Juan Luis Zabala / 2013-09-15 / 1.315 hitz
JosAnton Artze eta Koldo Izagirreren poema liburuak eta Atxagaren nobela nabarmentzen dira udazkeneko liburuetan.
Montoia, Epaltza, Agirre, Luku, Sarasua eta Garikanoren liburu berriak ere izango dira.
Urtero bezala, euskal idazlerik ezagunenetako batzuen liburu berriak plazaratuko dituztela iragarri dute argitaletxeek udazkenari begira, irailarekin hasi eta abenduaren hasierara —Euskal Liburu eta Diskoen Durangoko Azokara— doan tartean. Poema liburuen eta eleberrien atalean ageri dira zerrendako izenik ezagunenak: JosAnton Artze eta Koldo Izagirre poesian; Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza, Xabier Montoia eta Joxean Agirre eleberrietan, Joan Mari Irigoienekin batera, Irigoienek kaleratua eta aurkeztua baitu dagoeneko bere eleberria. Nolanahi ere, izango da liburu aipagarririk beste atal batzuetan ere: Jon Sarasua, Antton Luku eta Asun Garikanoren saiakerak, adibidez; edo Uxue Alberdi eta Xabier Etxaniz Rojoren ipuin liburuak; haur eta gazte literaturako eskaintza oparoa; jatorri eta garai askotako idazleen lanen itzulpenak…
Bi itzulera garrantzitsuren lekuko izango da aurtengo udazkena poesiaren plaza. JosAnton Artze ez ezik, Koldo Izagirre ere itzuliko baita, Parisen bizi naiz (besterik ezean) liburuarekin; aspaldiko partez esateko moduan, nahiz eta ez Artze bezain aspaldiko partez. Artzek bi poema liburu kaleratuko ditu, orain hurrengoa —Ortzia lorez, lurra izarrez, Elkar, 1987— kaleratu zuenetik 26 urtera: Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza. Izagirreren kasuan, zazpi urte dira orain hurrengo poema liburua —Rimmel, Susa, 2006— argitaratu zuenetik.
Izagirreren liburua azaroan iritsiko da liburu dendetara; baita sarera ere, Susako liburu ia guztiak bezala. «Hiria eta jendea dira liburuko ardatz nagusiak», Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak azaldu duenez. «Poema eta kantu zorrotz eta jolastiak konbinatuko ditu sakon eta intimoekin. Sorpresa bereziz betetako liburu ugaria izango da formetan». Ez baita, izan ere, Izagirre, berarengandik espero dena besterik gabe egitearekin aise etsitzen duen idazlea.
Artzeren bi poema liburuek idazleak azken urteetan —azken hamarkadetan— idatzitako poemen heren bat inguru bilduko dituzte, egileak beste lau poema liburu osatzeko lain poema baititu dagoeneko idatziak baina oraindik liburu moduan antolatu eta argitaratu gabe. Urri hasieran iritsiko dira plazara.
Izenburuan bizitza eta heriotza aipatzen diren arren, ez dira horiek irakurleak Artzeren bi liburu berrietan aurkituko dituen gai bakarrak, egileak azaldu duenez. «Izenburuak liburuaren bizkarrezurra zein den adierazten du, baina gero horren inguruan beste gai asko agertzen dira, denak lotuta baitaude. Bizitza eta heriotza maitasunarekin lotuta daude; maitasunak gainditzen ditu heriotzaren moduak, eta gizarteko gorabehera guztiekin ere badu harremana: gurasoek haurrekiko, haurrek gurasoekiko, hizkuntzaren arazoak… Guztiak bata bestearekin elkartzen dira. Liburuetan mota guztietako gaiak agertzen dira».
Obabakoak, beste era batez
Bernardo Atxagaren Nevadako egunak eleberriak ere badu itzuleratik zerbait, kasu honetan egileak genero bereko orain hurrengo liburua argitara eman zuenez geroztik —Zazpi etxe Frantzian eleberria, Pamiela, 2009— hainbeste denbora igaro ez bada ere. Askotariko testuak batasun baten barruan biltzen dituen nobela bat izango da: fikzioak, kronikak, saiakera txikiak… Horretan izango du, beraz, egile beraren Obabakoak-en antzik.
