Imanol Mercero / 2013-10-20 / 406 hitz
- Idazlea eta ilustratzailea: Anthony Browne
- Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni
- Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka
Album ilustratu honen egile Athony Browne ezagutzen baduzu, ez duzu zertan irakurtzen jarraitu, dakienak bai baitaki zeinen aparta den Browne. Hori bai, gogora ezazu Browne zale zaren horrek album hau argitara eman zuen lehengotarikoa dela (kaleratu zuen bigarrena, ezta?), 1977koa, eta bertan Browneren kalitatea garbi antzematen bada ere, gerora hain fina izango duen konta-moldea zabarragoa dela hemen.
Eta gaurkoan lagundu nahi badidazu, utziko dizut esaten Ahotsak parkean (Voices in The Park, 1998) mitikoaren aurrekaria dela lan hau. Bai, denok ezagutzen dugu istorioa: parkera txakurra paseatzera doazen aita-alaba pobreak gurutzatu egiten dira parkera txakurra paseatzera doazen ama-seme dirudunekin. Laurek ekintza berdina egiten dute, baina bakoitzaren bizipena bere nortasunaren bahetik iragazita agertzen zaigu. Bi albumetan berdina da.
Jakina bi albumak ez direla berdin-berdinak, euren artean desberdintasun asko daudela (lasai, aurrerago aipatuko ditugu), baina funtsean bietan mezuak errepikatu egiten dira. Bi lan hauetan gurasoek haurrengan duten eragina azaleratzen da: ama erretxin bati seme ikarati eta koitadua eratortzen zaio, eta etsia hartuta dagoen aita onkoteari, alaba jolasti eta amesbera. Eta ez hori bakarrik, bietan ere pintura surrealistaren teknikez baliatzen da pertsonaien sentimenduak agerian jartzeko.
Oker banabil, zuzendu iezadazu, baina uste dut egile honen aipamen guztietan errepikatzen direla parkeko arbolek erakusten dituzten antzaldaketa surrealistak, batean hanka, bestean elefante tronpa, batean aterki formako burua, bestean kapelarena…
Bai, arrazoi duzu, bi albumak desberdinak dira; hor goian esan dugu 1977ko lan hori Browne hasiberri batek burutu zuela, teknika askorekin baina ez hainbeste punteriarekin.
Eta bai, Ahotsak parkean lanean askoz trebeagoa da Browne baliabide grafikoak erabiltzean, bai marrazkiak eta testuak orrian hartzen duten lekua zein den erabakitzen, bai grafiaren aldaketarekin pertsonaien izaerak azpimarratzen eta baita kolorea baliabide narratibo gisara kudeatzen ere. Hitz gutxitan esanda, album ilustratuaren formatuari bere zuku guztia ateratzen.
A ez, ez duzu ezer berria esaten gogoraraziz denek Ahotsak parkean goraipatu dutela eta Osteratxo bat parkean ahaztu, baina aitortuko didazu hutsegite mortala dela.
Zer arraio, haurrek primeran pasatzen dute muturreraino eramandako surrealismoarekin, tximiniatik platanoa ateratzen dela ikusten edota parkeko zutabearen molduretatik burutxoa agertzen ikusten.
Eta ezaugarri mamitsuagoak ere badaude, ez pentsa. Esaterako, bikain bezain sotila dela iruditzen zait gurasoen aurpegiak karikaturak izatea eta haurrenak, aldiz, marrazketa errealistak, edonork ulertzeko eran iradokitzen duelarik denak pertsona direla, baina haurrak autentikoagoak, herabetasunak portaera gizatiarragoa edukitzen laguntzen dielako. Ez al zaizu iruditzen ñabardura hori galdu egin zuela Ahotsak parkean marraztean?
Zalantza duzula?, bada, hartu bi lanak, aldera itzazu eta hitz egingo dugu…