Mikel P. Ansa / 2013-05-02 / 595 hitz
Itsasoko faunaren sexua bestelakotzen ari dira antisorgailuen eta botiken osagaiak. Botikek edateko ura nola kutsatzen duten ere ikertu du OMEk.
Keinu erraza da: ahoa ireki, eta pilula sartu. Izan liteke botika bat, antisorgailu bat… Berdin dio, bere lana egingo du hartu duenaren organismoan, eta ez da hor iraungiko. Bidaia luze baten hasiera da pilula hori osatzen duten gai kimikoentzat. Gorputzak ez ditu bereganatuko osagai guzti-guztiak; izerdiarekin edo gernuarekin eta zimaurrekin kanporatuko dira. Eta han joango dira komuneko zulotik behera, hoditerian barrena. Ur araztegiek ez diete pasabidea zeharo itxiko; konposatu kimiko horien erdiak, batez beste, bere bidean jarraitu du, erreka-itsasoetaraino. Eta han, konposatu kimiko horiek oraindik indarrean baitaude, itsasoko faunari eragingo diete: ikerketa ugarik egiaztatu dute arrainengan eragina dutela botiken eta antisorgailuen konposatuek. Izatez, arrain batzuen hormonak bestelakotu dituzte antisorgailuen osagaiek, sexua aldatzeraino.
Keinu erraz batekin hasi zen bidaiak ezusteko helmuga izan du. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle talde baten ikerketak eman zituen datu argigarriak, susmoa aspaldikoa izan arren arazoari buruz ikerketa zientifiko gutxi egin baitira; 1990eko hamarkadatik aurrera bihurtu da ikerketa gai. Urdaibain egin zuten Debiur azterlana EHUko ikerlariek, Bizkaian, orain bost urte. Korrokoi arren heren bati emeen sexu zelulak atzeman zizkieten. Ostra eta muskuiluetan ere hermafroditen kopurua handitzen eta sexu organoetan aldaketak gertatzen ari zirela sumatu zuten. Gernika-Lumoko ur araztegi baten aldamenean ikusi zuten, hain justu.
Arrazoia ere aurkitu zuten: alkilfenolak. Detergente eta kosmetikoetan daude alkilfenolak, besteak beste, horiek ere urarekin batera baitoaz ur araztegietaraino. Itsasoko animalien sistema endokrinoari eragiten diote, baita hazteko, ugaltzeko eta babesteko sistemei ere. Manuel Soto EHUko katedradunak, iaz Bilbon eman zuen hitzaldi batean, antisorgailuek arrainengan duten eraginari buruz hitz egin zuen: «Pilula antisorgailuen molekula asko hormonak izaten dira, eta eragin nabarmena dute arrainen eta muskuiluen sistema endokrinoan, ugaltzeko gai ez diren organismo hermafroditak sorraraziz».
Ikerketak berriak dira, oraindik, baina guztiak ari dira antzeko emaitzak azaleratzen. Ebroko urei jarraituz, Nafarroan, Espainian eta Herrialde Katalanetan aurkitu dituzte botiken eraginaren arrastoak. Ebron, zamo arrak aurkitu dituzte, obariodunak. Mediterraneoan, barbarinetan antzeman dute. Galizian ere bai: Nucella lapillus barraskiloen artean, zakil txikiak dituzten emeak topatu dituzte. Frantzian, Bordele inguruko ibaietan eta Senan aurkitu dituzte ibuprofeno, aspirina eta antidepresibo arrastoak. Kanadan eta Amerikako Estatu Batuetan, prozac arrastoak. Orain arteko aurkikuntza bitxiena Italian egin dute, hala ere: Po ibaian uste baino kokaina hondakin gehiago aurkitu zituzten. Beste ikerketa batzuen arabera, gorputzak metabolizatzen ez duen kafeina ere itsasoraino joaten da. Askotariko substantziak, komuneko zulotik harago doazenak.
Osasunari kalterik ez
OME Osasunaren Munduko Erakundera ere iritsi da kezka. Botikek edateko uretan eragin ditzaketen kalteei buruzko ikerketa bat egin zuen. Betiere nabarmenduz botikak ezinbestekoak direla izakien osasunerako, zehaztu zuen ikerketa ugari egin direla azken urteetan, eta guztiek eman dituztela antzeko ondorioak, bai araztegietako uretan, bai ur sorburuetan, bai edateko uretan egin diren ikerketetan. Edateko uretan ere aurkitu izan dituzte botika horien arrastoak, OMEren esanetan, nahiz eta oso toki gutxitan eta kopuru txikietan izan. Ikerketak ondorioztatu zuen, hala ere, oso-oso kantitate txikietan sumatu dituztela arrasto horiek, eta ez dutela pertsonen osasunarentzat arriskurik. Horregatik, OMEk ez du beharrezko ikusi edateko uraren tratamendurako azpiegitura eta tratamendu berriak ezartzen hastea.
Horren ordez, bestelako aholkuak eman ditu OMEk: prebentzioan eragitea —ikerketa batzuen arabera, Europako herritarren %20k komuneko zulotik behera botatzen ditu botikak, hartu ere gabe—; araztegietako urak tratatzeko azpiegituretan ikerketa sustatzera ere aholkatu du, botikak uretatik kanpo edukitzeko moduak aurkitzeko.
Frantzian beste ikerketa batek eztabaida berria plazaratu du apirilean: France Libertes taldeak eta 60 Milioi Kontsumitzaile kazetak ur botilaratuak ikertu dituzte, eta pestizida eta botika hondakinak aurkitu dituzte botilen %20tan. Kantitate oso txikietan aurkitu dituzte konposatuak, eta ez dutela inolako arriskurik eragingo erantsi dute, baina uraren kutsaduraren arazoa berriro ere mahaiaren gainean jarri dute.