Jabier Agirre / 2013-10-29 / 825 hitz
Bizimodu osasungarriak nabarmen murrizten du istripu kardiobaskular bat izateko arriskua. Horregatik, gure esku dago bihotzarentzat hain kaltegarriak diren aztura txarrak (tabakismoa, gainpisua edo sedentarismoa, esaterako) saihestea.
Zazpi dira bihotza sano mantentzen duten azturak: ez erretzea (eta besteek botatzen duten kerik ez arnastea), ariketa fisikoa egitea, dieta osasungarriari eustea eta bihotzarentzat garrantzitsuenak diren lau arrisku faktoreak —presio arteriala, odoleko glukosaren eta kolesterolaren neurriak, eta gorputzaren pisua— neurri normalen barruan kontrolatzea. Ez da oso aditua izan behar zazpi ohitura horiek edozein bizimodu osasungarriren barruan egon beharko luketela jakiteko, baina zoritxarrez, duela gutxi argitaratu den ikerketa batek dioenez, biztanleen %1,2 besterik ez omen da zazpi arau horiek oso-osorik betetzen dituena. Ez da harritzekoa, beraz, trastorno kardiobaskularrak izatea gaur egun mendebaldeko gizartearen osasun arazo nagusia.
Erretzeari uztea hain garrantzitsua ote da?
2006. urtean tabakoaren kontrako legea Hego Euskal Herrian indarrean sartu zenetik, miokardioko infartu akutuen indizeak %11 egin du behera. Eta leku publikoetan erretzeko debekuak erretzaile pasiboei egin die mesede batik bat, xedapen horri esker beren arrisku kardiobaskularra nabarmen jaitsi baita.
Tabakoa da arrisku faktore nagusia
Arterietan pilatuz doazen ateroma plaken sorrera errazten du tabakoak. Gantzez eta beste substantzia batzuez osatuak dauden plaka horiek arteriak buxatu egiten dituzte, partzialki gehienetan, baina baita erabat ere zenbait kasutan. Eta buxadura horrek trastorno kardiobaskularrak izateko arriskua gehitzea dakar: miokardioko infartua, iktusa, hipertentsioa, tronbosiak eta zakila zutitzeko zailtasunak gizonezkoetan. Horrela, ikerketa eta estatistika guztien arabera, 45 urte bete aurretik infarturen bat jasaten duten pertsonen %80 erretzaileak dira.
Aztura hori bertan behera uztearen mesedeak
Erretzailerik porrokatuenek ere hobekuntza handia lortuko dute tabakoa utzi bezain laster. Izan ere, adituek egindako kalkuluek diotenez, erretzeari utzi eta 15 urtera, infartu bat izateko arriskua sekula erre ez duen pertsona baten berbera izango litzateke.
Egunero ibiltzea, erremediorik onena
Bihotza muskulu bat da, oso muskulu berezia izan arren, eta ariketak aktibatu egiten du. Horregatik, bihotza ondo mantentzeko, ez da ezinbestekoa gimnasioan jo eta ke aritzea, aski baita ariketa fisikoa modu erregularrean egitea.
Dena abantaila
Kirolak hainbat aldetatik egiten dio mesede osasun kardiobaskularrari:
• Kolesterol txarraren mailak gutxituz.
• Tentsio arteriala neurrian mantenduz.
• Odol zirkulazioa hobetuz.
• Diabetesa eta obesitatea jasateko arriskua gutxituz.
• Eta, azkenik, bihotzak muskulu gisa duen funtzionamendua estimulatuz, eta bihotzaren erritmoa hobetuz.
Zein kirol aukeratu?
Ibiltzea, korrika egitea, bizikletan ibiltzea, igeri egitea… edozein ariketa aerobiko eraginkorra gertatzen da. Garrantzitsuena modu konstante eta erregularrean jardutea da (astean hirutan, ordu erdiz gutxienez).
Haragi gorria eta hestebeteak, debekatuak
Dieta mediterraneoa esaten zaiona jarraitzeak %30ean murriztu dezake gaitz kardiobaskularren bat jasateko arriskua. Aurretik era horretako gaixotasunen bat jasan duen pertsonaren kasuan, berriz, dieta horrek %70eraino gutxituko ditu berriro ere gaitza izateko probabilitateak.
