Bastidako artelan bidea

Josean Gil-Garcia / 2013-09-27 / 573 hitz

Toloño aldera begira dagoen bizkar bitxia korrituko dugu, natura oparoaz, artelanez eta aspaldiko eraikuntzez gozatzeko xedez.

Bastidan (Araba) dagoen Jatorrena jatetxearen aurreko aparkalekuan jarriko gara abian, hots, Gasteiz, Haro eta Guardia lotzen dituen errepidean. Florida kaleari jarraituz, erdigunera joko dugu, eta, Kale Nagusiarekin bat egitean, eskuinera okertu, Bakearen plazara iritsi arte. Eliza monumentalaren behealdean gaudenez, haren handitasunak arreta osoa erakarriko digu, zinez. Tenpluaren aurreko eskaileretatik gora egingo dugu, betiere Zumarrerazko Igoera kalea erreferentziatzat hartuta.

Behin aldatsa amaiturik, harresian irekitako Toloñoko Arkua ikusiko dugu. Hiribildura sartzeko aspaldiko atea zen, harlandu onez eraikia. Erditik igarota, garaiera hartzen hasiko gara. Porlan bideak Bastida inguruko landaretza ezagutzen lagunduko digu. Propio jarritako seinale txikiei jaramon eginda, Mediterraneoko klimak eragindako hainbat eta hainbat espezieren berri izango dugu. Esfortzu txikia eginda, ibilbideko lehen talaiara iritsiko gara. Sonsierrako lurralde aldera ikuspegi itzelak izango ditugu behatoki natural horretatik, baita Toloñotik hasi eta Herrera mendaterainoko tarte malkartsuaren gainekoak ere.

Bastidako gaztelua

Bizkarrean eskuinera jo, eta Gazteluko talaiara igoko gara. Bisitaria zur eta lur geratuko da behatokira iristean; izan ere, tontorretik panoramika zabala izanagatik ere, are bitxiagoa gertatuko zaio ibiltari kuriosoari planisferio bat bertan ikustea. Zeruko konstelazioak ezagutzeko balia dezakegu tresna bitxia, betiere ibilbidea gauez eginez gero. Zeruertzaren misterioak erakarrita dagoenak, gainera, Bastidako herriak forua jaso zueneko gauaren itxura bertatik bertara ezagutzeko aukera izango du.

Zabalgune honetan, gotorleku bat existitu zen, historialariek diotenez. Bastidako gaztelu zaharraren berri izan dugu aipamen bat agertzen delako 1370. urteko dokumentu batean. Hari esker ezaguna da Bastidako hiribildua eta bere gaztelua Gesaltzako kondeak eskuratu zituela, Erdi Aroan. Dena den, baliteke eraikina askoz ere zaharragoa izatea, talaiaren oinaldean Bastidak izan zuen lehen parrokia altxatzen dela kontuan hartuta. Edozelan ere, Erdi Aroko gaztelua ibilbidean bisitatzen ari garen tontortxoan gailendu zen. Gaur egun gailurra hareaz estalita ikusi arren, bestelako itxura erakutsi du tokiak uda honetan: EHUko ikerlariek indusketa lanak egin dituzte arrasto historikoak azalera ekartzeko asmoz. Gotorlekua Ebro ibarraren gainean nagusitzen baitzen, eta haren funtzioa eta garrantzia egiaztatu nahi izan dute arkeologo adituek.

Oinezkoen bidea

Gaztelutik jaitsi eta bizkarrari helduta, iparraldera egingo ditugu urratsak. Aurrez aurre Toloño mendigune handia ikusiko dugu, ikuspegia kareharrizko horma sendoek irmoki ixten dutela. Izeiak eta pinuak gogaide, xendari jarraituko diogu. Mendebaldera begira egoteko aukera bikaina baliatuz, Buradon eta Bastida herrien artean altxatutako San Kristobalgo gaina ikusiko dugu.

Abaritza, ezkaia, izpilikua eta, besteak beste, ipuru landareek bazterrak hartuko dituztela nabarmenduko dugu bidean aurrera egin ahala. Landareon konpainian, paseo goxoa egingo dugu. Zehar-zehar, une oro sestra kurbari men eginez. Lehen eskulturak begi bistan izango ditugu laster. Bide ertzean kokatuta daude, bisitaria haiei noiz erreparatuko zain. Batzuk sinboloak dira; beste batzuk, irudi harrigarriak. Pedro Pablo Amurrio artistak eginak dira denak. Aire zabaleko museo baten moldean, San Gines parkerantz abiatuko gara artelanez gozatuz.

Almendrondoak dituen bigarren talaiara iritsiko gara berehala. Akueduktu eta ubide baten inguruko xehetasunak dakartzan argibide taula bati erreparatuko diogu han. Izan ere, Bastidako hiribildua urez hornitzeko xedez, lan hidrauliko ederra gauzatu zuten aspaldi. Gaur egun ikusten ditugun arrastoak, ordea, modernoagoak dira.

Gandorra korritzen duen bidea amaitzean, ezkerrera egingo dugu bidebanatzean eta San Gines parkera iritsiko gara. Sartu-irtena egingo dugu atsedenlekua edertzen duen basotik zehar. Lizarrak, gaztainondoak, pinuak, izeiak eta makalak ikusiko ditugu han, paradisu ederra osatzen dutela. Parke erdian San Gines baseliza ikusiko dugu, eta, tenpluari atxikita, taberna bat. Eraikinaren aurretik igaro eta aparkalekura irtengo gara. Bertan, ezkerrera egin, eta Bastidara joateko bideari ekingo diogu. Errepidea saihestuta, parkearen ondotik doan partzelaria hobetsiko dugu. Harrizko etxalde zahar batera iritsitakoan, ezkerreko bidetik segitu, eta Bastidako aparkalekuan amaiera emango diogu ibilbideari.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.