Unibertsitatea

Idurre Eskisabel / 2013-09-12 / 167 hitz

Izango zuen jatorrian hurkoa nor bere burua adina maitatzea bezalako esanahi noblerik, baina erabilian nekez topa daiteke karitatea baino hitz ustelagorik: kentzen diozu ontasunez gainezkako azala eta bidegabekeria lizunena ateratzen da borborka. Karitateak on egiten baitu sobera daukalako besteari apurra ematen diona, eta, esku-hutsik dabilena, ordea, emaile dirudunarekiko zordun eta otzan. Eta, noski, ez du arakatzen zergatik daukaten batzuek gehiegi eta zergatik dabiltzan besteak arrastaka. Gainera, hainbeste puzten du emailea, emaile ez ezik epaile ere bihurtzen du, eta larderia osoz ebazten ditu apurrak jasotzeko baldintzak: esate batera, hartzaileak umila, esanekoa eta esker onekoa izan behar du. Adibidez, ez du ardotan edo ezpainetako margotan xahutuko jasotakoa. Are eta gutxiago jarriko du zalantzan bera aberats eta bestea pobre egiten duen antolaketa.

Karitatearen kirats lizuna dario Espainiako zenbait unibertsitatek dirudunei egindako proposamenari: hau da, baliabide urriko ikasleak babespean hartu eta haien ikasketak ordaintzeko deialdiari. Horixe ote den helburua, hots, pobreen bizkarretik aberatsak sortzen dituen antolaketa hau zalantzan jartzeko tentazioa izan dezakeen belaunaldia dirudunekiko umil, esaneko eta esker oneko izatera makurtzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.