Basabe erreka inguratuz

Mikel Arrizabalaga / 2013-09-20 / 538 hitz  

Erreka txiki hau inguratzen duten mendiek Larraun eta Araitz haranetako ikuspegi zabala eskaintzen dute; Lizartza herritik abiatuko da ibilaldia, eta hantxe amaituko da.

Araxes ibaiak Lizartzan bere urak isurtzen ditu Basabe errekak, eta Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugetan dauden mendien magaletatik jaisten da. Erreka inguratzen duten mendien magalek osatzen dute ibar txiki eta ezezaguna, eta, hori inguratuz, Aralarko Mailloen ikuspegi zabala bezain ederra izango dugu. Itzulia amaitzeko, Orixe idazle ezagunaren jaioterria den Orexatik pasatu, eta Lizartzara jaitsiko gara.

Lizartza herrian (Gipuzkoa) ibilgailua utzi, eta errepidetik Orexa aldera joko dugu. Berehala ikusiko ditugu PR-Gi 10aren bide-seinale zuri-horiak, eta horiek erakutsiko digute nondik jarraitu behar dugun. Aldapan gora jarri bezain pronto, errepidea utziko dugu, eta gure eskuinera ikusiko dugun zubia igaroko. Tarte horretan, seinaleak ez dira oso nabarmenak, eta tentuz ibili beharra dago. Basabe errekaren beste aldean, eskuinetik ateratzen den bidezidorrak Axurdarioko magala zeharkatzen du, eta progresiboki goraka doa, Amaitzarretako gainera heldu arte. Toki horretan, eta gure ibilbidetik kanpo, Axurdarioko trikuharria non dagoen adierazten duen egurrezko hesolarekin egingo dugu topo.

Narbaitzuko gandorrean zehar eroso egingo dugu aurrera, eta, bat-batean, Mailloetako lehen ikuspegi zabala ikusi ahal izango dugu, aurrez aurre ikusiko dugun Urkitako tontor aldera jarraitzen dugun bitartean. Bidegurutze batera jaitsiko gara segidan, Elorrigaineko lepora, hain zuzen ere, eta, han, GR 121ari —Gipuzkoako itzulia— dagozkion bide seinale zuri-gorriak ikusiko ditugu. Horiek jarraituz gero, erreka hondora jaitsiko ginateke; beraz, aurrean dugun bide zabaletik igotzen hasiko gara. Pista zabalari jarraituz, ezkerraldetik joko dugu borda baten ondora iritsi arte, eta, aurrerago, Nafarroako Biraren seinale zuri-gorri zaharrak aurkituko ditugu. Balizatutako bide hori baliatuko dugu Urkitako mendi tontorrera igotzeko. Bide zabala utzi, eta ezkerraldetik ateratzen den xendatik erraz igoko gara mendiaren oinera. Hortik tontorrera ailegatzeko, pagadian marrazten den bidezidorrean zehar egingo dugu. Malda pikoa gainditu, eta basotik ateratzean gertu ikusiko dugu Urkitako gailurra. Merezi du han eseri, eta aurrez dugun panoramikaz gozatua hartzea, Mailloetako zirku ikusgarriaren magal bertikalak Araitz haranean amilduz osatzen duten postal ederra.

Orexatik Lizartzara

Abian jarri, eta gandorreko haitz artean egingo ditugu hurrengo urratsak tentu handiz. Pagadian murgildu, eta berehala jaitsiko gara lepo zabal batera. Aurrez aurre izango dugun maldan gora jarri, metalezko ataka gainditu, pagadian murgildu, eta pista belartsutik erraz igoko gara museoko tontorrera. Han, hontz baten irudia duen gutunontzi bitxia aurkituko dugu. Xendatik segi, eta antzinako GR 9arekin egingo dugu topo —CRP edo Cañada Real de las Provincias—. Leku horretan, ezkerraldera hartu, eta azkar hasiko gara beheraka, Merkuesaten dioten leporaino. Bide zabaletik gora egingo dugu laranja koloreko seinaleek erakutsiko diguten norabidean. Ulizar ingurura iristean, bide nagusitik atera, eta gailurrera igoko gara, eta handik dagoen panoramikaz gozatuko dugu.

Atseden txikiaren ostean, pistara itzuli, eta lepora jaitsiko gara. Areso aldera doan bidea gure eskuinera utzi, eta ezkerraldetik ateratzen den zidorra hartuko dugu, eta Uliko atseden eremura jaitsiko. Pista zabalak bidegurutze batera eramango gaitu, eta ezkerraldetik Orexa herrira jaisten den bidea aukeratuko dugu. Erraz egingo dugu beherantz, eta, herrira iristean, Orixe idazle euskaldun ezagunaren eskultura ikusiko dugu. Herrian bertan, PR-Gi 10aren bide seinale zuri-horiak errekuperatuko ditugu, eta, San Markos baseliza gure eskuinera utzi eta gero, pista luze eta aspergarri batek Iraola bordaren ondora eramango gaitu. Gaztelu herrira doan bidea utzi, eta zelaian zehar jaisten hasiko gara Lizartza aldera. Muñoako gaina inguratu, Zelarain edo Zalain baserriaren ondotik pasatu, eta herrigunean sartuko gara, eta akabo ibilaldia.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.