Alberto Barandiaran / 2013-04-03 / 576 hitz
Akiles orpotik soilik zen hilgarri. Akiles hilda, orpazurdak minik ez…» idatzi zuen asteazkenean Anjel Lertxundik, eguneroko Hitz beste sailean. Ondo ulertu banion, bere alea utzi nahi izan zuen Juan Luis Zabalak 31 eskutik blogean euskara batuari buruz jarritako eztabaida zaharberrituan, gazteen jarrera dela eta. Ondo ulertu banion, Lertxundik esan nahi zuen euskararik gabe, akabo mina, akabo arazoa. Hori dela ezbaian dagoena, ez hainbeste orpazurda edo krokodilo edo Zipre edo Danimarka idatzi behar dugun beti Akilesen taloia eta kokodrilo eta Txipre eta Dinamarka esan baldin badugu ere; arazoa ez dela, ez hainbeste, erabakitzea ondarrutarrak euskara batuan hizketan entzutea munduko gauzarik tristeena den edo ez, edo maskaradak batuaz kantatzea aldrebeskeria lotsagarri eta gatzipekoa izango ote zen, halako atentatu barkaezina herri kultur ondasunaren aurka, ezpada arazoa dela ondarrutarrekin erdaraz egin behar izaten dutenena, hain zuzen ere euskara estandarra ikasi ez dutelako, edo, askoz larriagoa dena, laster ez dela egongo maskaradak euskaraz —ez zubereraz ez batuaz— egiteko gai izango den belaunaldia.
«Aurten pausatü zauku maskaraden xoria / bihar joanen heganez, hedatzen errepika» kantatzen zuten Gamere-Zihigako gazteek, Larraineko Etchemaïte jantokiaren aurrean, joan den apirilaren hasieran, maskaradako barrikadak amaitu eta arratsaldeko predikua zabaldu aitzin elkarrekin arnasa hartzen zuten bitartean, Ricardak eta Pastisak barra-barra. Folklore galdutzat ematen genituen doinuak kapera batean bagina bezala entzun genituen, amiñi bat lehenago, Carricaburu ostatuko eskaileratik.
Ez, eztabaida ez da batua.
Herri euskaldun petoetako gazte jende molde baten artean zabalduxe omen dagoen estandarrarekiko destaina hau ez da, ezin da izan, 70eko hamarkadako hura, erreakzionarioen eta iraultzaileen artean piztu eta urte luzez iraun eta arrakala sakonak ireki zituena: alde batetik, mintzaira tradizionala, linguistikoki kontserbadorea, geografikoki zatikatua eta ahozko moldeen menekoa nahi zutenak; bestetik, hizkuntza etorkizunerako malgua, idazkerarako baliagarria, eta hiztun komunitatearendako integratzailea amesten zutenak. Ez, ezin da bera izan.
Oraingoa besterik da, intsumisio kultural antzeko zerbait.
Martxelo Otamendik ondo esplikatu zuen, iganderoko Enbaxada bila zutabe partekatu horretan, hainbaten buruan dagoen galdera: tamainakoa ote den Euskal Herriko proiektu nazionaletan kulturgileek duten pisua. Politikaren esparrutik datozen eragileak eraginkorragoak eta pragmatikoagoak izanda ere, kultur giroko jendearen ekarpenen garrantzia nabaria dela proiektu askoren atzean. Eta horrek kalte egin ote duen: filosofia asko, baina praktika gutxi. «Ez nau sekula asebete azalpen horrek» zioskun egunkari honetako zuzendariak, «iruditzen zaidalako kulturgileengatik ez balitz gure proiektu asko, gure amets asko, oraindik egin gabe egongo liratekeela».
Batua, esaterako.
Kultur arloko eragileak aritu ziren, buru belarri, 60ko eta 70eko urteetan, euskararen iraupenerako ezinbestekotzat jotzen zuten estandarraren atzean. Zerrendari begirada bat bota eta Txillardegi, Aresti, Davant, Mitxelena, Satrustegi, Lafitte… ateratzen dira. Eta, bitxia bada ere, euskararen iraupenerako ezinbestekotzat jotzen zen proiektuaren kontra hain zuzen ere politikaren esparruetakoak aritu ziren sutsuen.
Jakina, kulturari dagozkion planteamenduak ez baitira hain zirt edo zart egitekoak, zalantza gehiago sortzen dituzte. Interpretazioak berezkoak dituzte, bide desberdinak korritzen dituzte, bide kontrajarriak batzuetan ere bai, eta ez dira, beraz, politikariek hainbeste maite dituzten titular handien zaleak, «baina» eta «ordea» ugari baitituzte. Amaierako mugarriak are urrunago uzten dituzte beti, helburuak lausoagoak dira beti kulturan, politikan baino. Kulturak kontzientzia bat eskatzen du horregatik. Eta ez da erosoena izaten, ezta errazena ere.
Gamere-Zihigako gazteen mihia beste hizkuntza batek dantzatzen zuen Bergarako, Hondarribiko, Lekunberriko, Iruñeko jendearekin hitz egiten hasten zirenean, apirilaren hasieran, Larraineko Etchemaïte ostatuaren atean. Zuberera, baina batutik gertuagoko zuberera. Ahalegina zegoen, nola esan, haien eta gure aldetik. Komunikatzen ginen. Tristea? Ez nuke esango.
Uste dut horixe dela batua: ez orpazurda, ez Zipre, ez kokrodilo; zuberotarrek eta Bergarakoek elkarren berri euskaraz izateko aukera ematen duen kodea. Jarrera bat, horrela esatea zilegi bada.
Uste dut horixe zela estandarra abian jarri zutenen asmoa.