak badauka beste substantzia askotatik bereizten duen ezaugarri bat. Substantzia gehienetan tenperatura handiagoa denean, substantzia horren bolumena ere handiagoa egingo da; hots, dilatatu egingo da. Hori horrela da, tenperatura igotakoan, molekulek energia handiagoa dutelako eta elkarrengandik aldentzeko eta bolumen handiagoa betetzeko joera. Uraren kasuan, denok dakigu izotz pusketak ura duen edalontzi batean jarritakoan, solidoa ez doala hondora, izotzak likidoan flotatzen du; beraz, haren dentsitatea baxuagoa da. Hori zergatik? Molekulen artean dauden indar bitxi batzuei esker, hidrogenozko zubiei esker. Izotza dugunean molekulen arteko hidrogenozko zubiek egitura zurruna osatzen dute, baina egitura hori ez da oso itxia. Ordea, fusio tenperaturara iritsitakoan, hidrogenozko zubi batzuk apurtu egingo dira, baina ez guztiak, eta askatasun horri esker, egoera likidoan ur molekulak elkarrengana hurbiltzen zaizkio, eta egitura trinkoagoa sortzen da. Prozesu berberak jarraituko du tenperatura igotzen jarraitzen dugunean, eta horregatik ur likidoan dentsitatea txikiagoa egingo da, 4 ºC ingurura iritsi arte. Tenperatura horretatik aurrera, uraren portaera gainontzeko likido arrunten antzekoa izango da; hau da, tenperatura igotakoan bolumena handiagoa egingo denez, dentsitatea txikiagoa izango da.
Propietate bitxi horri esker, icebergak uraren gainazalean ikusiko ditugu (bestela, itsaso hondoan egon beharko lukete), eta horri esker ere, lakuen izoztea modu bitxian gertatzen da, goitik behera hain zuzen ere. Gainazaleko uraren tenperatura 0 ºC-ra iritsitakoan izoztu egingo da, eta haren dentsitatea ur likidoarena baina baxuagoa denez, ez da hondoratuko, eta izotz geruza horrek barruko ura babestuko du, isolatu egingo du, eta horregatik, gainazala izoztuta egonagatik ere, beheko aldea egoera likidoan egongo da. Bertan jarraituko dute bizirik animaliek eta gainontzeko landareek ere.