Iker Tubia / 2013-09-12 / 442 hitz
Argi kutsadurak eragiten dituen kalteak eta haiek konpontzeko bideak azaltzen dituen dokumentala aurkeztu dute Iruñeko Planetarioan, gaueko zerua babesteko jardunaldien barruan.
Iluntasuna da gauaren ezaugarri nagusia. XXI. mendeko gizarteak, baina, ahantzi egin du zer den gauaren iluntasuna. Hirietan argia da nagusi eguzkia desagertzen denean ere. Kolorez argiztatutako eraikinak han eta hemen. Argia nekazari eremuetara ere ailegatu da. Argi kutsadurak kezkaturik, Gaueko Zerua Babesteko XIII. Europako Jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean. Atzo International Dark Sky Association elkarteak sortutako Losing the Dark (Iluntasuna galduz) dokumentala aurkeztu zuten Planetarioko kupulan.
Dokumentalean argi kutsaduraren kalteak azaltzen dira, baita konponbide eta proposamenak ere. Gehiegizko argiztapenak argi kutsadura sortzeaz gainera, bizidunen osasunean kalteak eragiten ditu. Badira bestelako arazoak ere, besteak beste, energia xahutzearena eta gastu publikoarena.
Fernando Jauregi Cel Fosc elkarteko presidenteak esan duenez, lau arlori erreparatu beharko genieke: kalitateari, potentziari, koloreari eta denborari. «Argia behar den tokietan baizik ez da egon behar, soilik beharrezkoa den potentzia ezarri behar da, argiaren kalitateak ingurumenari eta osasunari kalte gutxien egiten diona izan behar du eta argiztatutako tokietatik jenderik igarotzen ez den orduetan argia itzali beharko litzateke», aholkatu du. Haren aburuz, «ongi» argiztatzeak «gaizki» argiztatzeak baino gutxiago kontsumitzen du. Azkenengo ikerketen arabera, oraingo kontsumoaren %80 baino gehiago aurreztu liteke.
Jauregik uste du borondate politikoa eta kontzientziazio soziala beharrezkoak direla argi kutsadurak sortzen dituen arazoak konpontzeko. Horregatik, gaurtik etzira Iruñean eginen diren jardunaldietan «arrazoizko proposamenak» eginen dituztela azaldu du. Gainera, zeru ilunak babesten dituzten elkarteei buruz esaten direnak gezurtatu egin ditu: «Iluntasunarekin eta beltzarekin lotzen gaituzte, baina hori ez da egia, zeruan, logeletan eta ingurumenean argi gutxiago egotea baizik ez dugu nahi».
Konponbideak kutsadurari
Planetarioan eskainitako dokumentalean, argi kutsaduraren eragin agerikoena adibide grafiko baten bitartez ikusteko aukera dago. Hala, mendebaldeko hirietan zerua nola ikusten den erakutsi ondotik, argiztapen gutxiagorekin nola ikusiko litzatekeen erakusten du. Bertan esaten denez, kaleko argiak dira gehien kutsatzen dutenak. Horregatik, konponbide «errazak» ematen ditu, «eraginkorrak eta zerua ilun mantentzen dutenak». Alde batetik, argia gora botatzen duten kale-argiak jarri beharrean, behea, «beharrezkoa den tokia» argiztatzen dutenak erabiltzea. Bestetik, soilik beharrezko diren tokiak argiztatzea aholkatzen du, eta behar ez direnean itzaltzeko.
Horrez gain, argi kutsadurak izaki bizidunei nola eragiten dien ere azaltzen du dokumentalak. Hegazti migratzaileek argiztatutako eraikinak jotzen dituzte, dortoka jaio berriek ozeanoko argi naturalarekin nahasten dute hirietatik ailegatzen den argiztapena, eta gizakiek ere jasaten dituzte ondorioak, loaldiari eta zelulen berritzea kontrolatzen duten barne erregulatzaileei eragiten baitie. Hain zuzen ere, argi kutsadurak gizakiengan duen eraginaz mintzatuko da Angeles Rol de Lama gaur arratsaldean eskainiko duen hitzaldian.
Dokumentala mundu osoan ikusiko da, eta hainbat hizkuntzatara itzuliko dute. Jauregik azaldu duenez, aurki euskaraz ere ikusteko parada izanen da. Lana http://www.darksky.org webgunean dago eskuragai, eta ez dago zabaltzeko arazorik Creative Commons lizentzia baitu.