Alegia, deus ez!

Mikel Asurmendi / 2013-10-13 / 457 hitz

  • Izenburua: Absurdoko kontuak edo zoroen herriko kronikak
  • Egilea: Patxi Zabaleta
  • Argitaletxea: Pamiela

Politikaria, abokatua, filosofoa eta literatur egilea da, euskaltzaina halaber. Euskomunia ala Zoroastroren artalde idatzi zuen behiala eta Absurduko kontuak edo zoroen herriko kronikak idatzi du orain. 40 urte daramatza plazan, politikoan nahiz literarioan. Zoro landa da berea, «zoro» samar bere bizimodua. Nobela, antzerkia eta poesia idatzi ditu: zoriaren zainak haztatu ditu eta ezten gorriak jaurtiki. Bizi! da haatik. Ukoreka, Badena dena da eta Arian ari trilogiak lagundu zion orekari eusten, dena izaten; (h)ariaren (h)arian betiere.

Liburu honetan —bere barne borrokez jakitun— hitzaurre filosofiko batez ilustratu digu bere kontuen izaera: materia estetikari zaio indarra etikari zaiona, diosku. Materia badenaren senari dagokio: irudiari, kontzeptuari edo estetikari. Indarra, berriz, badenaren ariari dagokio: bilakaerari, askatasunari edo etikari.

Kontuok —ipuinok— nor-banakoaren estetikatik nor-anizkoaren etikan hartzen dutela funtsa, absurdoaren (des)teoria kaotikoan oinarrituta, dio filosofoak. Estetikaren eta etikaren bidegurutzean deskribatu ditu pertsonaiak. Etika nor-banakoaren bakartasun tragikoa gainditzeko eta bestetasunera iristeko aukera bakarra dela gaztigatu ere.

Alegia, deus ez!

Zabaletaren aburuz, gizarteak lehenesten dio gizakiari. Oldoztez oldozte, kaosa da idazlearen arrazoia, kaosak leku hartzen du haren eta irakurlearen artean, alegia, gizartean. Ukoreka ari eta bizi gara, Zabaletaren termino filosofikoetan. Fisikako arauez ari da filosofoa, gizakiak bere buruari jarri dizkion arauez. Ordea, fisikako legeekin kaosa ezagutzea ezinezkoa da, absurdua logikako arauekin ulertzea den bezala, askatasunaren izaria metroetan neurtzea absurdua den legez.

Patxi Zabaletak toki bat egin du literaturan absurduko kontuendako. Ez pentsa horregatik, bereak kontu absurduak direnik. Pertsonaiak zentzudunak dira, herria da zoroa dena. Kokoherri asmatu du. Kokoherriko pertsonaiak nola, Euskal Herriko pertsonak hala. Kokoherri gure izaeraren alde arrotza da egilearen gardiz.

Liburuaren funtsa azalean ageri da. XVI. mendeko alemaniar grabatu herrikoi batek herriko eta goi-mailako pertsonen sinbiosia ilustratzen du. Sinbiosia diot, ipuin mota hau ipuin espezietzat jo baitaiteke. Filosofoak munta handia du idazle honengan, munta handia ere du kontalariak. Herri filosofia darama bere baitan, eta izate horretan herriaren hizkera: istorioak hala atsotitzak nola txisteak.

Patxi Zabaletaren landa zabala da oso. Ez alferrik, Zabaleta baitu ere bigarren abizena. Izena d(u)enak izana du. Leitzan sortutako Zabaleta Zabaleta dugu Patxi. Hartaz, «estu» edota «zoro» samar izaki bere bizimodua. Amets egiten du horregatik: Elezahar urdineko (des)egunean ez da isiltasuna eginen, baizik (des)hotsa, diosku.

Liburua samurra bezain sendoa da, bere emana oparoa. Menditik burrustan jaisten den ur emaria legez heldu dira bere ipuinak, filosofoa eta kontalaria elkarren ondoan heldu ere: elkar behar dute, elkar elikatzen dute. Alabaina, literatura egileak biak ala biak bezatu beharra dauzka, elkar itoko ez badute.

Horra hor Zabaletak literatura egile gisa daraman dema. Agian, egungo munduaren martxan kontalariaren ahotsa, ahozko tradizioan kontalari errepikatzailea —izan— dena, paperean emana urtsu bilakatzen da, urtsuegia bere konta moldea, hots, ele sobera urtzen dira kontakizunean. Agian bai, agian ez. Hamaika espresio biltzen baititu literat(ura)k, hamaika irakurle mota inguratu ere!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.