Mikel Ayllonek irabazi du Igartza beka, ‘Ez tiro egin anbulantziei’ proiektuarekin

Igor Susaeta / 2013-09-13/  560 hitz

Egungo garai aldaketari buruzko hausnarketa planteatu du, eta hiru gai unibertsalek ardaztu dute.

Iruditzen zaio Mikel Aylloni (Laudio, Araba, 1980) gaur egun garai aldaketa bat gertatzen ari dela. Agerikoa dela maila guztietan, bai Euskal Herrian eta baita mundu osoan ere. Ekonomikoan. Kulturalean. «Munduari orain arte begiratzeko izan ditugun manerak krisian daudela eta beste zerbaitek etorri behar duela uste dut». Horri buruzko hausnarketa planteatu du Ez tiro egin anbulantziei nobela proiektuan, eta Igartza literatur beka eman diote. Eleberria askatasunak, heriotzak eta maitasunak, «hiru gai unibertsalek, hiru zutabek», hezurmamituko dute, eta Gerard eta Silvyeren istorioa kontatuko du.

Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen dute sariketa 1998az geroztik, eta idazle gazteak hauspotzea du helburu. Ayllonek 6.000 euroko diru laguntza jasoko du proiektua gauzatu ahal izateko, eta, ondo bidean, 2015aren hasieran kaleratuko du liburua. Ohikoena dozena bat proiektu jasotzea izaten dela jakinarazi du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, baina aurten, berriz, 25 lan aztertu behar izan dituzte Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahaikideek. Ayllonek aurkeztutako proposamenaren «konplexutasuna eta anbizioa» nabarmendu dituztela adierazi du Mendigurenek.

Proiektu «nahiko garaikidea» garatu duela, eta aukeratu dituen gaiak plazaratu nahi duen hausnarketa bideratzeko baliagarriak direla pentsatzen du egileak berak. Gerarden eta Sylvieren bizipenek gidatuko dute irakurketa. Momentu batean, emakumezkoak argi ikusiko du Ayllonek aipatutako garai amaiera hori gertatzen ari dela, eta garai berriei bide emango dien bultzada bat sentituko du. «Hautu bat egin eta hala ezagutuko du Gerard», azaldu du idazleak. Baina une batean zerbaiten beldur izango da Silvye, eta sentituko du traizio egiten diola buruan zuenari. «Horrek ondorio gogorrak eragingo dizkie biei».

Kronologikoki osatu beharrean, atzekoz aurrera osatu du kontaketa Ayllonek, eta bi dira horretara bultzatu duten arrazoiak. Batetik, gauzak kontatzeko beste bide bat topatu nahi zuen, «gaur egun indarrean dagoena zalantzan jartzeko». Eta bestetik, pertsonaiak biluzik erakutsi nahi zituen. «Irakurleak ez daki nola iritsi diren une horretara, edo zergatik. Hortaz, elementu gutxiago edukiko ditu pertsonaiak epaitzeko». Egileari iruditzen zaio epaiketa hori ez dela nobeletan soilik egiten. «Ahalegina egin nahi nuen pertsonaiak agertzeko bere hutsean, inolako zamarik gabe, denok daukagun epaile sen hori pixka bat oztopatzearren».

Igartza bekaren garailearen kontatzeko moduak badauka errealismo magikoaren ukitu bat, are fantasiarena, Mendigurenen iritziz. Ayllonek badaki norbaitek pentsa dezakeela garai aldaketaz hausnartzeko egokiagoa izan zitekeela saiakera bat proposatzea, baina berak fikzioak ematen dituen tresnak erabiltzeko ahalegina egin du. «Nire ustez, behintzat, errealismoari buruz hausnartzeko modurik onena fikzioa egitea da. Distantzia bat ematen dizu, urruntzeko aukera bat».

Proiektuaren lehen zatiak, askatasunari buruz mintzo denak, «dezente dauka magiko horretatik». Gerard kartzelan dago, eta egileari bururatu zitzaion askatasunaren guztiz kontrakoa den zerbait kontatzea, zerbait itogarria, itxia eta hertsia egitea. «Beharbada modurik erradikalena da. Normala da; areago garai hauetan, zalantzak ziurtasunak baino gehiago direnean. Nik, behintzat, hala sentitzen dut. Ezin dut esan askatasuna zera denik, baina badakit zer ez den».

Badaki zertaz ari den kartzelaz mintzo denean. 2001ean Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zuten Haika gazte erakundeko kide zelako, eta urte eta erdi pasatu zuen espetxean. Epaiketa egin zenean, ordea, aske geratu zen. «Liburuan badaude han bizitako sentipenak. Gauza guztietatik atera behar da zerbait ona… Horrek aukera eman dit istorio bat kontatzeko». Hain zuzen, kartzelan zegoela hasi zen garatzen nobelako lehen ataleko ideia. «Beka honek eman dit barruan nuen hura ateratzeko aukera.

Gara-n eta Hala Bedin kazetari aritutakoa, Urruzuno eta beste hainbat sariketa irabazitakoa, itzultzailea da gaur egun ofizioz. 2005ean Gerezi gorrien garaia euskal gazte mugimenduaren kriminalizazioari buruzko saiakera ondu zuen Paul Asensiorekin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.