Izu-izua

IZU-IZUA AZALA.inddEgilea: Jokin de Pedro
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Taupadak
Urtea: 2012
ISBN:978-84-9027-012-7
R: 6.909

Izenburuak dioen bezala, izua eragiteko hiru istorio aurki ditzakegu liburu honetan, eta horrelakoak atsegin dituztenentzat, dudarik gabe, kontakizun entretenigarriak izan daitezke; hala ere, badago aldea haien artean, eta, irakurlearen sentiberatasunaren arabera, ez du berdin gozatuko hirurekin, ez, behintzat, modu berean.

Lehenengo istorioa, Beso baten istorioa, oso gordina da, eta, nire iritziz, ez da egokiena liburuari hasiera emateko; irakurleak bere hautua egin dezakeenez, bukaerarako uztea gomendatuko nioke, edota irakurri gabe, oso samina eta gogorra gertatuko zaiola uste baldin badu.

Izu-izua da bigarren istorioaren izenburua, eta, bertan, narratzaileak gogora dakarkigu Alfred Hitchcock zinema zuzendariaren Psyko filma; paralelismo horretan oinarrituta, suspentse eta misterio giroa sortzea lortu du. Genero gotikoari dagokiola esan dezakegu, istorio honetako etxe misteriotsuaren itxura dela-eta; Psyko filmeko etxeak bezalaxe, beste narrazio batekoaren antza handia du, Edgar Allan Poeren Usher etxearen eroraldia-n agertzen denarekin, alegia.

Sukaldari baten istorioa da hirugarren kontakizuna. Lagun baten eta bere morroiaren arteko harreman bitxia argitzen saiatuko da protagonista. Ikerketaren berri emango dio irakurleari bere narrazioaren bidez, eta pertsonaia misteriotsua sukaldaria denez, gastronomiaren gaineko xehetasunekin ere gozatzeko parada izango dugu. Bukaera harrigarria suertatuko da, zalantzarik gabe.

Gaiak: esaera zaharrak dioen bezala, zuri guztiak ez dira irinak; ezin gara itxuran bakarrik oinarritu, jendea ezagutzeko garaian. Hiru istorioetan, hasierako aurre-iritziak baliogabetuta gelditzen dira amaieran, eta horretaz ohartarazi ahalko zaie ikasleei.

Gai pedagogikoez gain, garrantzitsuagoa izan daiteke alde literarioei erreparatzea: horrelako kontakizunak sortzeko baliabideak nondik ikasi erakutsi, eredutzat zer har daitekeen azaldu, genero bereko filmak zein ipuinak, esaterako, ikusteko aholkatu, eta komentatu; hitz batean esanda, sormen prozesua erraztu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.