Ainara Arratibel Gascon / 2013-10-26 / 654 hitz
Elhuyarrek webgunea eta euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara hiztegiak berritu ditu. Teknologien berrikuntzetara egokitzen ari da.
Internet eta teknologia berriak hiztegigintzaren negozio eredua aldatzen ari direla jakitun, errealitate horretara egokitzeko urratsak egiten ari da Elhuyar. «Webguneari beste nortasun bat eman diogu, diseinua berrituz eta edukiak ugarituz», azaldu du Antton Gurrutxagak, Elhuyar Hiztegiko zuzendariak (Donostia, 1958). Helbide honetan ikus daiteke emaitza: hiztegiak.elhuyar.org.
Euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara hiztegien paperezko edizio berriak aurkeztu dituzue. Zein aldaketa egin dituzue?
Egokitu egin ditugu. Hiztegi Batua-ren azken bertsioa aurten argitaratu dute, eta asko handitu da. Ahal den neurrian, hiru hiztegiak euskara batura ahalik eta gehien egokitu ditugu. Izan ere, hori da gure hiztegien helburuetako bat: normalizazioa bultzatzea. Beste helburua erabiltzen den lexikoa hiztegiratzea da. Horretarako, beste iturri batzuk behar dira. Iturri horiek testuen azterketarekin eta prozesatzearekin daude lotuta.
Hor ere aldaketak egin dituzue?
Hor ere mugimendu handia egon da, bi arrazoirengatik: teknologiaren bidez askoz ere datu gehiago prozesa daitezkeelako, eta digitalizazioaren bidez testu bilduma handiagoak egin daitezkeelako. Erabilerari buruz gehiago dakigu, eta hori ere islatu nahi izan dugu. Beti egon gara konprometituta normalizazioarekin, eta hemendik aurrera erabilerari ere leku handiagoa eman nahi diogu hiztegian, euskara erabiltzen den hizkuntza bat baita. Horren parte handi bat da hiztegiratu egin daiteke. Gaztelaniazko zatiari ere begiratu handia eman diogu, batez ere sarreren eta oharren atalean, azken ediziotik gauzak asko aldatu direlako.
Halako berrikuntzak ezinbestekoak izango dira Interneterako eskaintzaren aurrean erakargarri izaten jarraitzeko, ezta?
Bai. Hori da hiztegigintzan ari garenok egun dugun erronka edo desafio handienetakoa. Internetek eta digitalizazioak hartutako garrantziari dago lotuta. Hiztegigintzak hedapen handia izan du sarean, batez ere eleaniztasunaren testuinguruan. Hiztegi elebidunak ikaragarri hedatu dira Interneten, eta era guztietako atari berriak daude.
Eta zer ondorio ditu horrek?
Horrek esan nahi du Interneten hiztegi bat doan kontsultatzea ohiko bihurtu dela. Ia eskubide bat da. Iaz, adibidez, hogei milioi kontsulta izan genituen gure hiztegietan. Ondorioz, paperezko hiztegien salmenta pixkanaka behera doa, nahiz eta amiltze bat ez izan. Denak ari gara aztertzen negozio ereduaren aldaketa horri nola erantzun. Izan ere, Internetek ez du dirurik ematen, eta zuk diru sarrerak behar dituzu egiten ari zaren lanarekin jarraitzeko. Oraindik, ordea, ez dakigu zein den erantzuna. Baina ezin dugu geldi egon, eta orain bide horretan urrats txiki bat egin dugu. Paperezko hiztegia erosten dutenei leialtasuna eskertu nahi diegu.
Nola egingo duzue hori?
Elhuyar Hiztegia edo Elhuyar Hiztegia Txikia erosiko dutenek erregistro kode bat izango dute. Horrek sarbidea emango die sarean jarri dugun gune aurreratu batera. Bertan, hainbat eduki eta zerbitzu daude: Android eta Kindlerako hiztegia doan, hitzei buruzko ohar osagarriak, hizkuntzari buruzko kontsultak egiteko aukera, norberaren hitz gogokoen zerrenda osatzeko aukera… Etorkizuneko helburua da gune hori osatzen eta garatzen jarraitzea, eta egunen batean harpidetza zerbitzua eskaintzea. Orain lantzen ari garen zerbait da, eta ikusiko dugu erabiltzaileek zein harrera egingo dioten.
Nork erosten ditu gaur egun paperezko hiztegiak?
Egun gehien saltzen duguna Hiztegi txikia da, nabarmen. Batez ere ikasleek erosten dute, eskoletan eta euskaltegietan erabiltzeko. Sendo mantentzen da, eta salmenta onak ditu. Hizkuntza aldetik behar gutxiago dituztenek edo ikasketa mailan beherago daudenek oinarrizkoa erosten dute, eta hor beherakada handiagoa izan dugu. Salmenta aldetik gehien jaitsi dena, hiztegi handia da.
Hiztegien webgunea ere berritu duzue.
Orain arte, gure irizpidea ez da izan Interneten etengabe eguneratzea. Materialari egonkortasun bat eman nahi genion, eta arazo teknikoak ere bazeuden eguneratzeko. Urtean behin egiten genituen aldaketak. Hemendik aurrera, bide hori alde batera utziko dugu. Gure asmoa da etengabe berritzea. Hau da, Euskaltzaindiak aldaketaren bat egiten duen unean, bertan sartzea. Horrek balio erantsi bat emango dio. Teknologia berrien merkatuan ondo kokatuta egon behar dugu. Adibidez, Kindlerako eskaintzen hasi gara euskara-gaztelania hiztegia. Lehen smartphone-etarako egin genuen.
Zein berrikuntza egin dituzue webgunean?
Ia hutsetik berritu dugu webgunea, bai diseinuan, baita bilaketa aukeretan ere. Esango nuke azken hori dela berritasun nagusia. Lehen sarreretan bakarrik bila zitekeen. Orain, berriz, eduki lexiko-grafikoan ere egin daiteke, itzulpenetan adibidez. Laster adibideetan kontsultatzeko aukera ere egongo da. Horrek erabiltzaile aurreratuari lagunduko dio batez ere. Hiztegiak kontsultatzeko beste modu bat da. Webguneari beste nortasun bat eman diogu.