Horrez gain, Atxagaren Obabakoak-en agertu ziren gai batzuk agertuko dira Nevadako egunak-en ere, Atxagak Tolosaldeko Hitza-k iragan ekainean argitaratutako elkarrizketan adierazi zuenez: «Lan honetan berriz ere Obabakoak liburua bisitatuko dut, nahiz Nevadako ibilerak ere kontatuko ditudan. Obabakoak-en lehenbizikoz jorratutako gai asko ukituko ditut berriro, eta nahiz eta beste modu batera, atzean fenomeno berbera egongo da».
Elementu autobiografiko asko batuko ditu Atxagaren liburuak, bereziki egileak Nevadan duela bost urte egindako egonaldikoak. Pertsonaia asko eta askotarikoen istorioak eta haien inguruko gogoetak ere aurkituko ditu irakurleak liburuan: Paulino Uzkudun, Barak Obama eta Lawrence…
Aingeru Epaltzak Erresuma eta Fedea trilogiako hirugarren liburukia kaleratuko du, Mailuaren odola eta Izan bainintzen Nafarroako Errege-ren ondorengoa, eta, haiek bezala, historia dokumentatua eta fikzioa uztartuz eraikia. Lehenak Nafarroa Beherea zuen gertaleku nagusi, bigarrenak Paris, eta hirugarrenak Iruñea izango du. Hara doa Joanes Mailu, erregearen aginduz, espioi lanak egitera, gerria matxinadarako prestatzeko, espainiar inbasoreak kanpora egotz ditzaten.
Atxiloketa batetik abiatuta
Xabier Montoiaren nobelak Felix Goñi abokatua izango du protagonista. Gau batean brastakoan etxera sartuko dira ertzainak eta Eneko semea atxiloturik eramango dute. Ordutik aurrera zeharo aldatuko da haien bizitza, pentsamoldea, izaera…
Joxean Agirreren Adiskide bat nuen nobela «Donostia eta Venezia artean kokatzen da», Elkar argitaletxeak aurreratu duenez. «Kapitulu laburretan zatituta, narratzaile eta protagonista den gizonezko heldu baten ahotsean lauzpabost hari aldi berean garatuz, idazlearen marka diren ezaugarriekin: hizkuntza jolasti-dotorea, etengabe irribarrea pizten duen tonu ironikoa, erotismo bizizale eta sentsuala…».
Saiakeraren arloari dagokionez, aipagarria da Pamielaren ekarpen hirukoitza. Jon Sarasuaren saiakera liburua, Hiztunpolisa, osatzen duten testuak «euskararen norabideaz pentsatzeko angelu batzuk hartuta, zatika egindako begiratuak dira, adar anitzetan barreiatuak», egileak azaldu duenez; «biderako apunteen forma dute gehienek, zer egin? dioen galderaren bueltan». Antton Lukuren Libertitzeaz euskarazko antzerkigintzako arazoen inguruko hausnarketa da, herri antzerkiaren eta herri kulturaren praktikak sortutako dinamikatik abiaturik taxututakoa. Asun Garikanok argitaratuko duen liburuak hara joandako euskaldunek Kaliforniaren esplorazioaren eta kolonizazioaren garaian (1533-1848) egindako lanen berri ematen du.
Lukurenak bezala, antzerkiarekin zerikusi zuzena izango du Harkaitz Canok Edo! argitaletxearen Xortak sailean kaleratuko duen saiakerak ere, txaloa baitu gai nagusi eta ardatz.
Beste hizkuntza batzuetatik abiatuta, itzulpenaren bidez euskarari ekarriko zaizkion liburuen artean, berriz, ohi bezala, idazle ezagunenak daude, hala nola Virginia Woolf, Mary Shelley, Elias Canetti, Sylvia Plath eta Mo Yan, adibidez. Woolfen kasuan, haren liburu bi dira aipatzekoak: batetik, Gela bat norberarena obra ezagun eta enblematikoa eman du argitara Consonni arte ekoiztetxeak, Maria Colera Intxaustik egindako itzulpenean; bestetik, Dalloway anderea eleberria kaleratuko du Edo! argitaletxeak, Itziar Diaz de Ultzurrunek itzulita. Mary Shelleyri dagokionez, haren Frankestein dago Ereinek iragarri dituen itzulpenen artean, Elias Canettiren Mihia aske-renarekin batera.
Cenlit argitaletxearen Denonartean zigiluak Sylvia Plath poetaren Ariel eta beste poema batzuk liburua argitaratuko duela iragarri du. Liburua osatzen duten poemen itzulpenen egilea Iñigo Astiz BERRIA egunkariko erredaktorea da.
