Are atzerago eta are ahaltsuago

Amaia Portugal / 2013-09-19 / 891 hitz

Lehen aldiz in vivo metodoa erabilita, zelula helduak zelula ama enbrionario izateko birprogramatu dituzte CNIOko ikerlariek; lortu duten uztak espero baino kalitate handiagoa izan du.

Zelula baten erloju biologikoa atzerarazi daitekeela badakigu gaur egun. Zelula heldu bakoitzak ondo daki bere funtzioa zein den, baina heldugabe diren une horretara itzultzeko birprogramatu daitezke. Hastapenera eraman, oraindik nork bere espezializazioa ez duen puntu horretara: berriz zelula ama enbrionario baten ezaugarriak izatera. Hala frogatu zuen Shinya Yamanakak duela hamarkada bete. Orain, iazko Medikuntzaren Nobel saridunak in vitro lortu zuena in vivo egin dute Espainiako Onkologia Ikerketen Zentroan (CNIO).

Emaitza horren berri ematen duen artikulua joan den astean sareratu zuten Nature aldizkariaren webgunean —Maria Abad da lehen egilea bertan—. Urrats bat gehiago medikuntza birsortzailearen ibilbide luzean. Izan ere, etorkizunean, oraindik funtzio zehatzik ez duten zelulek agian aukera emango dute nahi diren bidetik eraman ahal izateko, sendatu nahi den ehun jakin horrek behar duen zelula mota bihurtzeko. Hori da helburua, behintzat.

Zer ekarpen egiten dio lorpen honek, baina, Yamanakak argitaratutakoari? Hasteko, Nobel saridunak laborategi plaka baten gainean egin zuen sagu baten zelulen birprogramazioa lortzeko prozedura. Manuel Serrano CNIOko ikertzaileak zuzentzen duen lan honek, aldiz, erakutsi du saguaren organismoan bertan egin daitekeela eraldaketa hori. In vitro-tik in vivo-rako jauzia eman dute lehenbizikoz, ondorioz.

«Yamanakak birprogramaziorako baliatu zituen faktoreak dituzten sagu batzuk ditugu. Beste laborategi batzuetan ere badituzte horrelakoak; izan ere, sagu horien zelulak in vitro jartzen badituzu, konposatu kimiko bat eman eta oso erraz birprogramatzen dira. Horrexegatik ditugu sagu horiek guk ere», dio Serranok. CNIOn, ordea, beste laborategietan bururatu ez zaien esperimentu bat egitea otu zitzaien: zelulak saguetatik plakara atera beharrik gabe, in vitro baliatzen duten prozedura hori bera animalion organismoan bertan egin ote daitekeen aztertzea.

Serranok esan bezala, «zientzian oso garrantzitsua den galdera bat egin genion geure buruari: Zer gertatuko litzateke halako egingo bagenu? Zientziaren ikuspegitik ez da batere galdera dotorea, baina jakin-minak eragindako ikerketa ere bada garrantzitsua. Ezustekoak gerta daitezke, ordea. Eta ezustekoak aurkitu ditugu».

Zelula totipotenteak

Izan ere, ia oharkabean, in vivo esperimentuak jauzi are handiago bat ekarri du: zelula pluripotenteak eskuratzetik totipotenteak lortzera igaro dira. Izan ere, Serranok azaldu bezala, zelula ama enbrionarioek pluripotente izena hartzen dute, baina birprogramazio honek ekarri dituen zelulak are goiztiarragoak dira. Totipotenteak: ahalmen handiagoak dituzte, eta lanerako malguagoak dira.

«Zigotoekin zelulen aurreneko bereizketa gertatzen denean, zelula batzuk enbrioia sortzera bideratzen dira, eta beste batzuk enbrioiaren kanpoaldeko ehunak osatzera —plazenta, kasurako—. Lehenengoek, zelula ama enbrionarioek, ezin dute, adibidez, plazentarik sortu», azaldu du Serranok. Halakoak dira Yamanakak eskuratu zituenak. CNIOn lortutako zelulek, berriz, aurreneko bereizketa hori baino lehenagoko punturaino egin dute atzera:«Goiztiarragoak dira, enbrioia nahiz plazenta osatzeko ahalmena dute oraindik».

