Anjel Lertxundi / 2013-09-19 / 129 hitz
Ederra eguraldia!, esandakoan, kostaldean sarri entzuten da: jantzak ba! Giro polita, e?. Jantzak ba!. Hau eguzkiaren gozoa!. Jantzak ba!.
Nik toka entzun izan dut beti, kostaldean gehienetan, eguraldiari lotuta batez ere, eta prakerre ozpin batek botea. Orain gutxi ezagutu nuen esamolde bitxiaren (ustezko) jatorria. Arrantzaleentzat oso latza izan ohi da ezer arrantzatu gabeko eguna, etxera dirurik gabe eta jateko ezer gabe itzuli beharra. Halakoetan, beti egoten da egoera latzari aurpegi ona ikusi nahi izaten dion marinelen bat: eskerrak eguraldi ona dugun, gaitz erdi itsasoa bare dagoen… Halakoetan, ez da harritzeko arrantza faltak pipertutako baten ahots ozpindua entzutea: jantzak ba!
Espainiako Gobernuak sekulako dirutzak aurreztuko omen ditu pentsioen erreformarekin, eta jubilatuen aurrezkiak kaltetu gabe. Egunsenti eder baten atarian bageunde bezala saldu nahi izan digute gezur latza. Jantzak ba!, atera zaigu.