Ander Gartzia / 2013-09-06 / 506 hitz
Lehenengo aldiz ekoitzi dute telenobela bat maia hizkuntza batean. ‘Baktun’ du izena, eta Mexikoko Quintana Roo estatuan ematen hasi dira. Desagertzeko arriskuan dago maiera.
Baktun maien egutegiko unitaterik luzeena da, 144.000 egun balio dituena, 394 bat urte. Ia denbora eternala gizakiontzat. Baina azken hamarkadan munduan gertatzen den psikosirik handienaren errudun ere bada baktuna, Mendebaldeko herriek egutegi horretan oinarritu baitzituzten iragarpen apokaliptikoak, nahiz eta ezagun izan munduak bere horretan jarraitzen duela. Hizkuntzalari askoren iragarpenek, ordea, maia hizkuntza ikusten dute desagertzeko arriskuan. Hain justu, galtzeko peril horri aurre egiteko sortu da Baktun proiektua, eta, hala, aurrenekoz, maia hizkuntza batean ekoitzitako telenobela bat eman dute Mexikon.
«Komunitateetako jendea jabetu behar da bere hizkuntza beste edozein bezain erabilgarria dela eta istorioak kontatzeko gaitasun berak dituela. Era berean, maia hizkuntza ezagutzen ez dutenak kultura honetara hurbiltzea nahi dugu», adierazi du telenobelaren zuzendari Bruno Carcamok.
Guztira, 21 kapitulu grabatu dituzte, Quintana Rooko oihanean, Mexiko herrialdearen hego-ekialdean. Pasarte horietako bakoitzak zortzi minutu inguru irauten ditu, eta aurrenekoa joan den asteazkenean eman zuten telebistan, Quintana Rooko estatuan. Astero kapitulu bakarra izango da ikusgai, eta ez dute baztertzen Mexikoko beste estatuetara zabaltzea. Izan ere, kalkulatzen dute ia 800.000 mexikarren ama hizkuntza dela Yucatango maiera.
Baktun-ek New Yorken lan egiten duen maia gazte baten bizitza kontatzen du. Jacinto du izena, eta ingelesez baino ez da mintzo, atzean utzi baititu bere jatorria eta ama hizkuntza. Aitaren heriotzak, baina, etxera itzultzera behartuko du, eta bere sustraietara bueltako bidaiari ekingo dio; esperientzia askatzailea bezain gogorra izango da.
Jacintok erabat baztertu du maia hizkuntza. Jada ez du interesik bere jatorrizko kulturan. Halere, telenobelak aurrera egin ahala, garai batean berea zuen hizkuntza berriz ikasi beharko du, besteak beste, bere gaztetako maitea berreskuratzeko eta bizi den komunitatea salbatzeko.
Carcamoren esanetan, kultura mesoamerikarraren esentzia osoa erakutsi nahi izan dute, eta, horretarako, filmatutako sekuentzia asko eta asko bizitza errealean gertatutakoak izan dira: «Ikusten dena guztiz erreala da. Hileta, bataioa, lurraren bedeinkazioa, eta beste hainbat sekuentzia, bizitza errealean bilatu ditugu. Guk baimena eskatzen genuen sekuentzia horiek filmatzeko».
Esentzia horren bila aritzeak, baina, arazoak sortu dizkie. Gidoiari jarraiki, Jacintok muxu ematen dio bere gaztaroko maiteari sekuentzia batean. Baina, azkenean, plano hori ezabatu behar izan zuten, jakintsuen komunitateak hala eskatuta. Maia kulturan gaizki ikusita daude ezkon aurreko harremanak.
Telenobelarekin batera, dokumental bat eta pelikula bat ere grabatu dituzte. Hain zuzen ere, dokumentalean Betaldearen festa izenaz ezagutzen den jaia azaltzen da; hamabi eta hamazortzi urte bitarteko nerabe mutilek adin bereko nesken aurrean egiten dute dantzan. Erritual horretan lotzen dira ezkontzak; maia kulturan ezkongai-harremanaren kontzeptua ez da existitzen.
Kolonaurreko zibilizazioa
Mesoamerikako zibilizaziorik garrantzitsuenetarikoa izan zen maiena, kolon aurreko Amerikan idatzizko hizkuntza guztiz garatua zuen zibilizazio bakarra. Mesoamerika Ameriketako eskualde geografiko eta kulturala da, Mexiko erdialdetik, Belizera, Guatemalara, El Salvadorrera, Hondurasera, Nikaraguara eta Costa Ricara hedatzen dena. Zibilizazio haren ondorengo gisa, sei milioi maia bizi direla uste dute.
Maiera, egun, Guatemalan, Belizen eta Mexikoko hego-ekialdean erabiltzen den hizkuntza familia aberatsa da. Mexikoko bertako hizkuntzen katalogoaren arabera, Yucatangoa da maia hizkuntzarik erabiliena estatu mexikarrean; guztira, 800.000 hiztun mintzatzen dira maia hizkuntzan, eta literatura aberatsa du. Baktun telenobela hizkuntza horretan ekoitzi dute.