Igor Susaeta / 2013-10-02 / 697 hitz
Joxean Agirrek literatura «amablea» egin du ‘Adiskide bat nuen’-en, narratzaile beraren hiru istorio txirikordatuz.
Egiten duen literatura arranditsua ez dela uste du Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949). Ez dela letra larriz idazten dena, hotsandikoa. «Amablea da, pretentsio izugarririk gabekoa…». Umore tonua eransten dio, gainera. Baina Xabier Mendiguren editoreak argi utzi nahi du egileak ez duela txantxarik egiten Adiskide bat nuen (Elkar) eleberriaren 182 orrialdeetan: «Irriño bat pizten du bere etengabeko maltzurkeria txikiekin, jokoekin eta ironia ukituarekin». Narratzaile protagonistak hiru kontakizun garatzen ditu, eta horiek txirikordatuz osatu du nobela. «Urrutitik bada ere», liburuarekin bere belaunaldiari gorazarre egiten diola sumatzen dela iruditzen zaio Agirreri. «1968ko Maiatzean edo Burgosko epaiketan 20 bat urte genituenon obsesio nagusiak edo errotuenak politika eta sexua izan direla uste dut». Eta obsesio horiek lotu ditu.
Aurreneko kontakizunean, narratzaileak Garibaldi bere lagunak talde klandestino batean egindako ibilbidea kontatzen du, eta erbesteaz ere mintzo da. «Gaur egun sexualitateaz daukagun ikuspegiaren parodia bat-edo da bigarrena». Hirugarrenean, azkenik, emakume bat agertzen da, eta ezinezko amodio bati buruzko istorioa da. «Nire aurreko nobeletan ere agertzen da gai hori. Jada utzi egin beharko dut; adinaren kontua-edo izango da», aitortu zuen atzo Agirrek umorez aurkezpenean.
Garibaldiren eta literatura irakasle-narratzailearen arteko adiskidetasunari buruzkoa da liburuan pisu handiena duen kontakizuna. Idazleak pentsatzen du klandestinitatea «oso gai erosoa» dela literatura egiteko. «Arriskua dauka, abentura, suplantazioa… Elementu horiek oso baliagarriak dira». Umorez baliatu ditu Agirrek, esperientzia pertsonal batetik abiatuta. Izan ere, Parisen ikasle zegoela, 1969aren bueltan, ezagutu zituen erbestean zeudenak; batez ere ETAkoak. «Igande arratsaldeetan-eta beren ekintzak eta balentriak modu exajeratu batean kontatzeko ohitura zuten; umorez, gezurrak egiekin nahastuz-eta… Bahiketa bat egin zuten garai hartan, eta bahiketaren bertsioak aditzen zenituen, nola ihes egin zuten, nola harrapatu… Pelikula komiko bat egiteko moduko gauzak ziren».
Izan ere, «gauza tragikoenei ere, gerrako kontu tristeenei ere, bizitzako tragediari», literaturan ikuspegi positibo bat emateko joera egon dela iruditzen zaio Agirreri. «Txekiarrek-eta bereziki egin dute». Eta Bohumil Hrabal aipatu du: «Ipuin batean kontatzen du munduko basakeriarik handiena, baina umore ukitu batekin beti». Halere, ez du adierazi nahi tragediak eta gauza gordinenak beti konta daitezkeenik umorez. «[Augusto] Monterrosok kontatzen zuen [Ernesto] Sabato oso umoretsua zela, harik eta Argentinako torturatuen lekukotzak biltzen hasi zen arte. Gizona aldatu egin omen zen orduan. Muga bat dago. Ezin da beti tragediarekin umorea egin».
Erbesteaz, klandestinitateaz, mintzatzeko, Claudio Magris idazle italiarrak bere pare bat liburutan kontatzen duen istorio bat — «Trieste ondoko Monfalcone herriko langileena»— erabili du makulu modura, «polita delako». «1946an hango 2.500 langile joan ziren Titoren Jugoslavian sozialismoa eraikitzen laguntzeko, eta handik urte gutxira Titok SESBekin hautsi zuenean, langile haiek Stalinen alde egin zuten. Hortaz, Adriatiko itsasoko gulag batera bidali zituzten gehienak; alegia, historiako heroi zirenak galtzaile bihurtu zirela denbora gutxian. Garibaldi eta haren lagunak ere, neurri batean behintzat, lekuz kanpo eta orduz kanpo borroka egindakoen zerrendan sartzen ditugula esan nahi nuen».
Garibaldiren eta narratzailearen arteko harremana dikotomia bat egiteko aprobetxatu du, kontakizunari hari bat emateko. «Militanteak men egiteko duen gaitasunaren eta intelektualaren duden arteko dikotomia da». Hala kontatuta, nobela politiko bat dirudi, baina egileak ez du uste halakoa denik. «Beste kontakizunek etengabe arintzen dute». Horretarako, anekdotak, gertaerak, oroitzapenak eta beste baliatu ditu.
Sexuaren entrenatzailea
«Sinplea» da bigarren kontakizuna. Narratzailearen emazteak izena emango du sexualitateari buruzko ikastaro batean, eta sexualitatea lantzeko entrenatzaileak aginduta, oso ariketa gogorrak eramango ditu etxera, exigenteak. «Narratzaileak pena ere ematen du, gauero dauka-eta zera handi bat». Agirreren irudiko, sexu harremanetan eta bikote harremanetan izandako aldaketaren lekuko izan dira bere belaunaldikoak. «Daukadan inpresioa da lehen kolektiboagoa zela sexu askatasunaren aldeko borroka. Denok nahi dugu maitatuak izan, baina denok nahi dugu aske izan. Bikotekide guztiek elkarrengana jotzen dute, baina aldi berean ihesean dabiltza». Eta datu bat eman du: «Europako herrialde gehienetan bikote banatuak askoz ere gehiago dira banatugabeak baino».
Liburuko «parterik arinena» da ezinezko amodioarena. «Ez du ez hanka ez buru, baina narratzaileari buruan sartzen zaio, eta bere adinari buruz-eta gogoeta egiteko balio duen gaia da».
Erritmo geldoa erabili du Agirrek, aurreko liburuetan moduan, eta narratzailea dezentetan bere alter ego-a dela aitortu du. «Badakit zailagoa dela beste narratzaile batzuk erabiltzea, baina erraz funtzionatzen du horrela» Irribarre batekin irakurtzeko moduko nobela dela adierazi zuen Mendigurenek atzo. Agirrek ez zion ezetz esan, eta zera gehitu zuen, gainera: «Monterrosok esaten zuen umorea lotsatiok defendatzeko daukagun tresna bat dela».