Iker Markinez / 2013-09-21 / 184 hitz
OSAGAIAK
4 pertsonarentzako osagaiak:
2 piper gorri.
Tipulina bat.
Letxuga gorria (haritz hostoa)
Atun freskoa.
Gatza.
Oliba olio birjina.
Sagar ozpina.
Piper gorri xehetua.
Uda amaitu bada ere, edozein urtarotan gustura jaten dugun entsalada horietakoa da gaurkoa.
• Lehenik, labea berotzen ipini 200 gradutan, eta ondo berotu denean, labeko erretiluan 2 piperrak ipini. Labean sartuko ditugu, 25 bat minutuz, ongi gorritu arte. Atera eta epeltzen utzi ondoren, azal errea kenduko diegu.
• Piperrak erabat garbituta utziko ditugu. Ondoren, letxuga hostoak garbitu, eta lehortuta, prest gorde gerorako. Ozpin olioa egiteko, tipulina zati txikietan moztu, katilutxo batean jarri, eta 2 goilarakada ozpin eta 6 goilarakada oliba olio gehitu, gatz pittin batekin batera. Ongi nahastu.
• Azkenik, atunarekin jarraitzeko, xafletan moztuko dugu. Plantxa bat berotzen jarri, eta beroa dagoenean, atuna ipini plantxan, gatz pittin bat bota eta olio txorrotada bat ere bai. Minutu batez eduki, eta buelta emango diogu. Horrela, xerra guztiak plantxatik pasatu.
• Platera prestatzeko, piper pusketak gatz pittin batekin jarriko ditugu. Ondoren, letxuga hostoak, eta gainean, atun xaflak. Dena ozpin olioarekin ongi busti, eta galiziarrek egiten duten moduan piperrautsa ere bota diezaiokegu. On egin!!