Mikel Asurmendi / 2013-10-27 / 495 hitz
- Izenburua: Bide batez esanda
- Egilea: Mikel Ibarguren
- Argitaletxea: Utriusque Vasconiae
Espetxean abiatu zuen bidaia poetikoa. Hemen gauak lau ertz ditu, adierazi zigun handik. Hitzak zorrozten jardun zuen gauen esturan. Deserriko karrikak ibili zituen gero eta bidezkoa poesia bihurtu. Artean, ez zen bete-beteko poeta. Ahapeka mintzatu zen Ahapetik-en, bestelako ahots-gailu baten xerka. Bere mintzoa ez zen karriketako oihartzun ozena bilakatu haatik. Joan da negua-rekin kalera irten zen berriz ere. Bere emozioak helarazi zizkigun, batzuetan bero bestetan hotz.
Iraganeko bide galduetatik heldu zaigu orain, Bide batez esanda dakar — eta dator—. Mundua poesiaren bidez aldatu nahian segitzen du, bera eta bere burua kontra ditu ordea. Zu bati mintzo zaio: zu hori maitea, bere burua eta bere herria izaki. Bizi duen jendarteari mintzo zaio.
Bidean galduak garela dio, ez da bakarrik heldu beraz. Lasterbideak arriskutsuak direla ikasi du. Bidezkoa ez dena baztertu nahi du, bidegabekeriak salatu. Bide berrietan bidelagun berriak xerkatzen ditu, gure bidean bidegabea ez dela inora iristen jakitun.
Bere bidea maitasunezko eskaintza politikoa da. Historiaren bidegurutzean dakusa bere burua, jendartea ikusi ere. Eta bide galduetan dabilela ohartu arren, nahiago du bidean galdua ibili, bidetik kanpo baino. «Zuk ez dakit baina nik nire bidea aurkitu dudala uste dut» diotso poetak bere buruari. Mikel Ibarguren «kaleetan zehar neguko eguzkitan lanera dijoan gizon bakartia» izateaz gain «ezerezaren aitzinean eztitzen den izaki hauskorra da».
Bidea aurkitu duelakoan nago, bete-betean aurkitu ere. Ondo-ondoan ditu bere ni-a, maitea eta herria. Argia aurkitu du. Ihes betean doa, baina inora heltzeko asmorik gabe. Behiala, zorroztearen zorrozteaz, kamusten zitzaizkion hitzak, hitz sotilak bihurtu ditu poetak egun: «Maite zaitut» dioenean «maite zaitut» erran nahi du.
Behinola, Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren karietara idatzi nituenak balio zaizkit Ibarguren poeta definitzeko: «Sarrionandiaren poesiaren ezaugarri behinena, autoreak eguneroko hizkuntzaz izkiriatzeko daukan talentua da. Poemok eguneroko berba arruntez irundako oihalak dira. Ez dira ezeren bandera, bizitzarena baizen. Humanoak dira oso, ziegako zoldaz —eta kaleko lohiaz— izkiriatuak. Bere poesia ez da xedea, mundua eraldatzeko modua baizik».
Bide batez esanda gure meteorologia politikoari (Meteorologia politikoa poema lekuko) eite hartzeko metafora bikaina da. Metaforaz betetako bidea, botila legez: odolaren mintzoa kario ordaintzen da gure bideetan, baina orain gerran ez gaudela ziurtatzeko bakeak egin behar ei ditugu.
Hori guztia badakigu, baina —poetak gaztigatu digunez— mundua ez dago gure zain, gu ei gara letra txikiz mundua idazten duguna. Poetak ulertu du zer den bidez kanpo ibiltzea. Ikasi du saihetsezina dela gureak ez diren beste bideetatik ibiltzea, gure egitekoak saihestezinak diren legez. Alta, aurreratzeko lagungarria litzaiguke arrazoia ere irabaztea.
Poetak xaloki erranak neure egin ditut: inork ez zigun esan erraza izango zenik, baina idazten jarraitzeko arrazoi poetikoak daude oraindik ere. Literatura ez dela literatura ikasi dugu, nola dena denona den eta ezer ez inorena. Ez gara guk uste duguna, besteek gutaz diotena baizik. Balizko porrotak galtzaile egin gaitu, baina ez dugu garaipena iritsi arteko bakerik izango. Gure gogoak ez du itsasorik besteen esperantzentzat, baina badago beste planeta bat, non izarren hautsez egina den. Egunero hasten delako bukatzen da egunero eguna.
Bide batez esanda, zer gehiago eska daiteke?