Amaia Portugal / 2013-09-26 / 674 hitz
Aste honetan 230 urte bete dira Elhuyar anaiek wolframa aurkitu zutenetik, Bergarako Errege Mintegiko laborategian; porrot egin zuen espioitza misio bati esker, zientzia aurrerapen itzela lortu zuten ezustean.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea Gasteizen ari zen egiten urte hartako ohiko batzarra, 1783ko irailaren bukaeran. Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek Bergarako (Gipuzkoa) Laboratorium Chemicum zelakoan igaroak zituzten azken lau hilabeteak, eta haien uztaren berri emateko ordua zen. Inoiz Euskal Herrian isolatutako elementu kimiko bakarra aurkeztu zuten: wolframa.
Wolframaren sinboloa W da, eta 74 zenbaki atomikoa du; halaxe ageri da elementuen taula periodikoan. Metal oso gogorra da, kolorez zuria eta dentsitate handikoa. Elhuyar anaiek wolframita mineraletik isolatuta lortu zuten, eta hortik datorkio izena.
Aurkikuntzaren berri eman zutenean, Juan Jose eta Fausto Elhuyarrek ez zekiten munduak zer etekin aterako zion horri. Baina wolframak 5.660 gradutan irakiten du; irakite puntu altuena duen elementu ezaguna da. «Bigarren Mundu Gerran, alemaniarrek bazekiten wolframita nola erabili, haien altzairuak tenperatura handiagoei erresistentzia izateko moduan. Hala ere, bonbillen filamentuak egiteko erabili izan da gehien», azaldu du Pascual Roman EHUko Kimika Ez-organikoko katedradunak.
Zenbait ikertzailek bazuten susmoa wolframitak elementu kimiko bat gordetzen zuela, baina inork ez zuen erroraino iristea lortu. «Oso metal zaila da. Bitarteko asko zituzten ikertzaile on asko ibiliak ziren horretan, baina ez zuten lortu. Juan Jose Elhuyarrek Suedian izan zuen lehenengoz metalaren berri, Uppsalako Unibertsitatean. Suediarrek wolfram trioxidoa bereiztea lortu zuten; haiek ikusi zuten bazegoela metal berri bat. Baina wolframa isolatu, Elhuyar anaiek isolatu zuten erabat», dio Romanek.
Zientzia espioia
Anaiok bildutako ezagutza mardula eta Bergarako (Gipuzkoa) Errege Mintegiko laborategirako eskuratutako puntako tresneria izan ziren lorpenaren bi gakoak. Eta bitxia da oso bi gako horiek nola garatu zituzten: espioitzaren bidetik.
Juan Jose eta Fausto Elhuyar Logroñon (Errioxa, Espainia) jaio ziren, 1754an eta 1755ean, eta guraso lapurtarrak zituzten. Gurasoek Parisera bidali zituzten zientzia ikasketak egitera. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzaile ziren Xabier Maria Munibek —Peñafloridako kondea— eta Joakin Egiak ere Parisen zituzten semeak, eta hor topo egin zuten anaiek elkartearekin.
AEBetako Independentzia Gerra betean, Espainiako erreinuak kolonien alde egin zuen, eta, beraz, Ingalaterrako erreinuaren kontra. Ingalaterrak Eskoziako Carron herrian egindako kanoiak zituen, orduko onenak, eta Espainiako erreinuak zientzia espioiak bidali nahi zituen hara, kanoi horiek nola egiten zituzten jakiteko. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ez zuen aukera galdu, eta halako operazioak armaden esku egoten baziren ere, Munibek eta Egiak hartu zuten erantzukizuna: zientzialari bat Europako unibertsitate onenetan trebatu, Carronera bidali, eta bildutako ezagutza guztiarekin Bergaran lanean jarriko zuten, Espainiak berak finantzatuko zuen tresneriarekin.
«Semeak proposatu zion Peñafloridako kondeari Juan Jose Elhuyar izan zitekeela espioia», esan du Romanek. Hasiera batean, Juan Jose zein Fausto bidali zituzten gaur egungo Alemania eta Austriako zenbait zentrotara, mineralogian trebatzeko helburuarekin ere betiere. Fausto Bergarara itzuli zen gero, laborategian lan egitera, eta Juan Josek bere misioarekin jarraitu zuen. Suedia zuen hurrengo geltokia, Carronera joan aurreko azken urratsa. Han, Uppsalako Unibertsitatean izan zuen wolframaren berri, Torbern Olof Bergman kimikari handia irakasle zuela.
Juan Josek espioitza lanetarako jasotako aginduen artean, Eskoziatik bidaltzekoa zen gutunetan euskara baliatzeko esana zioten Madrildik, inork bidean mezuak atzemanda ere. Ez zen horren beharrik izan, ordea. 1783. urtearen hasieran ekin zitzaion gerra bukatutzat eman zuten, eta Versaillesko Ituna prestatzeari ekin zioten, eta espioitza operazioa bertan behera geratu zen.
Romanek azaldu bezala, misioa erabateko porrota izan zen, baina zientziaren ikuspuntutik ekarri zuen aurrerapena, bikaina: «Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatu zuen bidaia honen benetako helburua beste bat zen, baina wolframaren isolamendua izan zen ondorioa. Proiektu honi esker hornitu zuten Bergarako laborategia. Horri, Juan Josek ekarritako ezagutza eta lehendik bi anaiek zuten jakintza handia gehitu behar zaizkie».
Elhuyar anaiek lau hilabete inguru nahikoa izan zituzten Euskalerriaren Adiskideen Elkartean aurkikuntzaren berri emateko. Hain zuzen ere, urteroko batzar horien laburpen idatziak egiten zituen elkarteak: Elhuyar anaien aurkikuntza idatzita dago, gaztelaniaz, ia gertatu zen unetik bertatik. «47 hitz erabili zituzten deskribapen zehatza egiteko, kalitate paregabea duen lengoaia zientifikoa erabilita».
Lorpen horren zailtasunaren erakusle da, prozesua zehatz-mehatz azaldu bazuten ere, beste ikertzaileek ez zutela berehalakoan lortu wolframa beren kabuz isolatzea. Esaterako, Martin Heinrick Klaproth alemaniar kimikari handiak —gerora uranioa, zirkonioa eta zerioa isolatu zituenak—, Elhuyar anaiek wolframa aurkitu eta hiru urte geroago, aitortu zuen berak ez zuela lortu.