Estibalitz Ezkerra / 2013-10-13 / 693 hitz
Nazioaren mugekin obsesionaturik ez dagoen literatura indarra hartzen ari da Irlandan. Jamie O’Neillen ‘At Swim, Two Boys’ adibideetako bat da.
Irlandako literatura aipagai denean iraganari buruz ikuspegi nostalgikoegia eskaintzen duela izaten da komentario nagusia. Gauzak aldatu dira azken hamarkadan, baina. Literatura kontu nazionala dela irizpideari aurre eginez bestelako literatura bat agertu da azken hamarkadan, literatura pluralagoa. Kritikaren aburuz, 2001. urtea giltzarri izan zen Irlandako letren bilakaera prozesuan. Urte horretan bertan ikusi zuten argia gaur egun irlandar literaturako obra onenetakoak kontsideratuak diren batzuk, hala nola Jamie O’Neillen At Swim, Two Boys, Nuala O’Faolainen My Dream of You, Dermot Bolgerren The Valparaiso Voyage, Eoin Colferren Artemis Fowl zein John Connollyren The Killing Kind. Ausartegia litzateke esatea literatura berri hau nazio egituratik erabat aske dagoela. Azken batean, «irlandar» zigilua darama hark ere, geografia ulertzeko modu jakin bati loturik dago alegia. Baina O’Faolain, Bolger eta enparauen literatura ez dago nazioaren mugekin obsesionaturik, muga horiek malguak eta porotsuak direlako. Horrek Irlandatik kanpoko paisaiei (materialak zein ez-materialak), nostalgia edo gorrotoa ez diren afektuei toki egitea ahalbidetu dio, eta barrura begira jartzen denean modu kritikoan egiten du. O’Neillen At Swim, Two Boys da azken horren adibide.
Dublinen, 1916ko Pazko matxinadaren garaian kokaturik dago At Swim, Two Boys. Funtsean, Jim Mack eta Doyler Doyle izeneko bi neraberen arteko maitasun istorioa da nobela, maitasun istorio debekatua egokitu zaien garai eta tokiagatik. XX. mende hasierako Irlanda katolikoan homosexualitatea gogor zigortzen dute; hain zuzen, Jim eta Doylerren harremanean rol garrantzitsua beteko duen Anthony MacMurrough jokabide «lotsagarriagatik» lan-behartu zigorra betetzetik itzuli berria da nobela hasten denean. Homosexualitatearen kontrako jarrera ez da erlijio kontua soilik; arazo soziala eta politikoa ere bada, independentziaren aldekoek ere gaitzetsi egiten baitute familia nuklearraren egiturarekin, nazioaren oinarrietako bat hura, bat ez datorrelako. Hala ere, Jim eta Doylerrek bestelako aberria eraikitzea erabakitzen dute eta lehen urrats modura Pazko egunean Muglins izeneko arrokaraino igeri egitea adosten dute, maitasunaren izenean konkistatzeko hura.
MacMurroughen ikuspuntutik bi mutilen plana arriskutsua eta inozoa da aldi berean. Muglins arrokara heltzeko itsas korronteei aurre egin beharko diete eta Jim ez da igerilari trebea. Bestetik, giroan nabari da herria armak hartzeko prest dagoela Ingalaterraren kontra eta behin matxinada hasita gizonezkoak, gazte zein heldu, mobilizatuak izango dira. MacMurroughek hedonistatzat du bere burua; Oscar Wilde benetako irlandarra, historian bakarra, izan zela uste du bere modura bizi izan zelako. Baina aitortu egiten du inbidia ematen diola Jim eta Doylerren ameskeriak. Jimi galdetzen dio zergatik den hain garrantzitsua Muglins arrokaraino igeri egitea. Jimek erantzuna da Doyler dela bere aberri bakarra, eta arrokaraino iristea beren maitasunagatik borrokatzearen pareko dela. MacMurroughek zera pentsatzen du, nolakoa izango litzateke mundua Jimen modukoek gidatuko balute, aurreiritzirik gabe, maitasunaren izenean. Horrelako herrialde baten kide izateko eragozpenik ez luke izango.
Irlandaren independentziaren alde bizia galtzeko prest daudenentzat maitasuna nazioari bakarrik zor zaio. Ingalaterra bere zoritxar guztien sorburutzat dute, ohartu gabe Irlanda ez dela hain errugabea, ekintza kolonialei begira Ingalaterrarekiko konplizitate handia erakutsi baitu. Jimen aita harro dago Boer gerran irlandar destakamentuak jokatu zuen rolagatik, baina barru-barruan badaki Britaniar inperioaren garaipena taktika ikaragarrietan oinarritu zela. Are gehiago, gerra oro da krudela, suntsipena besterik ez dakarrelako. Eta heriotzak. Seme zaharrena Lehen Mundu Gerran galdu berri du. Horregatik ez da Irlandar Herritarren Armadarekin fidatzen, militarismoaren eta maskulinitatearen izenean mintzo direlako. «Ingeles» izendapena iraina balitz bezala erabiltzen dute, ohartu gabe ingelesei aurpegiratzen dieten xenofobia bera erakusten dutela beren esanek. «Irlandartasuna» ez da «ingelestasuna» baino benetakoagoa —biak dira fikziozko bezain zilegi.
Jack Macken modukoek independentzia lortu nahi dute, baina modu lasaian, odolik isuri gabe. Era berean, ez dute uneko egiturekin erabateko haustura gertatzerik nahi; gobernu propioa nahi dute, baina «betiko» balioei bizkarrik eman gabe. Funtsean, Macken planteamendua ez dago Eveline MacMurroughek amesten duen naziotik urrun. Klase sozialak bereizten ditu (bere garaian dirua eta eragina zuen familia aristokratiko baten kide da Eveline; Jimen aita dendari xumea da), baina antzeko ideiak dituzte. Erlijioaren garrantzia azpimarratzen dute biek eta ordena mantentzea, hots, hierarkiak.
Hogeigarren mendean idatzitako gay literaturako lan askoren antzera (The Well of Loneliness, Maurice, Giovanni’s Room) modu tragikoan amaitzen da At Swim, Two Boys. Okerra litzateke, ordea, iraganeko kontutzat ulertzea Jim eta Doylerren harremana zapuzten duen intolerantzia. O’Neillen lanak inguratzen gaituen errealitatea, hura osatzen duten ideiak aztertzeko gakoak ematen dizkigu ariketa horrek bestelako mundua sortzen lagunduko duelakoan.