Dieta mediterraneoaren oinarriak
Zure eguneroko jan neurria bihotzarentzat osasungarria dela ziurtatzeko, saia zaitez hurrengo gomendioak betetzen:
• Gehitu barazki, fruta, berdura, lekale eta fruitu lehorren kontsumoa, baita ogi eta bestelako zerealen kontsumoa (ahal izanez gero, hobe integralak badira).
• Har itzazu egunero esneki gaingabetuak.
• Erabili sukaldean oliba olioa koipe nagusi gisa.
• Eman lehentasuna koipe gutxiko proteinei (arrain eta hegaztienak), eta horrekin batera, haragi gorri eta hestebeteak baztertu aldi berean.
• Murriztu azukre, gozo eta opil industrialen kontsumoa.
Lagungarri izango diren janariak
Azken ikerketen arabera, badira bihotzari probetxu berezia ekar diezaioketen janari batzuk. Bete ezazu zure despentsa horrelakoekin:
• Brokolia. Bihotzeko odol hodiak babesten dituen konposatu bat omen dauka.
• Oloa. Osasun kardiobaskular egokia ziurtatzen duten omega 3 gantz azido asko, azido folikoa eta potasioa ematen dizkio gure eguneroko dietari.
• Intxaurrak. Horiek ere omega 3 gantz azidotan aberatsak dira, eta kolesterola kontrolatzen laguntzen dute.
Kontuan hartu beharreko sintomak
Era honetako gaitzek ez dute normalean aurrez inolako seinalerik ematen, istripu kardiobaskularra gertatu artean. Horregatik, garaiz detektatzeak tratamendua eraginkorra izaten lagunduko digu. Osasunaren Munduko Erakundeak dioenez, badira kasuan kasu kontuan hartu beharreko sintoma sail bat:
• Bihotz gutxiegitasuna. Seinaleak pertsona batetik bestera asko alda daitezkeen arren, ohikoenak hauek dira: arnasa hartzeko zailtasuna, ia egun batetik bestera agertzen den eta ia ulertezina den pisu irabaztea, orkatiletako hantura, nekea, zorabioa, bihotz frekuentziaren gehikuntza, apetitu galera eta gauez maizago pixa egin beharra.
• Infartua gizonezkoetan. Erasandako pertsonak mina edo molestia sentitzen du bularraldean (ukabila batek zanpatuko balio bezala), eta sentsazio hori besoetara, ezkerreko sorbaldara, matrailera edo bizkarrera ere zabal daiteke. Horrez gain, arnasteko zailtasuna, goragaleak edo gorakoak, zorabioak edo konorte galerak, izerdialdi hotzak eta zurbiltasuna ere ohiko sintomak dira.
• Infartua emakumeetan. Kasu hauetan, seinalerik esanguratsuenak aire faltaren sentsazioa, goragaleak, gorakoak, eta matraileko edo bizkarreko mina izan ohi dira.
Zein da zure arrisku kardiobaskularra?
Badira bihotzeko arazo bat jasateko sentiberago bihurtzen gaituzten baldintza edo zirkunstantziak. Erantzun bai ala ez galdera hauei, eta arreta neurri bereziak hartu beharrean zauden ala ez jakingo duzu.
Diabetikoa al zara? | bai | ez |
---|---|---|
Izan al duzu gaitz kardiobaskularrik? | bai | ez |
Erretzailea al zara? | bai | ez |
Kolesterola altu samar izaten al duzu? | bai | ez |
Hipertentsioa al duzu? | bai | ez |
Gizonezkoa al zara? | bai | ez |
40 urte baino gehiago al dauzkazu ? | bai | ez |
Baiezko erantzun bakoitzarekin puntu bat pilatuko duzu.
• 5-7 puntu: arrisku kardiobaskular handia.
• 3-4 puntu: arrisku kardiobaskular ertaina.
• 0-2 puntu: arrisku kardiobaskular baxua.