Ana Galarraga / 2013-09-19 / 403 hitz
Harkaitz Canoren Izozteko adina narrazioko pertsonaiak memodosiekin drogatzen dira: beste inoren oroitzapenak ziztatzen dituzte, eta beren larruan sentitzen dute oroitzapenen jabeak jatorrizko unean bizi izan zuena. Jakina, zientzia-fikziozko lan bat da; hain zuzen, 2012an dago kokatuta. Baina Canok berak aitortu zuen abuztuan emandako elkarrizketa batean kontu hori ez zegoela hain urruti, egun haietan albiste zela ikertzaile batzuk gai izan zirela oroitzapen faltsuak txertatzeko saguei —Science aldizkarian argitaratu zen ikerketa hori uztailean—. Bada, arlo horretan argitaratu diren azken ikerketak ikusita, are hurbilago kokatu dezake Canok Izozteko adina narrazioaren garaia.
Izan ere, ikerketa banatan, oroitzapenak sortzea eta ezabatzea lortu dute ikertzaileek. Lehenengoan, ikertzaileak tonu jakin bat gogoratzera behartu dituzte arratoiak, garunean zuzenean eraginda. Zehazki, nukleo basala kitzikatu zieten, tonu hori entzuten zuten bitartean. Horrela, azetilkolina askatu zen garunean, eta, horren ondorioz, memoria gordetzeaz arduratzen diren zelulak ugaritu ziren. Hurrengo egunean, ikertzaileek frogatu zuten metodoa eraginkorra zela: arratoiei, beste tonu batzuen artean bezperakoa jarri zieten, eta, hura entzutean, arnasa azkartzen zitzaiela baieztatu zuten. Ikertzaileek nahi zutena gogoratzera behartu zituzten arratoiak.
Bigarren ikerketan, berriz, justu kontrakoa egin dute: oroitzapen jakinak ezabatzea lortu dute. Zehazki, drogekiko atxikimenduarekin lotutako oroitzapenak ezabatu dizkiete saguei eta arratoiei.
Ikertzaileek azaldu dutenez, mendekotasunekin lotutako oroitzapenek zaildu egiten dute mendekotasuna uzteko tratamendua, oroitzapen horiek atxikimendua indartzen baitute. Adibidez, tabako-erretzaileek atxikimendu indartsua izaten dute erre ohi duten egoera, leku eta abarrekiko. Adibidez, batzuk ezin dute saihestu parrandan edo kafearekin batera erretzea, edo urduri daudenean zigarroa piztea.
Scripps institutuko ikertzaileek ez dute tabakoarekin egin lana, metanfetaminarekin baizik. Ikertzaileen arabera, oroitzapenak sortzean gertatzen diren prozesuen artean, aldaketak gertatzen dira zelulen egituran, aktina proteinaren bidez. Inhibitzaile batekin, aktina polimerizatzea eta aldaketa horiek gertatzea saihestu dute. Eta frogatu dute, horrela, animaliek interesa galtzen dutela lehen metanfetaminarekin lotzen zituzten seinaleekiko.
Bi ikerketak Amerikako Estatu Batuetan egin dituzte; bietan, laborategiko animalia arruntak erabili dituzte, eta bietan ikertzaileek garbi utzi nahi izan dute beren ikerketen azken asmoa oroimenarekin lotutako arazoak dituzten pertsonei laguntzea dela. Batean, oroitzeko eta ikasteko zailtasunak dituztenentzat onuragarria izatea espero dutela esan dute. Bestean, drogekiko mendekotasunaren aurkako tratamenduak hobetzeko balioko duela.
Gaizto jarrita, batek pentsa dezake, adierazpen horiekin, oroitzapenak manipulatzeko asmatu dituzten metodoak bestelako asmoekin erabiltzeko susmoak uxatu nahi dituztela.
Dena dela, horretarako denbora beharko lukete, sagu eta arratoietatik pertsonetara dezenteko tartea baitago. Ez dago beldurtzeko arrazoirik, beraz. Oraingoz.
Eta ahaztu baino lehen: ea zenbat denbora behar duten zientzialariek Izozteko adinean agertzen den beste fenomenoa lortzeko, alegia, denbora nahierara luzatzea eta uzkurtzea. Oroimenarena baino urrutiago dago hori errealitatetik. Oraingoz.