Itxuraz zelula pluripotenteek dituzten akats txiki batzuk zuzentzeko baliagarria da hori, baina Yamanakaren zelulak zenbateraino hobetu dituzten ikusteke dago oraindik. «Sendoagoak izan beharko lukete, eta malguagoak dira plazenta osatzeko ahalmena duten heinean. Baina, adibidez, gibeleko edo bihotzeko zelula hobeak ekoizteko balioko ote duten, ez dakigu oraindik», dio Serranok.

Ikerketak ez du hobekuntza praktikorik ekarriko bere horretan. Birprogramazio hori kontrolatu dezaketela egiaztatu behar dute orain: «Zelula helduak guk eraman ditugun muturreraino eramaten baditugu atzera, teratoma izeneko tumore bat sortzen da. Zelulek atzera egitea nahi dugu, esaterako, bihotz bat sendatzeko baliagarriak diren punturaino, baina ez teratoma bat eragiteraino. Frogatu behar dugu birprogramazio hori kontrolatua eta behin-behinekoa izan daitekeela, ehunak sendatzeko onuragarria izan dadin».

Horrez gain, CNIOko ikertzaileok badute beste erronka bat: sagu bati giza zelulak txertatu eta horiek birprogramatzerik ba ote dagoen ikusi nahi dute. «Gizakien zelula ama enbrionarioak saguenak baino garatuago daude. Pluripotenteak dira berdin-berdin, baina praktikan arazo gehiago dakartzate: zailtasun handiak izaten dira horiek hazteko, baliatzeko eta kontrolatzeko. Saguenak, aldiz, oso ondo maneiatzen dira. Oraindik inork ez du lortu gizakien ama zelula enbrionarioekin urrats bat atzera egitea saguenen pare jartzeko. Ikusi nahi duguna da ea prozesua sagu baten barruan eginda lortzen dugun», adierazi du Serranok.

————————

Klonazioa, berriki iratzarri den lehiakidea

Nukleo transferentziaren teknikak zeresan handia eman du aurten, baina zelula ama enbrionarioak lortzeko modurik errazena eta merkeena birprogramazioa dela berretsi du Serranok; ikertzaileen artean adostasuna ez da erabatekoa, eta lasterketak aurrera darrai.

Nork bere onurekin eta gabeziekin, zelulak lortzea eta horiekin ehunak osatzeko bidean lan egitea ahalbidetzen duten lau tresna daude: zelula ama helduak, izoztutako enbrioietatik datozen zelula ama enbrionarioak —in vitro ernalkuntza—, birprogramatutako zelulak eta nukleo transferentziaren teknika —klonazio prozesuaren zati bat— bidez egindakoak.

Azken horrek zeresan handia eman zuen aurtengo maiatzean, Amerikako Estatu Batuetako Oregongo Unibertsitateko ikertzaile batzuek iragarri baitzuten klonazio bidez lortutako lehen giza zelula ama enbrionarioak eskuratu zituztela.

Zelula ama helduen erabilerak edo izoztutako enbrioietatik eratorritakoenak baino askoz ere aukera malguagoak emango lituzkete birprogramazioak eta klonazioak, eta bi teknika horietan egindako edozer aurkikuntzak oihartzun handia izaten du horregatik. Bazirudien birprogramazioak aurrea hartua ziola azkenaldian klonazioari. Oregongo Unibertsitatearen aurkikuntzak atera du atzera auzitara nukleo transferentziaren teknika, baina Serranok ez du zalantzarik: «Ia mundu guztiak uste du birprogramazioa erabiliko dela. Transferentzia nuklearra metodo baliagarria da, baina teknikoki oso konplexua. Gainera, giza obozitoak behar dira. Zailtasun horrek inplikazio komertzialak ditu, etikoak… Birprogramazioa, berriz, edozein laborategik egiteko modukoa da».

Hala ere, klonazioaren albistearen harira, BERRIAk maiatzean egin zuen inkestan, Ana Agirre EHUko Genetika irakasleak klonazioaren abantaila batzuk goraipatu zituen, birprogramazioarekin alderatuta: «Birprogramazioan, zelula helduetan egiten den indukzio hori egiteko genoma eraldatu behar da, eta eraldaketa horiek daramatzaten zelulak ezegonkorrak dira; ez dakigu oso ondo zer efektu izango zukeen horrek terapia moduan erabiliko balira. Zelula enbrionarioetan [klonazioaz ari da], berriz, genoma ez dago teknikoki aldatuta, eta etorkizunak itxura hobea du aplikazioei dagokienez».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.