Juan Luis Zabala, 2013-09-05 / 594 hitz
JosAnton Artzek bi poema liburu argitaratuko ditu urrian, orain hurrengoa kaleratu zuenetik 26 urtera.
Asmoa adierazia zuen lehendik ere, lagunartean, JosAnton Artzek, baina atzo heldu zen egiaztapena hedabideen erredakzio eta bulegoetara, Elkar argitaletxeak hurrengo hilabeteetan kaleratuko dituen liburuen zerrenda jasotzen zuen agirian: JosAnton Artzek azken urteetan —azken hamarkadetan ere esan daiteke— idatzi eta bildutako poema multzo oparoko ale batzuk —ez guztiak— emango ditu argitara, bi liburutan bilduta: Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza. Azken zuzenketak egin berriak ditu egileak, eta urrian izango dira kalean.
Izenburuek ez dituzte poema liburuen edukiak mugatzen, Artzek azaldu duenez. «Izenburuak liburuaren bizkarrezurra zein den adierazten du, baina gero horren inguruan beste gai asko agertzen dira, denak lotuta baitaude. Bizitza eta heriotza maitasunarekin lotuta daude; maitasunak gainditzen ditu heriotzaren moduak, eta gizarteko gorabehera guztiekin ere badu harremana: gurasoek haurrekiko, haurrek gurasoekiko, hizkuntzaren arazoak… Guztiak bata bestearekin elkartzen dira. Liburuetan mota guztietako gaiak agertzen dira».
Duela 26 urte, 1987an, argitaratu zen Artzeren orain hurrengo poema liburua, Ortzia lorez, lurra izarrez (Elkar). Aintzat hartzekoa da, jakina, geroagoko datarekin ageri direla beste lau izenburu Artzeren bibliografietan: Gizon handia da mundua, eta mundu ttikia gizona (Elkar, 1988); Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat (Zubi Zubiri, 1998); XX. mendeko poesia kaierak (Susa, 2000); eta Oihana auhenka-Gémissements de la fôret-El lamento del bosque (Jazzle, 2001). Baina aurrenekoa, bigarrena eta laugarrena disko liburu txikiak dira, emanaldietan errezitatuko poemen bildumak, ez poema liburuak —edo poemarioak— zentzu hertsian. Susak argitaratutakoa, berriz, Koldo Izagirrek apailatutako antologia da.
Panoramika zabal baten bila
Duela hamar urte inguru hasi zen JosAnton pentsatzen azken urteetan idatziak eta bilduak zeuzkan poemak nola argitaratu behar zituen. Sei liburu osa zitzakeela iruditu zitzaion. Baina poemak gehiegi ziren egileak haietako bakoitzari zegokion leku egokia bila ziezaion. Ardi gehiegiak nahastutako artzainaren pare sentitzen zen poesia gehiegiak nahastutako poeta. Artzain batzuek etsitzen dute beren ardien ardura inori utzirik. Poetak, ordea, nekez etsiko du bere poemen ardura inori utzirik. Artzek inoiz ez.
Arazoak dimentsio fisikoak hartu zituen azkenerako. Etxeko zoru gainean barreiatu zituen poemak Artzek, haien panoramika zabal bat izateak begiari ez ezik buru-bihotzei ere lagunduko ziela iritzita, eta horrek denak egoki ordenatzen eta sailkatzen lagunduko ziola. Baina handiegia zen nahasketa artean ere. Horregatik lagun arotz bati zurezko panel batzuk eginaraztea otu zitzaion, poemak haietan kokatuta panoramika are zabalagoa izateko.
Ondorengo urteetan, Artzeri bere hurrengo poema liburuei buruz galdetuz gero, sei bat izango zirela erantzuten jarraitzen zuen, hala uste zuela behintzat, baina oso nekeza zitzaiola poemak ordenatzea eta sailkatzea; liburuak antolatu, apailatu eta ixtea. Poliki-poliki, ordea, urrats mantso baina sendoz, argirako tenorean dira Artzeren poemak, Elkar argitaletxeak hedabideetara igorritako zerrendak baieztatzen duenez.
Bi liburu kaleratuta, bildutako poesia guztiaren %33a baino ez du atera etxetik Artzek. «Beste lau bat liburu osatzeko lain poema dauzkat, gutxienez», dio. «Orain bi poema liburu aterako direnez, paneletako bat kentzeko moduan izango nintzateke behintzat, baina ez ditut kendu. Dena den, jadanik panelen beharrik ez dut, horiek ere sailkatuta ditudalako neurri handi batean, edo behintzat badakidalako gauzak nondik nora dabiltzan».
Poemak ordenatu, berrirakurri eta berridatzean, askotan «harritu» egin da Artze berak urte batzuk idatziak zituenak irakurrita. Poemekin batera, bestalde, ohar pila handiak ditu gordeta. «Horiei dagoeneko begiratzen ere ez naiz ausartzen», dio irribarrez.
XXI. mendean poesia gutxi argitaratu badu ere, XX. mendeko euskal poesian erreferentzia ezinbestekoa da JosAnton Artze. Honako hitz hauekin aurkeztu zuen Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaierak antologian: «Ez dok Amairu taldearen eta Baga, Biga, Higa sentikariaren eragile nagusienetakoa izan zen, eta bere anaia Jesus Marirekin batera txalapartaren erabilera modernoa sustatu zuen. Poesia plazara, eszenariora eraman duen lehen poeta izan da, eta bizitza literariotik eta eztabaidetatik urrundua egon da beti».