Ohi bezala, Elkar argitaletxeak iazko Nobel saridunaren liburu baten euskarazko itzulpena kaleratuko du, itzultzaileak Jokin Zaitegi beka irabazi eta gero. Kasu honetan Mo Yan da Nobel sariduna, eta Aiora Jaka eta Maialen Martin Jokin Zaitegi bekaren irabazleak. Jakak eta Martinek itzulitako liburua, Hori da umorea, maisu!, «Mo Yanen unibertso literarioa ezin hobeto jasotzen duen ipuin-antologia» da, Elkarrek adierazi duenez. «Iraultza Kulturalaren urteetako Txinako nekazari herrixketako giroa, jende xehearen buruhausteak bizimodua aurrera ateratzeko, modernizazioak berarekin dakartzan kontraesanak… Hori guztia, pertsonaiekiko enpatia sortzen duen idazkera trebez eta xehetasunarekiko maisutasunez».
Baina idazle ezagunenak ez ezik, izango dira liburu kolektiboak ere euskarara ekarritakoen artean, bi bai gutxienez: Aiztoa eta arkatza (Txalaparta) eta Hobe kontatzen ez badidazu (Pasazaite). Irati Jimenezek hautatu eta euskaratu ditu Aiztoa eta arkatza liburua osatuko duten testuak, eta Antton Olariagaren ilustrazioak lagun dituztela plazaratuko dira. Idazteko askotariko aholkuak biltzen dituen liburua da, Txalaparta argitaletxeak iragarri duenez: «Zentzuzkoak, sinestezinak, barregarriak… idazteaz bezainbeste idazleari buruz hitz egiten digutenak. Horregatik, idaztearen harra barruan ez daukan irakurleak ere gozatua hartuko du idazteari, lanari edo bizitzari buruzko tratatu sorta honekin». Hobe kontatzen ez badidazu liburua, berriz, Quim Monzo, Imma Monso, Sergi Pamies, Empar Moliner eta Francesc Seresen katalanezko ipuinen itzulpenekin osatua da. Aritz Galarragak egin du haien hautaketa, eta Gerardo Markuletak euskaratu ditu.
Gerardo Markuletak katalanetik euskaratuak dira Zenbait poeta katalan liburuko poemak ere. Ibaizabal argitaletxeak kaleratu zuen liburua 1997an, Literatura Unibertsala bilduman, eta orain Elkar argitaletxeak berrargitaratu egingo du, eguneratuta, Urrezko Biblioteka bilduman; Josep Carner, Josep Vicenç Foix, Carles Riba, Salvador Espriu, Gabriel Ferrater, Vicent Andres Estelles, Joan Vinyoli, Joan Salvat-Papasseit eta Pere Quarten poemak batzen ditu liburuak. Bilduma berean beste liburu bat ere kaleratuko du Elkarrek: Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzkuak eleberria, Ana Isabel Moralesek itzulia. Itzulpenaren lehen bertsioa 1996an argitaratu zuen Ibaizabalek, Literatura Unibertsala bildumaren barruan.
Haur eta gazte literaturaren arloan ere bada —liburu berri ugarirekin batera— berrargitalpenik. Galtzagorri elkartea arloko liburu klasikoak berreskuratzeko eta zabaltzeko ahalegina egiten ari da Klis-Klasikoak bildumarekin, eta bilduma horretan kaleratuko dute Pamielak eta Galtzagorrik Xabier Olasoren Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak liburua. Bilduma berean kaleratuko den beste liburua ez da berrargitalpena, klasiko baten itzulpen berria baizik: Grahame Kennethen Haizea sahats artean, Miren Arratibelek euskaratua eta Elena Odriozolak ilustratua.
Argitaratuko diren liburuen kopuruari dagokionez, ez dago datu zehatzik, baina igartzen da beherakada bat aurreko urteetako emanarekin alderatuz gero. Argitaletxe batzuek dituzten arazo ekonomikoen adierazleen artean, kezkagarriena da Alberdaniak, urte osoan liburu bakarra argitaratu eta gero, urte amaierarako liburu berririk ez iragarri izana, batez ere kontuan izanda argitaletxe horrek 20 urteko bere historian euskal literaturari egin dion ekarpenaren garrantzia.